2004.eko Urriaren 6ekoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2004ko urriaren 6an, 8:30etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Kepa Garbizu Azkue alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Iñake Urrestarazu Azurmendi (EA taldea), Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin (PSE taldea), Jesus Maria Martiarena Jaka (EAJ taldea), Aroia Goienetxea Egibar (EAJ taldea), Aitor Mimendia Artuzamonoa (EAJ taldea), Enrique Figueroa Laboa (EAJ taldea), eta Maria Luz Anglada Gonzalez (PP taldea).

Ez dira bilkurara etorri Aitor Ocerin Ibañez (EA taldea), Isabel López Aulestia (IU-EB taldea) ezta Ainhoa Villanua Ayuela (PSE taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Patxi Apalategi aritu da itzultzaile lanetan.

1.- Egoki irudituz gero, ekainaren 2an eta 30ean egindako osoko bilkuretako aktak onartzea.

Ekainaren 2ko erdarazko aktaren 310818 orrian zuzenketa bi proposatu ditu Mikel Antxon Arrizabalagak: lehenengo lerroaldeko azken lerroko esaldi honen ordez “ y listas que no solo no condenan la violencia sino que adoptan posiciones más graves” beste hau esan behar omen du “y listas que no solo no condenan la violencia sino que adoptan conductas más graves”.

Hirugarren lerroaldeko azken lerroko esaldiaren ordez “y con la reivindicación de participación en la vida pública de partidos políticos que hacen más que ayudar a partidos armados” beste hau behar omen du “y con la reivindicación de participación en la vida pública de partidos políticos que hacen más que ayudar a organizaciones armadas”

Bi aldaketa horiek ontzat eman ditu osoko bilkurak eta beste aldaketarik gabe akta onartu eta sinatu egiten dute zinegotziek.

Ekainaren 30eko akta inongo zuzenketarik gabe onartu eta sinatu egin dute zinegotziek.

Pedro Etxarri, udal kontu-hartzailea, ere bilkurara etorri da, Mikel Antxon Arrizabalaga zinegotziak alkateari hala eskatu ondoren, gaurko bilkuran gai ekonomikoak eztabaidatuko direnaren aitzakiapean.

Jendartetik Aitor Sarasolak galdetu du ea gaurko bilkurak aztertuko duen Lezoren Alde Herri Plataformak atzo udal erregistroan aurkeztutako mozioa, Udalbiltzari buruzkoa. Alkateak dio bilkuran dauden talde politikoren batek aurkeztu ezean ez dela eztabaidatuko. Aitor Sarasolak dio eskaera alkateari egin zitzaiola eta alkateak erantzun dio alkatea ere talde politiko bateko partaide dela.

2.- Diktamena: Aalborg-eko karta onartzeko.

Alkateak Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak aurkeztutako diktamena onartzea proposatu dio Osoko Bilkurari. Honela dio diktamenak:

“ Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2004ko irailaren 29an egindako batzarraldian Jesus Mari Martiarena eta Kepa Garbizu (EAJ), Iñake Urrestarazu (EA), Mikel Antxon Arrizabalaga (PSE-EE) eta Maria Luz Angladaren (PP) aldeko botoarekin, aho batez onartu zuen ondorengo diktamen hau Udalbatzari onarpenerako aurkeztea,

BAT: Aalborg-eko karta onartzea.”

Jendartetik Aitor Sarasolak dio, erabaki proposamena adierazpen instituzional hutsa dela, eta ez duela udala konpromisoak hartzera behartzen. Gobernu Taldeari galdetu dio ea nola bateratzen dituen adierazpen hau eta Lezon eragina duten zenbait proiekturen alde egotea: errauskailuaren alde egotea, edota Jaizkibel atzean egin nahi den superportuaren alde azaltzea.

Zinegotziek ahobatez onartu dute diktamena.

3.- Diktamena: Kale Nagusiko Hiritartze obrak kontratatzeko espedienteari hasiera emateko.

