Antzerki Testu Laburren lehiaketako finala, larunbatean Lezon

Al, 2023-10-02 17:31

6 finalisten lanekin gozatzeko gonbita luzatzen du udalak.

Antzerki festa bikaina ospatuko da herrian asteburuan. Hala, Lezoko I. Antzerki Testu Laburren Lehiaketaren finala urriaren 7an izango da. Ekitaldia Jon Legorburuk (Kultura zinegotziak), Xanti Valek (Kultura teknikaria) eta Agurtzane Intxaurragak (Hika Teatroko zuzendaria) aurkeztu dute gaur goizean.

18 antzerki testu labur jaso ziren guztira eta 6 finalisten lana ikusteko aukera izango dute ikusleek asteburuan. Herri Eskolako Patioan antolatutako festa doakoa izango da, 19:30etatik aurrera.

Jon Legorbururen iritziz, “lehen aldia da Euskal Herri mailan era honetako deialdia egiten dena eta jasotako erantzuna aparta izan da: guztira hemezortzi testu labur jaso ditugu, maila handikoak (lezoar batek parte hartu du). Jende gaztea erakartzeko eta arte eszenikoak barrutik ezagutzeko esperimentua egingo da Lezon larunbatean. Gainera, testu guztietan era batera edo bestera Lezo hitza azaltzen da. Udal bezala, herri txiki bezala, plazerra da horrelako gauza batean asmatu, hor egotea, eta lehenak izatea. Horri garrantzia eman nahi diogu”.

Xanti Valek gaineratu du “egitasmoa udalaren eta Hika Teatro konpainiaren arteko elkarlanetik sortu eta garatu da. Arte eszenikoen jaitsieragatik kezkatuak geunden. Gure programazioan “Txalostean” ekimena sortu ondoren, teloiaren atzean gelditzen den guztia azalera eraman nahi genuen. Hurrengo urratsa lehiaketa hau antolatzea izan zen. Ustekabea izan da 18 testu jasotzea, horien artean euskal antzerkigintzan ezagunak diren izenenak. Prestatutako guztia bol handi batean sartu, nahastu eta entsalada ederra egingo dugu larunbatean Lezon”.

Larunbateko festako xehetasun guztiak Agurtzane Intxaurragak eman ditu: “Festa 19:00etan hasiko da DJ La Bravaren musikarekin. Testuen prestakuntza, ordea, ordu batzuk lehenago hasiko dute aktoreek. 15:30ean elkartuko dira lehen aldiz 3 zuzendariak (Ander Lipus, Maika Etxekopar eta Olatz Beobide) 6 aktoreekin (Eneritz Artetxe, Maryse Urruti, Koldo Olabarri, Idoia Tapia, Kimetz Etxabe eta Raquel Salinas). Hauetako 3 eskarmentudunak dira eta beste hirurak gazteak, antzerki eskoletatik atera berriak. Zuzendari bakoitzari bi aktore egokitu zaizkio, bat eskarmentuduna eta bestea gaztea. Bikote bakoitzak bina testu irakurriko ditu eta ordubete eta 45 minutuko denbora izango dute testua era dramatizatuan lantzeko. Testuak zein aktorek irakurriko duen ez dugu jakinarazi nahi, jolas edo emozio hori azken unera arte mantendu nahi dugulako”.

Une gorena 20:00etan hasiko da, non, sei aktoreek, egokitu zaien testuaren irakurketa dramatizatua egingo dute zuzenean. Idoia Hernandez Hatxe musikariak zuzenekoarekin lagunduko du, testu horien irakurketarentzako musika inprobisatuz. Festa osoa bi aktorek dinamizatuko dute, Miren Gaztañagak eta Xanti Agirrezabalak. 

Atsedenaldia bokatekin

Lehenik hiru irakurketa egingo dira, atsedenaldia, eta gero beste hiru. “Futbol partidetan ohitura da atsedenaldian bokata jatea. Bada larunbatean antzeko zerbait gerta dadila. Jendea etor dadila, kuadrillak, familiak... poltsekin eta bokata eskuan dutela antzerkiaz gozatzera” esan du Agurtzane Intxaurragak.

Publikoa partaide

Testu irabazlea zein den publikoak erabakiko du. “Testu finalistak erabakitzeko ardura profesionalen talde batena izan da, baina ikusleena izango da azken erabakiaren ardura. Partaide guztiek txanpai botila jasoko dute eta testu irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du” azaldu du Intxaurragak.

Ikusleek orritxo bat izango dute, sei lanen izenburuekin eta horietako bat aukeratu beharko dute. Puntu gehien lortzen dituena, irabazle.

“Festa handia izango da larunbatekoa, antzerkiaren zaleentzat, baita arte eszenikoak gutxiago ezagutzen dituztenentzat ere” amaitu du Intxaurragak.

Testu guztiak udaleko webgunean argitaratzen joango dira.

Egileak eta antzerki testuen izenburuak:

1.-”ERGA TIBO PUM” -XABI PAYA

2.-”1.13”-GARAZI URKOLA

3.-”UKONDOA”-OIER GUILLAN

4.-”BEHARREZ EGIN DUT”-HEGOA ALVAREZ

5.-”AMAREN ARROPA ZURIA”-IÑAKI CID

6.-”INTXAURRAK”-AINHOA MARIZKURRENA

Arloa edo saila