Eskola Kirola programa

Eskola kirola, haur eta gazteak kirol jolasetan hasi eta kirola ezagutzeko indarrean dagoen programa da.

Gure herrira ekarrita, Lezoko Eskola Kiroleko Batzordeak du antolaketa eta diseinuaren ardura. Batzorde hau Lezo Herri Eskola eta Lezo Institutuko ordezkariak (programan jarduteko adina duten ikasleak dituzten ikastetxeak Lezon), Hezikuntza Guraso Elkarteko ordezkaria, lezoko eskola kiroleko koordinatzailea eta udaleko ordezkaria osatzen dute.

Eskola kiroleko jarduera, gure herriaren tamaina kontuan izanik, eskualde mailan garatzen da Oarsoaldean eta bertan osatua dagoen batzordeak (lau herrietako ikastetxeetako eta udaletxeetako ordezkariak) erabakitzen ditu urtez urte programaren aplikazioaren ezaugarriak.

Lezoko eskola kiroleko programaren helburua:

- Lezo Herri Eskola eta Institutuko ikasleei kirol hastapen prozesu erakargarri eta integratzailea eskaintzea, non:

  • Jarduera fisiko mota ezberdinak ezagutzen dituzten
  • Kirol modalitate ezberdinak ezagutzen dituzten
  • Kirola eta kirol hastapena ikuspuntu hezitzaile batetik jasotzen duten
  • Ikastetxeek lantzen eta helburu dituzten baloreekin bat egiten duen
  • Bizi ohitura osasuntsuak bultzatzen diren
  • Eskolaume guztiek lekua duten
  • Ikastetxeak D ereduko zentroak izanik, euskararen  erabilpena bermatu eta bultzatzen den
  • Nesken parte-hartzea eskola kirolean edo jarduera aktiboetan bultzatzen den.

Ezaugarriak

a.- Kirol hastapenari dagokionez:

- Kirol-aniztasunean oinarria duen kirol hastapena eskaintzen da Lezon. Programa eskualde mailakoa  izanik, eskualdeko eskola kiroleko mahaian finkatzen da. Bertan jardunaldiak, arauak, arbitraiak, jardueren eta harremanen izaera eta behar denean hartu beharreko neurriak erabakitzen dira.

- Eskualde mailan finkatutako programa jarraituaz, Lezok bere Eskola Kiroleko Batzordetik abiatuz bere lan programa finkatzen du. Antolatutako lanaren ezaugarririk nagusienak hauek izango lirateke:

  • Maila estrukturalean:
    • Organo gorena Eskola Kiroleko Batzordea da. Bertan, Herri Eskola eta Institutuko soinketako irakasleak (ikastetxeetako eskola kiroleko koordinatzaile eta ikastetxeetako ordezkari gisa), Hezikuntza guraso elkarteko ordezkaria, eskola kiroleko koordinatzailea (estrukturak kontratatua) eta Lezoko kirol teknikaria eta eskola kiroleko koordinatzailea biltzen dira.
    • Koordinatzailea eta begiraleak kontratatuak daude.
    • Mailaz mailako (alebinak, benjaminak…) bilerak egiten dira eta urteko plangintza garatzen duen lan mahai finkoa dago.
  • Maila pedagogikoan:
    • Lanaren antolaketa ez da zuzenean modalitateetan oinarritzen (nahiz eta larunbateko saioak egoteak lana maila batean baldintzatzen duen), umeen garapen maila eta joko-jolasen barne estrukturan baizik.
    • Abiapuntua beraz jolasa da; egoera ezberdinen aurrean jasotako bizipenak eta eman beharreko erantzunak, eta egoera hauen antolaketa logikoak eramango gaitu kirol jokoen eremura; transferentzia prozesuen bitartez jokalari ahalik eta “iaioenak” hezteko.
    • Jarduera integratzailea bultzatzen da. Eskolaume guztiek bere lekua aurkitu behar dute eta bere lekua izan behar dute jarduera honetan. Jarduera fisiko ezberdinak proposatzen dira, helburu hezitzaileekin, beti ahal den neurrian integrazioa hori lortu ahal izateko.
    • Saioak motibagarriak izan behar dira beti. Jarduera berez erakargarria da (jolasa). Haurrak bere nortasuna jolasean eratzen du.
    • Arlo  psikosoziala ere kontuan hartzen da. Talde dinamikak bultzatzen saiatzen gara arauak finkatzeko garaian, taldeen kohesioa bilatzen da; indar berezia jarri ohi dugu begirale eta jokalarien jarreretan, bai taldekide, arerio eta epaileekiko eta irabazi-galdu egoeretan.
    • Jarduera osoa euskaraz garatzen da (D ereduko ikastetxe baten ekintza osagarria dugu hau).