Aitor Mimendia zinegotziak Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak aurkeztutako diktamena onartzea proposatu dio Osoko Bilkurari. Azpimarratu du, eginahal berezia egin dela proiektua euskaraz ere aurkezteko, nahiz eta zenbait atal, merkatuan dauden programa informatikoak direla medio, ezin euskaraz egin. Honela dio onartzera aurkezten den diktamenak:

“ Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako batzordeak 2004ko irailaren 29an egindako batzarraldian Jesus Mari Martiarena eta Kepa Garbizu (EAJ), Iñake Urrestarazu (EA), Mikel Antxon Arrizabalaga (PSE-EE) eta Maria Luz Angladaren (PP) aldeko botoarekin

Txosten juridikoa ikusirik, honela baitio:

“Lezoko Udalak 2004ko Abuztuaren 5ko 429 Alkatetza Dekretuaren bitartez Kale Nagusiko Hiritartze Proiektuari haserako onarpena eman zion.

Akordio honen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2004ko abuztuaren 12an. 15 egunez jendaurrean egon ondoren ez da alegazio edo erreklamaziorik aurkeztu.

Horrela Kale Nagusiko Hiritartze obren kontratazio espedientea hastea posible da Hiritartze Proiektu honi behin betiko onarpena eman ondoren.

Obra hauek 2004ko uztailaren 26an Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak bisaturiko eta Maria Teresa Carmona Barrio eta Ana Perez del Gallego Arkitektoak idatziriko Hiritartze Proiektuaren eta ondorengo aldaketa eranskinaren arabera egingo dira.

Administrazio Publikoen Kontratu Legearen Testu Bateratuaren 67 eta hurrengo artikuluak xedatzen dutena kontuan izanda”.

DIKTAMINATZEN DU:

BAT: Kale Nagusiko Hiritartze proiektua onartzea.

BI: Lezoko Kale Nagusiko Hiritartze obren kontratazio espedientea hastea, lehiaketa ireki jardunbidearen bitartez.

HIRU: Lezoko Kale Nagusiko Hiritartze obren kontratua arautuko duten Baldintza pleguak onartzea.

LAU: Kontratu honetarako Gastua onartzea: 971.745 euro, BEZ barne, (AD-752).

Jendartetik Aitor Sarasolak dio, Izartu I programako laguntzen barruan dagoen proiektua izanik, bere helburua alde zaharra biziberritzea dela eta nekez biziberrituko dela Lezoko Alde Zaharra proiektu honi ikusi ez dioten ikuspegi osoago batetik aztertzen ez bada. Hau da, ez kale bakar baten zorua aldatuz baizik eta ekintza hori beste batzuen zati bada. Kritikatzen du proiektuak edo proiektuarekin batera ez aipatu izana: irisgarritasuna, igogailuak, komertzioaren biziberritzea, espazioak, trafikoa, oinezkoentzat egokitzea. Esan du ere proiektua herritarren parte hartze zuzenik gabe egin dela, aurrez batzordeetan aztertu gabe eta tramitezko jendaurreko epealdia abuztuan emanez.

Diktamena aho-batez onartu da.

4.- Proposamena: Industri poligonoetako hondakinak biltzearen eskuduntza San Markos Mankomunitateari lagatzeko.

Alkateak, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak aurkeztutako proposamena onartzea proposatu dio Osoko Bilkurari. Diktaminatu gabe dagoenez, lehenik urjentzia onartu beharko da eta, hura onartuz gero, gaia bera eztabaidatu eta bozkatuko omen da. Honela dio proposamenak:

Lezoko Udalbatzak 2004ko ekainaren 30ean egindako ezohiko bilkuran, besteak beste, akordio hau hartu zuen:

“San Markos Mankomunitateari lagatzea udalaren eskumenekoak diren eskumen eta eginkizun guztiak, hiritar hondakinak edo haien baliokideak biltzeko, Sagasti, Ipintza eta Gaintxurizketa poligono industrialetan”

San Markos Mankomunitateak eskatu du akordio hori aldatzeko eta, beraz, Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako Zinegotzi Delegatu honek Udalbatzari aurkezten dio ondorengo proposamen hau:

BAT: Udalbatzak 2004ko ekainaren 30ean hartutako akordioa indargabetzea eta haren ordez beste hau hartzea:

“Udalerri honetako Sagasti, Ipintza, Itturrin, 7. Poligono, Gaintxurizketako errepide eta 1 Errepide Nazionaleko poligono industrialek okupatutako eremuetan hiri-zaborra edo antzerakoak kudeatzeari dagokionez, San Markos Mankomunitatearen eskura pasatzea Udal honi dagozkion eskumen eta betebehar guztiak.

