Abendua eta Gabonak magikoak izango dira aurten ere Lezon

Az, 2022-11-30 11:17

30 ekitaldi baino gehiago antolatuko dira.

Lezoko Udalak abenduko eta Gabonetako egitaraua aurkeztu egin du. Guztira, 30 ekitaldi baino gehiago prestatu dira eta adin guztietara zuzenduak daudenak. Gainera, aurten, azken urteetan ospatu ezin izan diren zenbait ekitaldi antolatzeko aukera dago.

Hortaz, abenduaren 1etik urtarrilaren 5era dantza, musika, kirola eta zinemarekin gozatzeko aukera izango dute lezoarrek.

Nobedadeen artean, Euskal Herriko Musikagilea elkartearen sari banaketa ospatuko da abenduaren 11ean.

Abenduaren 15ean, Kultur Femme programaren barruan, “Mujeres en la industria de la música” solasaldia antolatu da.

Abenduaren 18an Santomas ospatuko da berriro herrian; horregatik, ez dira taloak, edariak eta azoka faltako.

Literatur bonoa

Abenduaren 16tik 23ra bitartean, Euskal Liburu & Disko Azoka egingo da Kultura Aretoan. Aurten ere “Literatur Bonoak” eskuragarri egongo dira. Hau da, Liburu Azokan 20 euroko erosketa egiteagatik, 6 euroko opari bonua eskuratuko dute bezeroek. Helburua, euskaraz idatzitako literatura eta pentsamendu argitalpenak sustatzea izango da.

Beste ekintza askoren artean: Gabonetako kontzertuak, audizioak, San Silvestre haur krosa, elkartasun janari bilketa eta haur zinema izango dira.

Data magikoetan, abenduaren 24 eta 25ean, Olentzero eta Mari Domingi izango dira protagonistak. Urtarrilaren 5ean, ordea, Errege Magoak.

Eta hauen aurretik Pirritx, Porrotx eta Marimotots “Urteak bete, abenturak bizi!” emanaldiarekin. Emanaldi honen sarrerei buruzko informazioa datozen egunetan argitaratuko du udalak.

Egitarau osoa udaleko webgunean, APP-an eta sare sozialetan kontsultatu daiteke.

Arloa edo saila