Herri Eskolako haurrek Tipi-topa egitasmoan parte hartuko dute, belaunaldien arteko harremanak sustatzea lortu nahi baita. Haurrek eskolan Lezoko udalerriaren inguruan landu dituzten gai desberdinak adineko pertsonekin partekatuko dituzte, eta adineko pertsonek euren bizipenak kontatuko dizkiete haurrei.
Belaunaldien arteko harremanak sustatzeko helburuarekin, Herri Eskolako 3. mailako 18 haurrek parte hartuko dute Tipi-Topako egitasmoan.
Tipi topak helburu du ibilaldi ezberdinen bitartez adineko pertsonen ongizate fisiko zein psikikoa zaindu eta hobetzea. Duela bi urte zahartze aktiboa eta adinekoen ongizatea sustatzeko helburuarekin sortu zen egitasmoak saio berezia ospatuko du ostegun honetan. Joan den astean haurrek harrera egin zieten Tipi-topan parte hartzen duten pertsonei, izan ere, ibilbidea Herri Eskola ondotik igarotzen da. Haurrek irteeraren batean parte hartzeko eskaera egin zieten adinekoi eta eskaera honen ondotik dator aste honetako irteera berezia.
Herri eskolako haurrek gidatuko dute ibilbidea, eta herriari buruz eskolan landu dituzten gai desberdinak adineko pertsonekin partekatuko dituzte. Gauzak horrela, talde txikitan banatuta, eskolan landutako gai ezberdinen berri emango diete parte hartzaileei, hala nola, herriko iturriak, Zubitxo garbitokia… Honela adineko pertsonek ere euren bizipenak haurrekin elkarbanatu ditzaten lortu nahi da, irteera aberasgarria izan dadin bai gazte eta baita helduentzat. Adineko pertsonentzat haurrekin goiza pasatzea atsegina da eta haurrentzat berriz, aberasgarria da oso, adineko pertsonek kontatutako pasadizoetatik asko ikas dezaketelako.
Herri Eskolako haurrek euren aitona-amonak osteguneko irteeran parte hartzera gonbidatu dituzte, beraz, eguraldia lagun bada, jende berria eta ugaria espero da ostegun honetako topaketan. Eguraldi kaxkarra aurreikusi denez, euria egingo balu, datorren asteko ostegunean egingo litzakete saio berezia. Saioak arrakasta izan ezkero, aste-santu ondoren saioa errepikatuko da.