KILOMETRO LEZO JAIALDIAREN BOSGARREN EDIZIOA BERRIKUNTZEKIN DATOR

Og, 2024-07-04 15:50

Udalerrian barrena mugituko da eta Open Kale sarean sartu da

Aitzol Saizar Viañak eta Xanti Val Zabaletak, hurrenez hurren, Lezoko Udaleko Kultura zinegotzi eta teknikariak, Kilometro Lezo jaialdiaren bosgarren edizioa aurkeztu dute. Guztira, bost ekitaldik osatzen dute abuztuaren 23an hasi eta irailaren 15ean amaituko den programazioa, eta, aurkezpen ekitaldian aurreratu dutenez, “berrikuntza esanguratsuekin dator”. 

Dagoeneko bost urte pasa dira Lezoko Udalak Kilometro Lezo jaialdia lehen aldiz antolatu zuenetik. Pandemia garaia zen, eta, Udalak, bere hondar alea jarri nahi izan zuen “sektoreak eta sortzaileek bizi zituzten une gogorrak arintzeko”. Bost urteren bueltan, jaialdia sendotzen ari da, eta, bosgarren edizioa, bi berrikuntza esanguratsuekin dator.

Lehena, jaialdi ibiltaria bihurtu dela da. Orain arte, emanaldi guztiak Lezo Herri Eskolako patioan egin badira, aurten, lehen aldiz, Lezotik barrena mugituko da, publiko eta espazio berrien lanketan. Herri Eskolako patioak emanaldi bat jasotzen jarraituko du, baina, Lopene plazan, Goiko plazan eta Santo Kristo Basilikaren paretan izango dira beste emanaldiak.

Aitzol Saizar Kultura zinegotziak azaldu du, aldaketarekin, “auzo bizitza sustatu” nahi izan dutela. “Halako emanaldiak jasotzera ohituta ez dauden espazioetara joan nahi dugu, nolabait, eskaintza kulturala herrian barrena zabaltzeko, eta, bide batez, publiko berria erakartzeko. Erronka bat da, emanaldi guztiak espazio bakarrean antolatzea errazagoa delako, baina uste dugu dibertsifikazioaren aldeko apustuarekin guztiok irabaziko dugula”.

Open Kale
Kilometro Lezo jaialdia Open Kale Euskadiko Arteen Jaialdien Sarean sartu da. Hori da, hain zuzen, aurtengo edizioaren bigarren nobedadea. Euskadiko Kale Arteen Jaialdiak biltzen dituen aterki-marka da, eta, 15 jaialdik osatzen dute: Bizkaian, zazpik; Araban, lauk; eta, Gipuzkoan, beste lauk (Kilometro Lezoz gain, Donostia eta Baiona artean antolatzen den Dantza Hirian jaialdiak; Zarautzeko, Kalerkik; eta, Pasaiako Dantza Festibalak).

Zinegotziak nabarmendu duenez, “urrats kualitatibo handia da” Jaialdi-sare erreferente honetan sartzea, “Kilometro Lezo kalean antolatzen diren jaialdien sarean kokatzen duelako, are eta ikusgarritasun handiagoa ematen diolako, publiko gehiago erakartzeko bozgorailu aparta delako, eta, nolabait esateko, gurera ekartzen ditugun sortzaileen lanen kalitatea bermatzen duelako”.

Programazio erakargarria
Goizean aurkeztu berri duten bosgarren edizioa “programazio erakargarriarekin” datorrela nabarmendu du Xanti Val Kultura teknikariak. Bost emanaldik osatzen dute: bi antzerkik, zirko-ikuskizun batek eta bi dantza emanaldik. Lehen ikuskizuna, abuztuaren 23an izango dela iragarri dute, eta, azkena, irailaren 15ean.

Trapu Zaharrak konpainiak inauguratuko du aurtengo jaialdia, ¡Dale Ramón! antzerkiarekin. Lopene plazan izango da, abuztuaren 23an arratsaldeko 20:00etan. Hurrengo egunean, 24an, Lezo Herri Eskolako patioak herriko Orratx! Antzerki Taldearen Ubu errege antzerki-lana jasoko du, iluntzeko 22:00etan. Abuztuaren 30ean, berriz, Alas Circo Teatro taldearen zirko-ikuskizuna dator, 20:00etan Lopene plazan. Hurrengo egunean, 31n, dantza emanaldi berezia jasoko du Santo Kristo Basilikaren paretak, dantza bertikala ikuskizuna, gaueko 23:00etan. Eta, etxeko dantzariek emango diote bosgarren edizioari amaiera, Tio Teronen Semeak; Haurreskolari dantza-saioa eskainiko dute, Goiko plazan, 19:00etatik aurrera.  

Kultura teknikariaren hitzetan, “maila handiko ikuskizunekin eta sortzaileekin gozatzeko aukera izango dugu. Kilometro Lezo filosofiari jarraituz, eta hurbiltasunaren kultura sustatuz,  gure txikitasunetik, ekarpen interesgarria egiten saiatu gara bi zentzuko norabidean; batetik, Euskal Herriko sortzaileei plaza bat eskainiz, eta, bestetik, lezoarrei eta bisitan etorriko diren pertsonei, maila handiko ikuskizunak eskainiz”.
 

Arloa edo saila