BI: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

· Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.

· Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

· Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.

· Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da.”

Jendartetik Mikel Mitxelenak gogoratu du aurreko bilkuran esandakoa: pozten zela zerbitzu honengatik baina haren informazio kanpaina bat beharrezko ikusten zuela industrialdeetako enpresekin kontaktuak eginez.

Gaia batzordean diktaminatu gabe dagoenez haren urjentzia bozkatu da eta bilkuran diren zortzi zinegotziek alde bozkatu dute.

Proposamena bera ahobatez onartu da.

5.- Diktamena: 2005ko ekitaldirako Ordenantza Fiskalen zenbait aldaketarako Hasierako onarpena.

Aroia Goienetxeak, Ogasun eta Kontuetako batzordeak aurkeztutako diktamena onartzea proposatu dio Osoko Bilkurari. Honela dio diktamenak:

“Haziendako delegatuak azaldu ditu 2005. urterako ordenantza fiskalak eratzeko erabilitako irizpideak, ikerketa ekonomikoen eta kontuhartzailetzaren informeetan oinarriturik, eta hura eztabaidatu ondoren, Kontu eta Ogasun Batzordeak, Aroia Goienetxea (E.A.J.-P.N.V.), Kepa Garbizu (E.A.J.-P.N.V.), Mikel Antón Arrizabalaga (PSE-PSOE) eta Mª Luz Anglada (P.P.) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, ondorengo proposamen hau diktaminatu du udalbatzak osoko bilkuran onartzeko:

BAT: Ondorengo Ordenantza Fiskal hauen aldaketa:

2005eko egutegi fiskala

Ondasun higiezinen zerga

Uraren hornidura

Zabor bilketa

Hilerria. ( Mikel Antxon Arrizabalaga (PSE-PSOE)ko zinegotzia puntu honetan abstenitu egin da.

BI: Ondorengo Ordenantza hauek onartzea:

Bide publikoan ibilgailuak ibilgetu eta erretiratzeko arautzailea eta fiskala.

Udal lokalak erabiltzearen gaineko tasak”.

Batzordeko diktamenean jasota ez badago ere, alkateak gogoratu du PSE taldeko Mikel Antxon Arrizabalaga zinegotziak Ondasun higiezinen gaineko zergari emendakina egin ziola: babes ofizialeko etxebizitzei %50eko hobaria egitea. Alkateak dio bere talde politikoa ez dagoela ados emendakin horrekin, etxebizitza horien jabeek etxebizitza prezioan nahikoa hobari jaso izan dutela uste baitute.

Mikel Antxon Arrizabalagak dio, orain arte hobari horiek indarrean egon direla eta ez dela bere asmakizun berri bat. Hobaria bost urterako izan ordez hiru urteko iraupena izateko proposamena egiten du.

Jendartetik Aitor Sarasolak dio zerga eta tasen errebisioa kontestualizatuko lukeen bideragarritasun planik ez aurkeztu izanak, erabakia hartu aurretik funtsezko azterketa falta begi bistan jartzen duela, hura gabe hartzen diren erabakiak itsu-itsuan hartutakoak bilakatuz. Baita ere gogoratu die zinegotziei babes ofizialeko etxebizitzen balio katastrala rebajatua dagoela eta ondorioz hobaria hor dagoela.

Bozketa proposatu du alkateak. Lehenik Mikel Antxon Arrizabalagak aurkeztutako emendakina bozkatu da: aldeko boto bat izan du, aurkezlearena eta aurkako zazpi boto, bilkuran diren gainontzeko zinegotziena.

