“Dudas Razonables”, igandean Gezala Auditoriumean

Or, 2018-05-04 14:23

Maiatzaren 6ko arratsaldeko 20:00etan hasiko da Banarte Antzerki Taldeak eskainiko duen antzezlana. Sarrerak 5 eurotan eskuratu daitezke

Igandean “Dudas Razonables” antzerkia eskainiko du Banarte Antzerki Taldeak Gezala Auditoriumean. Obra honen iturria Reginald Rosek idatzitako Twelve angry men (Doce hombres sin piedad) istorioa da. Antzezlana Rafa Hercek egokitu du eta zuzendari lanetan Javier Liñena izango da, iaz Gezalan eskaini zen eta, gerora, ospea hartu duen “Barro Rojo” antzerkiaren zuzendari bera.

Funtsean, antzezlanak bistako egiten du norberaren bizipenetatik abiatuta egunerokotasunean iritziak emateko daukagun ezintasuna. Hau da, aurreiritziek duten eraginaz doa. Rosek, idazleak, 1950eko hamarkadako AEBetako egoera islatzeaz gain, heriotza zigorra kritikatu zuen. Baina, Abadiñoko Banarte Antzerki Taldeak norbanakoen egoeretan jartzen du arreta.

Eszenografia Javier Obregon durangarrak prestatu du, musika Aitor Coellok sortua da eta jantziak Iolanda Iriondok eginak dira.

Sarrerak 5 eurotan eskuratu daitezke egunean bertan leihatilan edo Internet bitartez: http://bibe.me/entradas-Dudas-Razonables-Gezala-Auditorium-Lezo.

Hona hemen antzerkiaren aurrerapena: https://www.youtube.com/watch?v=7NjLSrtKKsQ

Arloa edo saila