Muittulezoren baitan, jarduera fisikoa sustatzeko zerbitzu berria

Og, 2016-10-20 11:35

Muittulezo estrategiak Lezoko herritarren artean bizitza aktibo eta osasuntsuagoa sustatzea du helburu. Estrategia honen baitan jada TipiTopa moduko jarduerak jarri dira martxan eta aurrerantzean martxan jarriko diren ekimenak ere Muittulezoren pean kokatu dira, hala nola, “Jarduera fisikoa eta kirolaren orientazio zerbitzua”. Orientazio zerbitzu hau jarduera fisikorik egiten ez duten pertsonei zuzendua dago eta beren behar eta zaletasunei egokitutako planak eskainiko ditu.

Lezoko Udalak, Muittulezo estrategiaren eta horren aplikazioaren adibidea den “Lezoko Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Orientazio Zerbitzua” aurkeztu ditu gaur. Aurkezpenean hitza hartu dute Jesus Maria Martiarena alkateak; Irlentz Ortega Lezoko Udaleko Kirol zinegotziak; Mikel Abasolo Jauregi, Bidasoako Osasun Publikoko eskualdeko koordinatzaileak, Aitor Thalamas Atienza, Lezoko lehen mailako arretaren unitate buruak eta Unai Benedited orientazio zerbitzuaren arduradunak. 
Muittulezo, lezoko herritarrak bizitza aktiboago eta osasuntsuagoa izan dezaten bultzatu nahi duen estrategia da.  Estrategia honen baitan daude kokatuak azken bi urteetan martxan jarritako eta datozen urteetan martxan jarriko diren ekintza guztiak. “Estrategia hau aurrera eramateko, sarean aritu gara lanean eta ibilbide honetan Udalak bidelagun izan ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Osakidetza” azaldu du Irlentz Ortega kirol zinegotziak. Etapa berri honetan, Hezkuntza komunitateak bat egingo du estrategiarekin. Hori horrela, aipatu lauek osatzen dute Muittlezo estrategia aurrera eramateko eta sustatzeko talde eragilea.  
Bestalde, estrategia honen izena edo leloa eta irudia herritarren artean eginiko galdeketa batean aukeratuak izan ziren, eta irudi eta lelo horiek erabiliko dira aurrerantzean aipatutako helburua (bizitza aktibo eta osasuntsua sustatzea) lortzera bideratutako edozein ekintzetan. Herritarrek martxan jartzen den edozein ekintza modu errazean Muittulezo estrategiarekin identifikatzea da xedea.
Arlo ezberdinetako entitateen elkarlana ezinbestekotzat jo dute Osasun sailetik esparru ezberdinetan aurrera egiteko, are gehiago pertsonen ongizateari dagokionean. “Badakigu zenbaterainoko garrantzia duen, gure ongizaterako, ohitura aktiboak sustatzeak. Hori dela eta, zahartzaro aktiboa eta osasungarria sustatzeko, elkarlanean hasi ginen aipatutako entitateok 2014. urtean. Eta ia hiru urteko ibilbidearen ondoren, Osasun Sailaren izenean esan dezakegu oso positiboa izan dela jarduna” adierazi du Mikel Abasolok.  Zahartzaro aktiboa sustatzeko mahaiak eginiko ekintzek (erorketak saihesteko tailerrak, Tipi-topa, sentsibilizazio gutunak…) zeharo arrakastatsuak izan dira, horregatik, aurrerantzean ere, sarean garatutako lan-ildo berari eusteko apustua berretsi dute. 
Osakidetzak, eta zehazki osasun zentroek, eginiko ibilbide emankorraz gain, aurrera begirako erronka sortez ere hitz egin dute, martxan jarri berri den zerbitzuaz, hain zuzen. “Jarduera fisikoa eta kirolaren orientazio zerbitzua”  sortu izana garrantzi handiko aurrera pausoa dela esan dute, beste entitate batekin, Udala kasu, deribazio protokolo bat adostea lortu delako. Ondorioz, jarduera fisikoa agintzen denean, herritarrek preskripzio egokia jasoko dute eta kasu bakoitzari jarraipena ere egingo zaio. Era berean, talde eragileak ekintzen jarraipena egingo du helburuak betetzen ari diren hala ez ziurtatzeko eta beharrezkoa den kasuetan ekimenak egokitu edota berriak martxan jarriko ditu.   
Jarduera fisikorik egiten ez duten herritarrei zuzenduriko zerbitzua da “Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Orientazio Zerbitzua”. Aiton Bordan egongo da orientazio-gunea eta doako zerbitzua izango da. Herritarra bere kabuz joan daiteke bulegora edo osasun zentrotik, gizarte zerbitzuetatik edo ikastetxeetatik bideratuko dituzte. Osasun-zentroan errezetak banatuko dira, gaixo bati jarduera fisikoa egiteko gomendioa eman nahi zaionean. 
Bulegoan, deribatutako edo bertaratutako pertsonen fitxa egingo da, eta haien beharren, patologien eta gustuen araberako jarduera fisikoa aginduko da. “Batzuetan bertan diseinatuko da egin beharrekoa; beste batzuetan, berriz, herrian edo eskualdean dauden baliabideetara joko da. Zerbitzuak bi indargune ditu, besteak beste: norbanakoari jarraipen pertsonalizatua egiten zaio eta osasun-zerbitzuekin etengabe harremanetan egoten da. Gunea astearteetan 9:30etik 11:30era, asteazkenetan 17:30etik 19:30era eta ostegunetan 9:00etatik 10:30era irekiko da. 
 
Arloa edo saila