Ondoren banan-banan bozkatu dira diktamenaren edukiak. Horrela egutegi fiskala ahobatez onartu da; ondasun higiezinen zerga ere bai; uraren hornidura baita; zabor bilketa ere ahobatez; hilerrikoa, aldeko zazpi boto eta Mikel Antxon Arrizabalagaren abstentzioarekin; bide publikoan ibilgailuak ibilgetu eta erretiratzeko arautzailea eta fiskala, ahobatez onartu da eta udal lokalak erabiltzearen gaineko tasak ere ahobatez.

Alkateak dio, hasiera onarpena jaso ondoren diktamena eta espedientea jendaurrean izango direla hilabetez interesatuek alegazioak tarteratu ahal izateko eta epe horretan alegaziorik izan ezean behin betiko onarpena automatikoki jasoko dutela proposatutako ordenantzek. Zinegotzi guztiek bere adostasuna eman diote alkateari.

6.- Diktamena: Taxi zerbitzuaren lankidetza hitzarmena Oarsoaldeako Udalekin onartzeko eta 2005 ekitaldirako tarifa bateratua onartzeko.

Alkateak, Ogasun eta Kontuetako batzordeak aurkeztutako diktamena onartzea proposatu dio Osoko Bilkurari. Honela dio diktamenak:

“Ogasun arlorako Delegatuak irakurri du Oarsoaldeak igorritako proposamena, Oarsoaldeko taxien tarifak bateratzeko.

Hori ikusirik, Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2004ko irailaren 29an egindako bilkuran, Aroia Goienetxea (E.A.J.-P.N.V.), Kepa Garbizu (E.A.J.-P.N.V.), Mikel Antxon Arrizabalaga (PSE-PSOE) eta Mª Luz Anglada (P.P.) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan

BAT:.-Auto-taxizko garraio-zerbitzurako aparteko erregimeneko eskualde bat finkatzeko lankidetza-hitzarmena onartzea.

BI: 2005. urterako tarifa bateratua onartzea.

HIRU: Alkateari ahalmena ematea espedientea izenpetu eta tramitatzeko”.

Mari Luz Anglada gaia mahai gainean uztearen alde azaldu da Oarsoaldeako beste herriek zer egiten duten ikusi arte.

Jendartetik Mikel Mitxelenak dio herrialdeko taxi zerbitzu garestiena dugula Oarsoaldean eta taxiena ez dela modu bateratuan eskualdean tratatu beharreko gai bakarra eta inportantena, hor daudela kirol instalazioen erabilerak, bonobusak e.a.

Bozketara pasatu dira eta, lehenik, Mari Luz Angladak aurkeztutako mahai gainean uzteko proposamena ez da onartu, aurka zazpi boto izan dituelako eta aldeko bakarra, aurkezle berarena.

Diktamenak aldeko zazpi boto izan ditu eta abstentzio bat, Mari Luz Angladarena.

7.-483 eta 484 zenbakiak dituzten Alkatearen Dekretuak berrestea.

Alkateak 483 eta 848 zenbakidun dekretuen kontu eman dio Udalbatzari eta haien berrespena eskatu dio. Lehena, 483, kreditu aldaketarako espedienteari hasiera emateko da eta bigarrena, 484, kreditu aldaketaren espedientea onartzea.

Ez omen da udalbatzaren berrespena behar eta, kontu emanda gero, hurrengo gairekin jarraitu da.

8.- Diktamena: Kreditu Aldaketarako espedientea onartzeko 2004 aurrekontuaren barruan.

Alkateak, Ogasun eta Kontuetako batzordeak aurkeztutako diktamena onartzea proposatu dio Osoko Bilkurari. Honela dio diktamenak:

“Ogasun eta Kontuetako Batzordeak, 2004ko irailaren 29an egindako bilkuran, Aroia Goienetxea (E.A.J.-P.N.V.), Kepa Garbizu (E.A.J.-P.N.V.), eta Mª Luz Anglada (P.P.) zinegotzien aldeko boto ponderatuekin, behean heldu den proposamena diktaminatu du osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Kreditu Aldaketarako espedientea onartzea, gastuen aurrekontu partida batzuen artean kreditu-transferentziaren bidez, identifikazio zk. 30006/2004, data 2004-09-22, eta zenbatekoa 103.850 euro.”

