LEZOKO III. ANTZERKI TESTU LABURREN LEHIAKETAKO 6 FINALISTAK AUKERATU DITUZTE

Or, 2025-09-19 14:51

Gaur iragarri ditu Lezoko III. Antzerki Testu Laburren Lehiaketako 6 dramaturgo finalisten izenak. Finala urriaren 4an izango da Lezo Herri Eskolako patioan.

11 antzerki testuk hartu dute parte guztira, eta gaur, epai mahaiko kide diren Mireia Gabilondo (Aktorea, zuzendaria eta gidoigilea), Mikele Urroz (aktorea eta sortzailea) eta Agurtzane Intxaurraga (zuzendaria eta dramaturgoa) bildu ondoren, elkarren artean lehiatuko diren  6 antzerki testuak aukeratu dituzte.  

Aukeraketa egiterakoan kontuan hartutakoak hauxek izan dira:  testuen kalitatea (hizkuntzaren erabilera, pertsonaien eta istorioen garapena, erritmoa); egileen arteko parekidetasuna (3 emakumezko, 3 gizonezko), eta azkenik, adina (bik 35 urte baino gutxiagokoak izan behar dute). 

Hauek izango dira urriaren 4an PARTIDAN lehiatuko diren egileak:

  • ENERITZ ARTETXE ARANAZ
  • MARCOS GOIKOLEA UNZALU
  • XABIN FERNANDEZ ZUBELDIA
  • GOIZ EDER ITURAIN ARAMENDI
  • JURGI SARASOLA ARTOLA
  • IDOIA GARZES ALDAZABAL

URRIAREN 4AN IRAKURKETA DRAMATIZATUEN arteko LEHIA- KALE FESTA 

Sei antzerki testu laburrak Urriaren 4an Lezon ospatuko den arte eszenikoen festan lehiatuko dira. Testu bakoitzaren irakurketa dramatizatua egingo da Euskal Herriko hiru zuzendari handi eta sei aktoreren eskutik. 
Festan parte hartuko duten profesionalen zerrenda luzea da. Hau osatzeko kontutan hartu  da Euskal Herri osoko profesionalen partaidetza, genero parekidetasuna eta  gazte sortzaileen presentzia. Musikaz eta kulturaz betetako eguna izango da, eta testu irabazlea publikoaren bozkarekin erabakiko da. 
 

Arloa edo saila