Bihar iritsiko da Korrika Lezora

Al, 2017-04-03 12:58

Lezoko Udalak euskararen aldeko apustuan 1219. kilometroa erosi du; Patxikune baserritik Irurtzungo biribilgunera artekoa, hain zuzen. Korrika arratsaldeko 17:10 inguruan iritsiko da Lezora eta Udaletik herritarrei euskararen aldeko festa honetan parte hartzeko deia egin diete

Bihar, apirilak 4, iritsiko da Korrika Lezora arratsaldeko 17:10 inguruan.

Lezoko Udalak,  Korrika babesteko eta euskara sustatzeko helburuarekin, kilometro bat erosi du, Patxikune baserritik hasi eta Irurtzunko biribilgunerareko kilometroa, hain zuzen.

Ekimen erraldoi honek helburu du euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. 37 urte pasa dira lehen Korrika ospatu zenetik, eta aurtengoa 20. edizioa da, martxoaren 30ean hasi eta apirilaren 9an amaituko dena. Lekukoa eskuz esku ibilita, ibilbideak 2.000 kilometro baino gehiago egingo ditu, gelditu gabe, Euskal Herriko herrietatik zehar.

Ehunka mila lagunek parte hartu dute aurreko Korrikako ekimenetan, eta parte-hartzaile kopuruak gora egiten du pasatzen den ekimen bakoitzeko. Beraz, aurtengoan ere euskara bultzatzearen, indartzearen eta berreskuratzearen alde lagun gehiagok Korrikan parte hartzea espero da.

Hori dela eta, Udaletik herritarrei parte hartzeko deia egin diete, “Bat zuk” lemapean, guztiok Korrikaren eta euskaren alde egiteko.

Arloa edo saila