Mari Luz Angladak dio diktamena ez dagoela ondo, berak ez baitzuen alde bozkatu: aurrekontuen alde ez zegoenez haren aldaketan abstenitu egin omen zen.

Diktamena aldeko zazpi boto eta Mari Luz Angladaren abstentzioarekin onartu da.

9.- Proposamena: 2003 ekitaldiko Aurrekontu Orokorra onartzeko.

Alkateak, Ogasun eta Kontuetako batzordeak aurkeztutako proposamena onartzea proposatu dio Osoko Bilkurari. Honela dio proposamenak:

“Ogasuneko delegatuak eman du Kontuetarako Batzorde Bereziaren diktamenaren berri, 2003ko Kontu Orokorra onartzea proposatuz, bertan ondasun publikoen inbentarioa dagoelarik, 2003/12/31ra eguneraturik.

Gogorarazi du, espediente hori jendearen ezagutzarako ipinirik egon dela araututako epean, eta inolako erreklamaziorik ez dela aurkeztu.”

Gaia uztailaren 21eko batzordean diktaminatu zenez ez da berriz batzordera eraman jendaurrean egon den denboran inongo alegaziorik ez duelako izan.

Proposamena ahobatez onartu da.

10.- Proposamena: Udaleko Izaera pertsonaleko datuak dituzten fitxategien sorrera onartzeko.

Alkateak, Pertsonal eta Barne Gaietarako Lehendakaria den aldetik, proposamena aurkeztu du eta onartzea proposatu dio Osoko Bilkurari. Honela dio proposamenak:

“ Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren, Datu Pertsonalen Babesari buruzkoaren (DPBL), 20. artikuluak xedatzen duenez, Administrazio Publikoek fitxategiak sortu, aldatu edo ezabatu ahal izango dituzte Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion probintziako aldizkari ofizialean xedapen orokorra argitaratuz. Halaber, DBPL legearen lehen xedapen gehigarriak fitxategien arduradun diren Administrazio Publikoei agintzen die fitxategiak sortzeko xedapena onartzeko edo onartuta dituztenak Legeak ezarritakoen arabera egokitzeko.

Hori dela eta, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20. artikuluak xedatzen duenari jarraiki, Alkatetza honek Osoko Bilkurara darama ondorengo

BAT: Indarrik gabe uztea gaur egun arte Datu Babeserako Agentzian inskribaturik dauden izaera pertsonaleko datuak dituzten fitxategiak.

BI: Udaleko Izaera pertsonaleko datuak dituzten fitxategien sorrera eta hauek babesteko egindako Seguritateko Dokumentua onartzea.

HIRU: Eranskineko izaera pertsonaleko datuen fitxategiak sortzea.

LAU: Alkatea ahalduntzea fitxategien eranskinak sortzeko, aldatzeko edo ezabatzeko.

BOST: Erabakia eta eranskinak oso-osorik Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, 15/1999 Lege Organikoaren 20.1 artikulua betetzeko.

SEI: Datuen Babeserako Agentziari eranskinen edukia jakinaraztea.

ZAZPI: Erabakiaren aurkako errekurtsoak:

a) Auzitara jo aurretik, eskatzaileak, hala nahi izanez gero, erabakia berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezake 30/1992 Legearen arabera.

· Horretarako, hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.

· Errekurtsoa aurkeztekotan Osoko Bilkurara jo behar da.

b) Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezake zuzen-zuzenean.

· Horretarako, bi hilabeteko epea dauka, erabaki honen jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita.

· Errekurtsoa aurkeztekotan, EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzitarako Donostiako epaitegira jo behar da.”

Alkateak hala eskaturik, idazkariak lanaren nondik norako azaldu dio osoko bilkurari, azpimarratuz udalak dituen herritarren datuak herritarrarenak direla eta udalari dagokiola, bai langileei eta baita zinegotziei ere, haiek eskatutako erabilerarako bakarrik erabiltzea eta behar bezala babestea. Segurtasun Dokumentuaren ale bana eman die zinegotziei eta fitxategien zerrenda.

