Antzerki festa bikaina ospatu zen larunbatean herrian.
Antzerkia izan da Lezon protagonista asteburuan. Larunbat arratsalde-gauean, Herri Eskolako patioa bete egin zen Lezoko 1.go Antzerki Testu Laburren Lehiaketaren finalisten arteko partida ikusteko. 300 pertsona inguru bertaratu ziren 6 finalisten lanekin gozatzeko helburuarekin.
Ekitaldian Mikel Arruti (Lezoko alkatea), Aitzol Saizar eta Jon Legorburu (Kultura zinegotziak), Aitziber Atorrasagasti (Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria) eta Agurtzane Intxaurraga (Hika Teatroaren zuzendaria) izan ziren.
Lehen aldia zen Euskal Herri mailan era honetako deialdia egiten zena, eta “esperimentua” bikaina izan zen. Familia eta kuadrilla ugari bertaratu ziren eta publikoaren artean gazteek izan zuten protagonismo handiena. Lehiaketa honek,antzerkiaren artea ikusarazi eta gazteengana iristeko helburu zuela gogorarazi nahi da, besteak beste.
DJ Bravaren musikarekin hasi zen antzerki festa. Ondoren, era desberdinetako antzezlanekin gozatu zuen publikoak. Ariketaren baldintzetako bat, antzerki testuetan ‘Lezo’ hitza azaltzea zen. Lehendabiziko 3 antzezlanen ondoren, ogitartekoa jateko aukera izan zuten ikusleek. Jarraian, beste hiru lan antzeztu zirelarik.
Hiru zuzendarien (Ander Lipus, Maika Etxekopar eta Olatz Beobide) eta 6 aktoreen (Eneritz Artetxe, Maryse Urruti, Koldo Olabarri, Idoia Tapia, Kimetz Etxabe eta Raquel Salinas) lana bikaina izan zen, publikoak izugarri gozatu zuen haiek erakutsi zuten profesionaltasunarekin. Irakurketa dramatizatuak zinez bikainak izan ziren, erregistro eta kolore handiko pertsonaiak antzeztuz.
Idoia Hernandez “Hatxe” musikaria arduratu zen testuinguru musikala sortzen, testu bakoitzaren irakurketarentzako musika inprobisatuz. Eta azkenik, Miren Gaztañaga eta Xanti Agirrezabala aktoreak aritu ziren aurkezle lanetan ekitaldiari erritmoa eta distira eskainiz.
Gailurra 23:30ak aldera iritsi zen, aktoreen lekukoa ikusleek jaso zutenean. Beraiek erabaki zuten bozkaz zein izango zen txapelduna. Orritxo batean, konfidentzialtasun osoarekin, gustukoen zuten lana hautatu zuten. 6 testuek jaso zituzten bozkak , baina Xabier Payaren lana izan zen bozkatuena, adostasun handiarekin gainera. Partaide guztiek txanpain botila bana jaso zuten eta txapeldunak 1.000 euroko saria jaso zuen Mikel Arrutiren eskutik.
Irabazlea pozik azaldu zen esperientzia eta sariarekin: “hasieratik oso koktel erakargarriaren itxura izan du Lezoko Antzerki Testu Lehiaketak: sortzeko aukera, taularatzea, inprobisazioa, zozketa, lehia, musika, Euskal Herriko zuzendari eta antzezle ezagunak, eta publikoa epaile, besteak beste. Bertaratutako guztiok izan genuen zerbait berriaren parte izatearen zaporea, eta niretzat saria irabaztea koktel gaineko ginda goxoa izan da gainera!”.
Testu guztiak udaleko eta Hika teatroaren webgunean argitaratuko dira. Lehendabizi Xabier Payarena eta hurrengoak alfabetikoki; astero bat.
Lortutako arrakastaren ondoren, Lezoko Udala eta Hika Teatro konpainia, bigarren edizioa antolatzen hasi dira dagoeneko.
Egileak eta antzerki testuen izenburuak:
- "Erga Tibo Pum” – Paya, Xabi – Irabazlea
- "Beharrez Egin Dut”- Alvarez, Hegoa
- “Amaren Arropa Zuria”- Cid, Iñaki
- ”Ukondoa”- Guillan, Oier
- “Intxaurrak”- Marizkurrena, Ainhoa
- “1.13”- Urkola, Garazi
Argazki guztien egilea: Aura Erro