Dultzaineroen topaketa eta Agirretxetarren liburu diskaren aurkezpena bihar Lesoinun

Or, 2018-03-09 11:59

Dultzainaren ondarea biltzen duen liburu-diskoa Soinueneak editatu du Eusko Jaurlaritzaren eta Errezilgo, Irungo, eta Lezoko Udalen babesarekin eta hori dela eta bihar, 12:00etan aurkeztuko da Lezoko Udaletxean

Lesoinuren XXXII. edizioari hasiera emateko dultzainero eta Xirolarru joleen topaketa antolatu da. Urtero Gipuzkoan eta Errioxan ospatu ohi dira topaketak, eta aurten, lehen aldiz, Gipuzkoako topaketa Lezon egingo da. Goizeko 10.30etan kalejira egingo dute eta, horren ostean, 12.00tan “Agirretxetarrak Gipuzkoako Dultzainaren Testigantza” CD-liburuxkaren aurkezpena egingo da Udaletxean, familiako kideen eta dultzainan adituak direnen parte hartzearekin.

Jarraian, 12.30etan, emanaldi kontzertua eta dantzaldia izango da Gurutze Santuaren Plazan eta bertan entzungo den errepertorioa Agirretxetarrena izango dira. Horrela, diskoko doinuak zuzenean entzun eta dantzatu ahal izango dira.

Gipuzkoako dultzainaren testigantza biltzen duen CD-liburuxka hau Soinueneak sortu du, Eusko Jaurlaritzaren eta Lezoko Udalaren laguntza eta babesarekin. Herri musikari buruzko dokumentazio zentro honek urtero lan bat editatzen du eta aurtengoa “Agirretxetarrak Gipuzkoako Dultzainaren Testigantza” izan da; lanerako materiala Euskal Herriko ondaretik eskuratu du. Agirretxe familiak dultzaineroen inguruko lan bat sortzeko asmoa zuen, eta dokumentazio zentroarekin harremanetan jarri ondoren, proiektua Soinuenearen bitartez gauzatu da. Esan bezala, Lezoko Udalak lana egiteko babesa eman dio Soinueneari, baita Errezilgo eta Irungo Udalek eta Eusko Jaurlaritzak ere.

Hori dela eta, bihar udaletxean aurkeztuko da aipatu CD-liburuxka berria. 

Arloa edo saila