Gaiaren urjentzia motibatu du urriaren 31 baino lehen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Madrileko Agencia de Protección de Datos erakundean inskribatu behar direlako fitxategiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirulaguntza jaso nahi bada.

Gaia batzordean diktaminatu gabe dagoenez, haren urjentzia bozkatu da eta bilkuran diren zinegotzi guztiek alde bozkatu dute.

Proposamenak berak aldeko zortzi boto jaso du, bilkuran diren zinegotzi guztiena.

11.- Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

Alkateak fotokopia batzuk banatu dizkie zinegotziei. Bertan zenbait gai zerrenda daude: Badia Berri, S.A.k ekainaren 28an izandako kontseilu bilerarena; Oarsoaldeko Administrazio Kontseilukoarena, uztailaren 19koa; Pasaiako Portuko Administrazio Kontseiluarena, ekainaren 23koa; Euskal Fondoko Zuzendaritza Batzordeak irailaren 20an izandako bilerarena; San Markos Mankomunitateak uztailaren 15ean eta 29an eta irailaren 30ean egindako Batzar Orokorrenak.

12.- Galde Eskeak.

12.1.- Mikel Antxon Arrizabalagak joan den irailaren 29an, udal erregistroan, bi gairen inguruko galderak egiten idatzia aurkeztu du osoko bilkuran erantzuna eskatuz.

12.1.1.- Lehenengo gaia, 2730 sarrera zenbakia duen idatzian, preso eta deportatuen senideei dirulaguntzak emateko araudiaren onarpenaren ingurukoak dira: ea Gobernu Batzarra gai den hura onartzeko; ea zein den araudiaren edukia, eta haren kopia bat eskatu du; zenbat eskaera aurkeztu diren eta zenbateko dirulaguntzak onartu diren eta zein helbururekin.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi delegatua den Iñake Urrestarazuk erantzun die galdera hauei. Bere ustez, Gobernu Batzarrak ba omen du nahikoa ahalmen horrelako araudiak onartzeko. Dirulaguntzak hilero bisita batek sortuko lituzkeen bidai gastuetarako omen dira, udal lan hitzarmenak aurreikusitako dirua ordainduz kilometroko; ordainketa presoak bisita jaso duela egiaztatu ondoren egingo omen da eta orain arte egindako eskaera guztiak, zazpi, onartu omen dira, guztira 15.089 € banatu direlarik. Gogoratu du aurrekontuetako partidak 15.600 €tako aurreikuspena duela.

12.1.2.- Mikel Antxon Arrizabalagaren bigarren galderan, 2731 sarrera erregistroa, Alkateari galdetzen dio, nolatan onartu duen Santakrutzetako festa-programan preso eta errefuxiatuen aldeko ekintzak azaltzea (enkartelada eta afaria).

Alkateak dio, ekintza horiek ez batak ez besteak ez dutela inongo udal diru babesik jasotzen, enkarteladak beharrezko diren lege baimenak eskuratu zituela eta festa programa ekintza ezberdinez osatua dagoela eta guztiek ez dutela zertan izan korporazioaren gustukoak, baizik eta festa batzordean lan egin duten elkarteen arteko akordioen ondorio. Gogoratu du, bera eta bere talde politikoa festak eta ekintza politikoak ez nahastearen aldeko agertu direla beti

Jendartetik, Aitor Sarasolak esan dio Mikel Antxon Arrizabalagari PSE taldeak ederki dakiela presoei ezarritako dispertsioaren ondorio senideei eragiten zaien zigor ekonomikoa.

Alkateak gogoratu dio, erregu galderetan ari direla eta ez eztabaida edo erabaki puntu batean.

12.2.- Mikel Antxon Arrizabalagak galdetu du ea nola dagoen haurtzaindegiaren gaia, partzuergoa dela eta.

Iñake Urrestarazuk erantzun dio, bide onetik doala, bihar dutela bilera Maite Larrañagarekin eta badirudiela oztoporik ez dela izango.

