Eskola kirolaren baitan, bihar, apirilaren 21ean, Orienteering jarduera berezia egingo da
Eskola kirolean urtean zehar jardunaldi bereziak antolatzen dira zenbait asteburutan. Horietako bat ospatuko da bihar, larunbata. Horrela, benjaminek, hau da, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleek, Orienteering jardueran parte hartu ahal izango dute.
Haurrek iparrorratzaz eta mapaz lagunduta lasterketa kronometratua egingo dute. Ibilbidean zehar aurkitu ditzaketen oztopoak eta probak gainditu eta kontrolguneetatik pasa beharko dira taldeak, tartean kokatutako abilezia frogak modu egokian burutu ondoren.
Hazkuntza eta garapen prozesuan dauden haurrek gaitasun fisikoak zein mentalak praktikan jarri beharko dituzte koordinazio jarduera honetan. Era berean, ibilbidea erabakitzeko ardurak edo zailtasunetan erabakiak hartzeko beharrak norberaren konfiantza eta diziplina garatzen lagunduko diete haurrei.
Asteburu honetakoez gainera, ikasturtea amaitu bitartean antolatuta dauden jardunaldi bereziak honakoak dira:
- Maiatzak 5: triatloia 5. eta 6. mailakoentzat.
- Maiatzak 19: kolpballa 3. mailakoentzat, hockeya 4. mailakoentzat, piraguismoa 5. mailakoentzat eta irristaketa jokoak 6. mailakoentzat.
- Maiatzak 26: piraguismoa 5. mailakoentzat eta futbol partidak 6. mailakoentzat.