“La Zanja” antzerkia, igandean Gezalan

Or, 2018-04-13 15:00

Emanaldia, igandean arratsaldeko 20:00etan Gezala Auditoriumean, Udalak herrian kultura sustatzeko apustuaren baitan kokatzen da. Titzina antzerki taldeak eskainiko duen antzezlana Udaberri Kulturalaren egitarauan barneratuta dago

Honakoan obra handi batekin eskainiko da, abenduan Bartzelonan estreinatua eta martxoan Donostiako DFeria jardunaldietan. Igande honetan, zorionez, Lezon ikusi ahal izango da. Kultur egitarau guztiak balio handia du, izan ere, Udalak ahalegin handia egiten du ahalik eta herritar gehienen gustukoak izango diren jarduerak antolatzeko, eta Titzina konpainiaren emanaldia goi-mailako antzerkia ikusteko aukera izango da.

Lan horren emaitza da asteburu honetan Titzina antzerki taldea Lezon izatea, igandean arratsaldeko 20:00etan Gezala Auditoriumean. Antzerki munduan Titzinak marka propioa du, batzuk “sello titziana” deritzotena. Testu luzeak eta ederrak dira beti, ironiaren jolasak tartea du eta ikuslearengan galderak sortzeko duen gaitasunak famatu handia du.

Konpainia katalanak 16 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du “Folie à deux. Sueños de psiquiátrico”, “Entrañas”, “Exitus” edota “Distancia siete minutos” bezalako obrekin; eta oraingo honetan “La zanja” antzezlana eskainiko du.

Lan honetan, Miquel, meatzeen sektoreko multinazional bateko teknikaria, konpainiak Hego Amerikan duen ustiapen batera iritsi da. Alfredo, alkatea, eta komunitatea zain ditu. Orduan, bi mundu eta bizitza ulertzeko bi modu parez pare aurkitzen dira. Meatzea ezartzearen ondorioek, aukerek eta handinahiek herriaren etorkizuna eta herritarren arteko harremanak baldin¬tzatuko dituzte.

Ikerketa eta kazetaritza antropologikoko lanaren emaitza da hau. Pizarro aurkitzailearen eta Atahualpa azken errege inkaren arteko topaketaren kronikak ditu oinarri, eta mendebaldeko multinazionalen eta Peruko komunitate natiboen arteko meatze gatazkak abiapuntutzat hartuta, kultura sustrai eta arbasoei buruz hitz egingo digute, Amerika eta Europa arteko harremanari buruz. Umore eta zirraraz betetako trama dinamikoa da, eta gizakiengandik nabarmendu beharrekoa taularatzen du ikuspuntu komiko eta ironikotik, baina finean oso tragikoa da.

Obraren bideo-promoa: https://www.youtube.com/watch?v=LqvXx6N-qCw&feature=youtu.be
 

Arloa edo saila