Oarsoaldeko lau udalek aurkeztu dute eta izen-ematea maiatzaren 2an zabalduko da.
Oarsoaldea eskualdeko Errenteriako, Lezoko, Pasaiako eta Oiartzungo Udalek, elkarrekin antolatu eta zabaldu dute UDA 2018 Kirol Kanpaina, zazpigarren urtez jarraian. Kirol eskaintza oparoa aurkezteko prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Oiartzunen udal ordezkariek.
UDA 2018 Kirol Kanpaina lau udalek osatzen duten Eskualdeko Kirol Koordinazio Mahaiak antolatu eta bultzatu du aurreko urteetako arrakasta ikusita. Elkarlan honen helburuak, besteak beste, hauek izan dira: lau udalen baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea eta herritarrei aukera zabalagoa eskaintzea.
Guztira, 35 jarduera baino gehiago eskaintzen dira, 3 eta 16 urte bitarteko haurrentzat. Aurreko urtean bezala helduei zuzendutako jarduerak ere lekua izango dute (16 urtetik gorakoentzat). Besteak beste, ondorengoak dira eskaintzen diren ekintzak: igeriketa, akuafit, nordic walking, kick boxing edo entrenamendu funtzionala.
Izena emateko epea maiatzaren 2an zabalduko da. Jarduera bakoitzari buruzko informazio zehatza eskuratzeko, esku-orrian adierazten diren webgune eta telefonoak erabil daitezke. Era berean, udalerrietako kirol instalazioetan ere ekintzei buruzko informazio zehatzagoa jaso daiteke.
8.500 diptiko
Pasa diren urteetan egin den moduan Oarsoaldeko Udako Kirol Kanpainako eskaintza esku-orri bakarrean jaso da, aurreko urteko formatu berean. Izan ere, askoz ere eraginkorragoa iruditu zaigu informazio guztia modu honetan jasotzea, herritarrek eskaintza guztia begirada bakar batean bistaratzen dutelako. Esku-orrian lau udalerrietan eskaintzen diren jarduerak jaso dira.
Guztira, 8.500 diptiko banatuko dira. Diptikoak eskualdeko ikastetxeetan eta kirol instalazioetan banatuko dira. Halaber, eskaintza horiek guztiak lau Udaletako webguneetan zintzilikatuko dira.
Jarduera aniztasuna
Pasa den udako arrakasta ikusita, aurten ere, Paddel Board jarduera izango da Pasaian eta Nordic Walking Lezon.
Azken urteotan bezala, indarra eman nahi zaie itsasoarekin zerikusia duten jarduerei, eta aurtengo edizio berrian bela, piraguismoa, arrauna eta Paddel Board praktikatu ahal izango dira. Halaber, “zirkoa parkean” izeneko jarduera laugarren urtez egingo da.
Prezioak esku-orrian begiratu daitezke. Halaber, bertan jasotzen dira kirolguneen eta antolatzaileen helbideak eta telefono zenbakiak.
Piraguen alokairua Donibanen
Gogorazten dugu, pasa den urtean bezala, itsaso jarduerak indartzeko apustu garbia egiten jarraitzen dela, eta, horretarako, Pasaiako Udalak Donibaneko kirolgunean piraguen eta Paddel Board-eko tablen alokairu zerbitzua egoten jarraituko da.
Zerbitzuari buruzko informazioa Donibaneko webgunean eskuratu daiteke. Banakako zein binakako piraguak alokatu daitezke, ordu eta erdi, hiru ordu, egun erdia edota egun osorako. Halaber, uda osorako bonua ere egin daiteke. Zentzu honetan, aukera ezin hobea da zerbitzu berri hau, badia eta kostaldea ezagutuz, egun pasa ahaztezinak egiteko.