12.3.- Jendartetik Aitor Sarasolak galdetu du ea erantzungo al diren aurreko bilkuran egindako eta erantzun gabe gelditu ziren bi galderak: bata, Gaintxurizketa aldean egin nahi den errauskailuaren inguruan batzorde berezi bat osatzea eta haren inguruan informazioa biltzea eta, bestea, Algeposa ingurutik doan herribidearen auziaren konponketarako agindutako sei hilabetetako epea igaroa dela eta ea gaia zertan den.

Alkateak esan dio erantzungo direla galdera horiek.

12.4.- Aitor Sarasolak galdetu du ea zertan den Algeposako kubierta mugikorra jartzeko obra baimenari martxoaren 26an tartekatu zioten errekurtsoa.

Alkateak dio ez dagoela erantzunik.

12.5.- Aitor Sarasolak galdetu du ea zertan den 2004ko aurrekontuei apirilaren 29an aurkeztu zieten errekurtsoaren erantzuna.

Ogasun gaietarako zinegotzi delegatua den Aroia Goienetxeak erantzun dio, martxoaren 17an egindako osoko bilkurak ez zituela ontzat hartu aurrekontuari egindako alegazioak eta, haren jakinarazpenak erabakiaren aurka berraztertze errekurtsoa tartekatu ahal zela esaten bazuen ere, ez omen zen horrela, Foru Arauaren arabera. Dena dela, iragan den denborarengatik, isiltasunez errekurtsoari ezezkoa emana dagoela ulertu daitekeela eta ez omen da beste erantzunik emango.

12.6.- Jendartetik Iker Salaberriak gogoratu du, gaur bertan Lezoko bi zinegotzi ohi Audientzi Nazionalean deklaratzeko deituak daudela, zinegotzi bezala herrigintzan egin duten lanarengatik, Lezoko udala partaide den Udalbiltza aferarengatik. Elkartasun eskaera idatzia egin omen diote osoko bilkurari, baina ez daki zein arrazoi dauden udala egoera horien aurrean itsu, mutu eta gor geratzeko.

Alkateak erantzun dio, ez zaiela komenigarria iruditu idatzi hori eztabaidatzea. Salaberriaren iritziz, nahiko grabea da komenientzia kontuak aipatzea halako gai baten aurrean.

12.7.- Mikel Mitxelenak esan du, aste honetan jaso duela orain lau hilabete hautetsi ilegalizatuen gaiari irtenbide bat proposatuz pleno berezi bat eskatzen egindako eskaerari ezetza. Alkateari leporatu dio, jaun eta jabe balitz bezala aritu dela gai honetan, beste inori eskubiderik eman gabe. Halere, alkateari eta gainontzeko zinegotziei esaten die, aukera duela zinegotzi kargua ez dagokionak bere karguari uko egiteko, eta prest daudela gaia nahi den plenotan eztabaidatzeko.

12.8.- Mikel Mitxelenak galdetu du ea Añarbeko Mankomunitateak Lezoko Udalarena den Itturringo ur deposituan egin behar dituen obrak noren mesedetan diren, noren interesetan egiten diren obrak, galdetu du.

Ur kontuak direla eta, gogoratu du, Karmen aldapan behera ur jarioak hor jarraitzen duela azken hilabeteetan bezala, eta azken plenoetan galdetu bezala, ea noiz konpondu behar den galdetu du.

12.9.- Mikel Mitxelenak galdetu du zertan den Construcciones Sobrinos enpresak igerilekuak egiteagatik utzia duen fidantza bueltatzeko eskaera. Altzate Auzo Elkartearen izenean fidantza ez bueltatzeko eskatu du, elkarteko obrak egin arte.

12.10.- Mikel Mitxelenak eskatu dio Jesus Mari Martiarenari, ez bueltatzeko kale-garbiketako makinaren fidantza, izaten dituen aberia ugariengaitik.

12.11.- Aitor Sarasolak alkateari eskatu dio metodoren bat erabakitzeko, galderak ez direlako erantzuten eta plenoz pleno galdera zaharren eta berrien errosarioa egon daitekeelako.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 9:50etan eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 310.XXX.etik 310.XXX.ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna