Irisgarritasun Plan bertikala onartu da

Or, 2016-09-30 13:22

Planaren onarpenaren ondotik, Udalak, gaur bertan, lehen igogailua eraikitzeko diru laguntza eskaera ofiziala egin dio Eusko Jaurlaritzari

Atzoko osoko bilkuran irisgarritasun plan bertikala onartu zen. Udal gobernuak, indarrean dagoen Irisgarritasun Planaren osagarri gisa eskatu zuen eranskin hau. Izan ere, egungo plangintzan ez da irisgarritasun bertikala aurreikusten eta beraz,  berau bermatzeko derrigorrezkoak diren ekintzarik ere ez da jasotzen indarrean dagoen planean.

Eranskin berriak aldiz, kanpo aldeko igogailuk non jarri aztertu eta gutxi hora beherako kostuak ere zein izan daitezkeen jasotzen du. Helburu nagusia da oinezko eta autoen arteko orekak sortzea, irisgarritasuna hobetuko duten aukera ezberdinak indartuz, mugikortasuna eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko.

Lezoko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetze aldera, udal gobernuak, bere programan iragarri zuen moduan, herriko eremu ezberdinetan igogailuak ezartzeko asmoa du. Horretarako, baina, herriaren egituraketari erreparatuta, beharrezkoa zen irisgarritasun bertikalaren azterketa bat egitea.

Indarrean dagoen Irisgarritasun Planaren eranskin berria egin bitartean, gobernuak zenbait bilera egin zituen Eusko Jaurlaritzarekin igogailuak eraikitzeko diru-laguntzak lortzeko. Atzoko osoko bilkuran eranskina onartu, eta gaur bertan, Udalak diru-laguntza eskaera ofiziala egin dio Eusko Jaurlaritzari, ahalik eta azkarren, lehen igogailuaren eraikuntzarekin hasi ahal izateko. Legealdi honetan, gobernuak, igogailu ezberdinak ezarri nahi baditu ere, lehena, kiroldegi ondoan ezarriko litzateke, pasabide eroso baten bidez igerilekuak eta Altamira auzoa lotuz. Pasabide berriak adineko eta mugikortasun urriko pertsonen irisgarritasuna hobetuko luke. 

Produktu ez labaingarria espaloietan
Lezo herri atseginago, seguruago, erosoago eta irisgarriagoa bilakatzeko konpromisoari helduta, Udalak herriko zenbait espaloi produktu ez labaingarriz estaltzeko erabakia hartu du, egun euritsuetan gertatzen diren erorketak eta irristadak ekiditeko.  Horrela, kaleak seguruagoak eta erosoagoak bihurtu dira, bereziki adineko pertsonei dagokienean. Zehazki ondorengo kale eta espaloitan eman da aipatu produktu ez labaingarria: Antonio Pildain, Urdaburu (bakoitiak), Aralar, Frantzisko Gaintza eta Guillermo Lazon kaleko izkina.
 

Arloa edo saila