Kirola, kultura eta musika, asteburuan Lezon

Or, 2021-11-12 13:33

Ekitaldi aniztasuna publiko guztientzat zuzendua.

Ekitaldiz betetako asteburua biziko da berriro Lezon. Kirolean adibidez, Allerru futbol taldeko 3 partida jokatuko dira larunbatean, azaroaren 13an. 11:00, 12:30 eta 16:30etan izango dira Plazeta futbol zelaian.

Larunbatean ere, Munttarpeko kadete emakumezkoek beraien norgehiagoka izango dute 16:15etan, Bekoerrota kiroldegian.

Kultura eta musikari dagokionez, larunbatean, azaroaren 13an, Santa Zeziliako kontzertua eskainiko dute Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleek. Gezala Auditoriumean izango da 12:30ean.

Larunbatean ere, 16:30etan, haurrentzat zuzendua dagoen “Ipuin Herriko Berriak” ikus-entzunezko emanaldia antolatu da Gezalan. Hontz jaunak “Ipuin-Herriko Berriak” egunkaria irakurtzen du goizero. Herriko biztanle guztien ezuste, haserre, esperientzia eta emozioen berri ematen du egunkari honek.

Ondoren, 19:00etan, “Paperezko Hegoak” ikus-entzunezko emanaldia eskainiko da Gezalan. 

Santa Zezilia eta Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko emanaldien artean, igandean, azaroaren 14ean, kalejira antolatu da herriko kaleetan zehar. Musika Eskolako txistulariak egongo dira bertan, 10:00etatik aurrera.

Asteburua bukatzeko, “Amua” izeneko antzerkia egongo da Gezalan, 20:00etan. Komedia sentimental politikoa da.  Anak bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatu ditu Iratiko etxola batetara. Azken asteburu bat, izan zirenaren eta amestu zutenaren izenean. Asko maitatu dute elkar eta maite dute elkar, baina zaila da intimotasun hori partekatzea.

Kantuak eta irudiek arnasa poetikoa eskainiko diote ikusleari, minez, damuz edo ilusioz betea.

Aktoreak Maite Larburu, Manex Fuchs eta Ximun Fuchs dira eta musika Anari eta Maite Larburuk jarriko dute.