Lezoko Udalaren ibilbidea

Lezoko Udalak 2006ko apirilean onartu zuen herriko garapen iraunkorraren aldeko I. Ekintza-plana eta, orduz geroztik, ekintza ezberdinak eraman ditu aurrera arlo ezberdinetan (natura-ondarearen lehengoratzea eta kontserbazioa, hondakinen gaikako bilketa, Eskolako Agenda 21 hezkuntza-programa herriko ikastetxeetan martxan jartzea, …). 2006 urtean onartutako plangintza haren indarraldia agortuta, 2020 urtearen hasieran, Lezoko Udalak mundu mailan onartutako 2030 Agenda Lezoko errealitatera egokitzeko gogoeta prozesua abiarazi zuen, bere 2030 Agenda izateko erabakia hartuz.  

Lehenik eta behin, Lezoar guztion bizi-kalitatea hobetzera zuzendutako metodologia adostu zuten udal arduradunek. Ondoren, abiapuntuko egoera zein den finkatzeko unea heldu zen. Horretarako, herriaren errealitatea zer nolakoa den aztertu beharra dagoenez, Lezoko iraunkortasunari buruzko alderdi ezberdinak deskribatzen dituen dokumentuaren (diagnosia deritzona) idazketa osatu du Udalak. Diagnosiak Lezoko ondorengo gaiei buruzko informazio esanguratsua barneratzen du:

  • Lurraldea eta hiri-antolamendua
  • Natura-ondarea eta paisaia
  • Mugikortasuna eta garraioa
  • Ura
  • Energia
  • Hondakinak
  • Ingurumen Kalitatea (atmosfera, lurzorua, zarata)
  • Ingurumen arriskuak eta ingurumen kudeaketa
  • Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdea
  • Biztanleria
  • Garapen ekonomikoa
  • Gizarte ongizatea
  • Gazteria
  • Berdintasuna
  • Etxebizitza
  • Hezkuntza, Euskara, Kultura eta Kirola
  • Komunikazioa, sentsibilizazioa eta herritarren partaidetza
  • 2030 Agendaren kudeaketa udalaren barne-antolaketan

Diagnostikoak ere bertsio laburtuagoa du eta, bertan, goian adierazitako gaien ondorio nagusiak jasotzen dira zein, 2030 urtera begira, Lezoko herriak aurrean dituen erronkak, helburuak eta lehentasunezko alderdiak. Honi esker antzemango ditu Udalak herriak gaur egun dituen behar nagusiak eta behar horiek asetzeko martxan jarri beharko dituen proiektuak, ekintzak, neurri zehatzak eta abar. Aipatutako erronka, helburu eta ekintza guztiak herriko garapen iraunkorraren aldeko Lezo 2030 Plan Estrategikoan barneratuko dira.