Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS), 2021-2024 urte tarterako Kirolean Euskara Sustatzeko Planaren baitan KIROLETIK BAGOAZ EUSKARAZ saria eratu du Kirol munduan gertatzen diren euskararen aldeko praxi eredugarriak ikusarazteko eta prestigioa emateko helburuz.
Lehen edizioan Aritz Olagoi psikologoa izan da saritua. Sarituak izateko hautagaien artean, aipatzekoa da Oarsoaldeko Euskara eta Kirol Mahaia zegoela, azken 25 urtean Eskola Kirola eta kirola, oro har, euskalduntzeko egin duen lanagatik.
Otsailaren 14an, Donostiako Aquariumean egin zen sari emate ekitaldian banatu zituzten aurtengo saria eta diplomak. Gure eskualdearen izenean Oarsoaldearen lehendakari Aizpea Otaegik hartu zuen diploma Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariaren eskutik. Lan-mahaiarekin urtean zehar lanean eskuz esku aritzen diren eskualdeko kirol eta euskara eragileek pozarren hartu dute hautagaitzaren bidez egin zaien aitortza.