Udala kultur taldeekin elkarlanean lantzen ari da lokal berria egokitzeko proiektua

Al, 2017-10-02 13:55

Udala joan den astean elkartu zen lokal kultural berrian kokatuko diren kultur taldeekin proiektua haien beharretara egokitzeko. Gune berri honen bitartez Udalak herriko taldeen beharrak asetu eta entsegurako eta almazenerako aproposagoa den leku bat eskaini nahi die.

Duela hilabete batzuk Udalak ekipamendu kulturalerako lokal berri bat eskuratu zuen Kale Nagusian, udal liburutegiaren parean, arte eszenikoekin lotura duten herriko taldeek erabili eta goza dezaten. Lokal berri hau eskuratuta gobernu taldeak Lezoko talde kulturalen behar eta eskakizunei erantzun nahi izan die. Izan ere, herriko zenbait taldek urteak zeramaten euren jarduerarako lokal egokiago bat eskatuz, eta eskaera horiei erantzuteko erosi du lokala Udalak.

Udal gobernuak azaldu duen bezala, “kultur jardun handia dagoen udalerria da Lezo eta lezoarrak kultura modu ugaritan kontsumitzeko eta gozatzeko ohitura dute. Udazkeneko kultur egitaraua, gustu guztietarako jarduerez gainezka dagoena, horren adibide garbia da. Hori dela eta, Udaletik Lezoko kultura eta kultur jarduna babestu eta bultzatu behar dugu gure nortasun ezaugarri bezala, eta argia da kulturaren aldeko gure apustua.

Ekaina erdialdera talde kulturalek egokitze obrak behar dituen lokal berria bisitatu zuten. Horregatik, Udala lokal berrira lekualdatuko diren taldeekin elkartu da lantzen ari diren proiektua beren beharretarako egokitzeko.

Horrela, Udala taldeen behar eta eskakizunei erantzuna emanez ari da lantzen proiektua eta egokitze-obrak proiektuaren lanketa amaitzean hasiko dira.

Lokal berri hau eskuratuta, taldeen behar eta eskakizunei erantzuna emateaz gain, horien arteko sinergiak sustatu nahi dira eta, bide batez, kaleari bizitasuna eman nahi zaio gune kultural berri honen sorrerarekin, izan ere, liburutegia ere bertan kokatuta dago.

 

Arloa edo saila