Hasi dira kultur lokala eraberritzen

Ar, 2018-01-30 09:15

15 asteko epea izango du enpresa esleipendunak lanak gauzatzeko eta beraz, obrak apirilerako amaituak izatea aurreikusten da. Lanak amaitzean, kultur taldeak lokal berrira lekualdatu ahal izango dira.

Dagoeneko egunak daramatzate Kale Nagusian kokatuta dagoen kultur lokal berria eraberritzen. Hasierako hastapenak baino ez badira ere, jada forma hartzen ari da kultur taldeentzat izango den eremu berria.

NIGURKO enpresak du lokala eraberritzeko ardura, enpresa honi esleitu baitzizkion lanak Udalak 82.506,62 (BEZ barne) euroko aurrekontuarekin.

15 asteko epea izango du enpresa esleipendunak lanak aurrera eramateko. Gauzak horrela, apirilerako lokala erabat berritua eta egokitua egotea aurreikusten da eta beraz, ondoren lekualdatu ahal izango dira taldeak bertara.

Udalak kultur taldeen behar eta eskariak kontuan hartuta garatu duenez proiektua, lokal berriak altuera ezberdinetan kokatutako espazio anitzak izango ditu taldeek bertan entseiatzeko eta materialak gordetzeko aukera izan dezaten. Zoru ezberdinak ere ezarriko dira, taldeen beharren arabera, komunak ere sortuko dira, elektrizitate eta telekomunikazio instalazio osoa berrituko da eta energia eraginkortasunaren alde eginez, Led argiak ezarriko dira. Halaber, leiho berriak jarriko dira eta lokalera sartzeko bi sarrera egokituko dira.

Eremu berri honekin Udalak arte eszenikoekin lotura duten herriko taldeei lanerako eremu egokia eskaini nahi die, haien behar eta eskakizunei erantzunez. Halaber, kale Nagusia berpiztu eta herriko kultur gune ere bilakatu nahi da. Proiektu hau gobernuaren kulturaren eta kultur jardueren aldeko apustuaren baitan kokatzen da, udal gobernuarentzat ezinbestekoa delako tokiko taldeek egiten duten lana eta eskaintzen dituzten jarduerak babestu eta sustatzea herriko taldeek lan izugarria egiten dutelako eta herriaren eta herritarren alde.
 

Arloa edo saila