Aurten ere Trapujale protagonista Lezoko inauterietan

Og, 2018-02-01 13:07

Urteroko ekimenez gain, aurten, gazteek antolatuta, Zirikuen Kalejira egingo da ostiralean 18:30ean Gurutze Santuaren plazatik abiatuta. Halaber, Lapurdiko haurrak etorriko dira otsailaren 8an Lezoko Inauterien hasiera ikusi eta dantzatzera eta Udalak ongietorri egingo die arratsaldeko 19:00etan.

Gaur goizean aurkeztu du Lezoko Udalak 2018ko Inauterien egitaraua. Aurkezpenean izan dira, Jesus Maria Martiarena alkatea eta Xanti Val kultura teknikaria.

Trapujale protagonista:

Aurten ere Trapujale izango da Lezoko Inauterien protagonista nagusia. Egun gutxi geratzen dira, aurtengo inauteriei hasiera emateko. Otsailaren 8an, ostegunean, lezoarrek ongietorria emango diote Trapujaleri. Lehenik eta behin, Herri Eskolan, arratsaldeko 16:00etan eta ondoren, herriko plazan, 19:30ean, Trapujale Martizkone baserritik jaisten denean. Ez da baina, bakarrik iritsiko, alboan izango baititu alde zaharreko joaldunak eta musika taldeko kideak zein herritarrak.

Musika Eskolako ikasle zein taldeek Trapujaleren jaitsiera ekitaldian parte hartzeaz gain,  ostiralean zirikuen kalejiran eta asteartean epaiketan ere parte hartuko dute, urtero bezala.

Inauterien aurretik, baina, igande honetan, otsailaren 4an, trapukoplak kalejira egingo da, Santa Ageda bezpera ospatzeko, 18:00etatik aurrera Lezoko kaleetan zehar.

Aurtengo berritasunak:

Aurtengo berritasun nagusiena, gazteek antolatutako Zirikuen Kalejira izango da, ostiralean arratsaldeko 18:30ean Gurutze Santuaren plazatik abiatuko dena. Parte hartzeko korri egiteko prest bertaratu beharko da. Halaber, Lapurdiko Lekorne, Mendiondo eta Gerezietako ikastoletako haurrak –bataz beste 45 haur- etorriko dira otsailaren 8an, Lezoko Inauterien hasiera ikustera eta “dantzatzera”; Trapujaleren dantza ikasi baitute. Udalak ongietorria egingo die haurrei arratsaldeko 19:00etan.
Kultur saileko arduradunak eskerrak eman dizkio Jai Batzordeari egindako lanagatik; guztien lanari esker gozatu ahal izango baitute haur, gazte eta helduek Lezoko inauteriez.

Amaitzeko, Udaletik herritarrei ondo pasatzeko eta eguneroko kezkak albo batera utziz, jaiez  gozatzeko gonbita luzatu diete. Beste behin eskatu dute, arduraz eta errespetuz bizitzeko jaiak, eraso sexistarik gabeko jaiak izan daitezen eta jai giroan igaro daitezen inauteriak.

Azkenik, eraso sexisten aurrean herritarrei jarrera aktiboa hartzeko ere eskatu diete eta gogorarazi dute herri honetan ez direla eraso matxistak onartzen.

Egitarau osoa:

Esan bezala, Ostegunzuri egunarekin hasiko dira inauteriak Lezon. Arratsaldeko 16:00etan Lezo Herri Eskolak Trapujaleri harrera eta ongietorria emango dio. 19:30etan berriz, Trapujale Martizkone baserritik jaitsiko da Gurutze Santuaren plazara; jaitsieran bidelagun izango ditu Alde Zaharreko Joaldunak, Tomas Garbizu Lezoko Udaleko Musika Eskolako musikariak eta Trapujale taldeko laguntzaileak. Plazara iristean Inauterietako pregoia irakurriko dute.

Ondoren, 20:00ak aldera, Lezoko “Trapujale” oroigarri bereziaren banaketa egingo da. Aurten Oritzene AEK Euskaltegia omenduko da Gurutze Santuaren plazan.

Ostiralori: gaztetxoak protagonista

Goizeko 9:30ean hasiko da herri osoa zeharkatuko duen Kalejira. Ondoren, Lezo Herri Eskolako eta Institutuko ikasleek “Lanbideak” emanaldia eskainiko dute Bekoerrota kiroldegian.

11:00etan, berriz, Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleek “Trapujale festa” egingo dute Gurutze Santuaren plazan. Ondoren, Euskal-Inauteri dantzen emanaldia egingo da eta hamaiketakoarekin eta Trapu Jolasekin emango zaio festari amaiera.

Arratsaldean, berriz, 17:00etan Sorgin Dantza eta Zirikuen kalejira egingo dute Murixkaren lokaletik abiatuta Gurutze Santuaren plazara arte. 18:15ean, Lezoko Euskal Dantzazaleek “Luzaideko Inauteria” desfilea egingo dute. 18:30ean Zirikuen Kalejira egingo da Gurutze Santuaren plazatik abiatuta. 19:30ean, Euskal Herriko Inauteriak Lezoko Dantzazaleekin Gurutze Santuaren plazan. Ordu berean, Karlos Saldise plazatik abiatuko da Gazte Asanbladaren trikipoteoa. 20:00etan kartelada eta amaitzeko afari herrikoia egingo da kiroldegiko frontoian (txartelak 20eurotan salgai). Afalostean Jaixkipe txarangak emanaldia eskainiko du.

Larunbatgorri eta Igandubel

Kalejirak izango dira asteburuko protagonistak. Larunbatgorri egunean, larunbatean, kalejira egingo da Lopene plazatik abiatuta arratsaldeko 16:00etan eta Gurutze Santuaren plazan amaituko da, txokolatadarekin eta Dj-arekin. (Eguraldi txarra egingo balu, kalejira Saldise Plazatik abiatuko da eta txokolatada kiroldegiko frontoian egingo da).

Igandubelen, berriz, Murixka Dantza taldeak kalejira egingo du 12:00etan, dantza taldearen lokaletik abiatuta Karlos Saldise plazara. Ondoren, 13:00etan, Zirikuen poteo-kalejira egongo da herrian zehar. 16:30ean, haur zinema egongo da Gezalan: “Koko, dragoi txikia”.

Astelehenarre eta asteartebeltz

Astelehenarre egunean, 17:30etan mozorroen festa egingo da Karlos Saldise plazan eta bertan, hiru mozorro onenak sarituko dira. Amaieran, hurbiltzen direnentzat txokolatada  egingo da.

Ohiturari jarraiki, Lezoko Inauteriak Asteartebeltzean amaituko dira. 15:15ean Lezo Herri Eskolako ikasleekin epaiketa txikiaren antzezkizuna egingo da Gurutze Santuaren plazan eta txokolatada ere egingo da. 19:00etatik aurrera, berriz, Trapujaleren epaiketa izango da Gurutze Santuaren plazan eta herio bidaiaren ondoren, Trapujaleri eta inauteriei datorren urtera arte agur esango zaie. 

Arloa edo saila