Markeliñe antzerki taldea: "Guretzak oso pozgarria da gure lana betetzen eta erakusten jarraitu ahal izatea"

Og, 2020-08-20 16:50

Ostiralean, Kilometro Lezo kultur agendaren baitan, Markeliñe antzerki taldeak Crusoe antzezlana eskainiko du. Horren harira, taldekideekin hitz egiteko aukera izan dugu, bai obraren inguruan zein egungo egoerak kultur sektorean izan duen eraginaz ere. Hemen elkarrizketa. 

  • Ostiralean, abuztuak 21, Crusoe antzezlana eskainiko duzue Lezon. Zer ikusi ahal izango dugu obra horrekin?

Crusoeren istorioaren bertsio berezi eta moderno bat ikusi ahal izango duzue, Markeliñeren ukituarekin. Izan ere, gure antzerki taldeak antzerki gestuala jorratzen du, oso bisuala eta poetikoa. Umore puntu asko ditu, baina aldi berean sentimenduzko momentu hunkigarriak ere eskaintzen ditu.

Crusoek bidaia luze bat egiten du eta uharte batera iristen da, baina ez da hala-nolako uhartea; gizakiak bere zama guztiekin sortutako uhartea da eta bertan urte asko pasa beharko ditu, beraz, guk, bere egunerokotasun horretan bizitakoak erakutsiko ditugu, betiere, lehen esan bezala, Markeliñeren ukituarekin: objektuen manipulazioa, eraldaketa, sorpresa momentuak…

Antzerki gestuala izanik, aktoreen lana oso indartsua da. Hiru aktore soilik egongo dira antzezten, baina laugarren pertsona bat dugu gurekin, musika joz, antzerkiaren “banda sonora” eskainiz, alegia.

Otsailean, pandemia gurera heldu aurretik, antzerki arloko “Feten” saria jaso genuen antzezlaneko musika horri esker.  Izan ere, laugarren kide honek ez ditu soilik instrumentuak jotzen, objektu desberdinen zarata ere egiten du eta oso interesgarria eta polita da oholtza gainean gertatzen ari denari berak musika nola jartzen dion ikustea.

Azken batean, ostiralean eskainiko dugun antzezlana oso obra polita eta dibertigarria da, ordubeteko saioan momentuko egoera pixka bat ahaztu eta barre egiteko saio, alegia, beraz, guztiak gonbidatzen ditugu antzezlana ikusi eta momentu on bat pasatzera etor daitezen.

  • Kulturarentzako garai gogor hauetan, horrelako emanaldia eskaintzeko aukera izateak zer suposatzen du zuentzat?

Pandemiak guztiz kolpatu gintuen momentuan, martxoan, alegia, bertan behera utzi behar izan genituen esku-artean genituen ekitaldi guztiak. Momentu horretan, gainera, proiekzio handiko obra berri bat estreinatzekotan geunden, eta bat-batean guztia gelditu eta bertan behera utzi behar izateak nahiko ilun irudikatu zuen gure etorkizuna.

Baina kulturak jenderentzat irtenbide bat izaten jarraitu zuen etxean egonda ere, eta itxialdian ahal genuena egiten ibili ginen internet bitartez ere, baina hori ez da nahikoa. Etorkizuna zen kultur eragileen beldur nagusia.  

Horregatik, bereziki egoera honen aurrean kulturarekiko inplikazioa azaldu duten udal eta erakundeei eskerrak ematen dizkiegu, ez soilik antzerki arloari laguntzeagatik, kulturaren alde apustu egiteagatik baizik, kultura zerbait garrantzitsua bezala ikusteagatik eta lan edota diru gehiago suposatu arren, kultur ekintzak antolatzen jarraitzeagatik.

Bide horretan, Lezoko Udalari, noski, eskerrak ematen dizkiogu eskainitako aukera honengatik. Guretzat flotagailu moduko bat izan da; orain hainbat saio ditugu programatuta eta horrek gure lana eta gure obra eskaintzeko aukera ematen digu, baita jendea alaitzeko eta, COVID-19ak gure artean jarraitzen duen arren, nolabait bizitzak aurrera egiten jarraitzen duela erakusteko ere. Guretzak oso pozgarria da gure lana betetzen eta erakusten jarraitu ahal izatea.

Gure aldetik, hainbat moldaketa egin ditugu emanaldi seguruak eskaintzeko.  Horretarako hainbat gauza aldatu behar izan ditugu. Izan ere, gure obrak, kaleko obrak izanik, ikuslegoarekin interakzio handia zuten obrak ziren, hau da, ikuslegoaren parte-hartzea eskatzen genuen, baina orain, momentu edo pasarte horiek guztiak moldatu egin ditugu, segurtasun distantzia eta neurri guztiak bermatzeko.

Argi dago egoera berri honetara moldatu egin behar dugula eta guztiok elkarrekin lortuko dugu.

Arloa edo saila