Lezoko antzerki testu laburren lehenengo lehiaketa

Or, 2023-07-14 08:44

Parte hartzeko epea irailaren 14an amaituko da.

Antzerki testu laburren 1go lehiaketa jarri nahi du martxan HIKA Teatroak Lezoko Udalarekin batera.

Proiektu hau HIKA Teatroa Lezoko herrian garatzen ari den Txalostean izeneko bitartekaritza, sentsibilizazio eta publiko berriak sortzeko programaren barnean kokatuta dago eta, besteak beste, gazteak jai giroan eta modu parte hartzailean arte eszenikoetara erakartzea eta hurbiltzea du helburu.

Batik bat euskal dramaturgo edo idazle gazteei zuzendutako dramaturgia lehiaketa jarri nahi dugu martxan. Lehiaketara aurkeztuko diren piezetatik guztira 6 aukeratuko dira, horietatik 2 gutxienez 35 urte baino gutxiago duten dramaturgoenak izatea balioetsiko da. Hizkuntza aldetik, 4 gutxienez euskaraz izan beharko dira eta generoari dagokionez, parekidetasuna ziurtatutako da.

6 pieza labur hauek, bigarren fase baten lehiatuko dira, IRAKURKETA DRAMATIZATU moduan, urriaren 7an ospatuko den kale jaialdian. Horretarako 6 aktoreen (3 profesional eta 3 herri mailako antzerki taldekide edo interpretazio eskoletako ikasle) eta 3 zuzendari profesionalen partaidetza izango dugu irakurketa dramatizatuak prestatu eta festa giroan publikoaren aurrean eskaintzeko. Testu irabazlea, publikoak berak erabakiko du zuzeneko bozkarekin.

PUBLIKO BERRIAK SUSTATU ETA GAZTEAK ERAKARRI

Lehiaketa hau publiko orokorrari eta zehazki gazteei zuzendua dago, hauen artean arte eszenikoak sustatzeko asmoarekin. Ekintza honekin gazteriaren artean arte eszenikoen ekitaldietara joateko ohitura bultzatu nahi da, eta, aldi berean, haien sortzaile gaitasuna erdigunean jarri.

Horrez gain, Euskal Kultura, euskara eta zehazki euskal antzerkia ikusarazi eta bultzatu nahi dira haiekin eta haien artean; sortzaileak, ikusle aktiboak, sektoreko profesionalak edota festa zale amorratuak erdigunean jarrita.

LEHIAKETAREN OINARRIAK:

Eremu geografikoa: Deialdi honetara euskararen eremu geografikoko dramaturgo, idazle edo idaztea gustukoa duen edozein hiritar aurkeztu daiteke. Euskal eremu geografikoaz ari garenean Euskal Erkidegoaz, Nafarroako Foru komunitateaz eta Euskal Hirigune Elkargoaz ari gara.

Epeak: Deialdiaren epea, gaurtik irailaren 14ko eguerdiko 14:00etara luzatuko da. Hortik aurrera ez da testu gehiagorik jasoko. Testuak PDF formatuan posta elektroniko honetara bidali beharko dira: mdimalta@lezo.eus. Testuarekin batera 8-10 lerroko sinopsia bidali beharko da eta baita pertsonaiei buruzko 3 lerroko azalpena. Horrez gain, idazlearen nortasun agiriaren kopia eskatzen da.

Luzera: Gehienez 15 minutuko antzerki testu laburrak izango dira eta gutxienez 10 minututakoak. Estiloa: Antzezlanak komedia/ absurdoa/ tragikomedia estiloen barne kokatuko dira. Pertsonaiak: Gehienez 2

Gaia: Gaia librea da. Pieza guztietan, ordea, pertsonaia protagonista GAZTE bat izango da. Horrez gain, Lezoko herriak ere, modu librean, traman agertu beharko du.

Ebazpena: 6 dramaturgo finalisten izenak irailaren 27an argitaratuko dira. Egun berean iragarriko dira ere urriaren 7ko lehiaketan parte hartuko duten 3 zuzendari profesionalen izenak eta 6 aktoreenak (3 profesional eta 3 amateur)

Lehiaketa: Mikroteatro testu hauen irakurketa dramatizatua urriaren 7an egingo da Lezon, kalean ospatuko den festa handian. Testu irabazlea bertan hautatuko da.

Saria: Sari bakarra izango da, 1.000 eurokoa. Eta erabakia publikoak hartuko du jakin gabe testu bakoitza zein dramaturgori dagokion eta zein zuzendarik zuzendu duen. Testu irabazlea zein den jakin ostean, orduan bakarrik emango da informazio guztia.

Testuak ikusgai: Jaialdiaren ostean, egileak oztoporik izan ezean, irakurketan parte hartutako sei testuak ikusgai izango dira Lezoko Udalaren webgunean; astero bat, nahi duen orok irakurri ahal izateko.

Arloa edo saila