Hemen dira Mendekosteak 2024

Or, 2024-05-10 14:38

Mikel Arruti alkateak, Jon Legorburu Kultura Zinegotziak eta Xanti Val Kultura teknikariak, Kultur Aretoan eman duten prentsaurrekoan azaldu duten moduan, aurtengo festa programazioa bete-betea dator. Gazte zein helduentzako 32 ekitaldi antolatu dira eta Lezoko alkateak azpimarratu duen moduan, “oso programa herrikoia da, gero eta eragile gehiago direlako edukiak proposatzen parte-hartzen dutenak. Udala oso pozik dago herritarrek izan duten jarrera proaktiboarekin”.

Urtero legez, Portutik iritsiko den Zabarreren etorrerarekin eta pirata txikien pregoiarekin hasiko dira festak. Eta une hori koloretsuago izan dadin, plazaratzen direnak pirataz jantzita etortzeko dei luzatu dute udal agintariek.

Festa giroa pizturik, azpimarratzekoak dira, Jon Legorburu Kultura zinegotziak aipatzen duen moduan, azpibatzordeak proposatu dituen hainbat ekitaldi: Gurutze Santuaren plazan larunbatean egingo den Aiton Bordaren flaskmob-a, Buruhaundi eta Erraldoein kalejira, Herri Kirol talde mistoen arteko lehia, herriko Pilota eskolak prestaturiko jarduera berezia, eta gazteenei zuzenduriko bi kontzertu: Raimundo el Canastero eta Etxepe.

Afari Autokudeatua ere izango da aurten, Xanti Val, kultura teknikariak azaldu  duenez: “Gure festetako ikurretako bat da. Gozamena da, Zabarreren iritsiera eta gero, 500 haur eta gazte baino gehiago bere ogitartekoa eskutan hartu eta plazan festa planak egiten elkarrekin afaltzen ikustea”.

3 egun hauetan festa giroa izan dadin nagusi, funtsezkoa da jaiak errespetuz eta parekotasunez bizitzea eta, halaxe izatea eskatu du Mikel Arruti alkateak: “Dei egiten dugu jai euskaldunak izan daitezen, parekideak, jasangarriak eta, batez ere, eraso matxistarik gabeak”. Horren harira, udalak, bestetan egin duen legez, puntu morea jarriko du Piku kalean eta telefono zenbaki bat (688696204) zabaldu edozein gertaera salatu ahal izateko. Etxez etxe banatzen ari diren Mendekosteak 2024 programarekin batera, zenbaki horren pegatina ere zabalduko da.

Gozatu Mendekosteak!

Arloa edo saila
Etiketak