1999.eko Uztailaren 3ekoa

    Agiri mota
    Lezon, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko uztailaren hiruan 13:00 orduetan, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian bildu dira, kargua uztera doan Alkate-Lehendakariak egindako lehen deialdian, ekainaren 13an izandako udal hauteskundeetan hautatuak gertatu ziren zinegotziak, eta hauek dira: Aitor Sarasola Salaberria, Kepa Garbizu Azkue, Imanol Esnaola Arbiza, Xabier Alegria Loinaz, Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Inmaculada Muñoz Martinez, Mikel Mitxelena Iza, Jesus Mª Martiarena Jaka, Nekane Artola Labordeta, Juli Del Sol Bermejo, Ainhoa Villanua Ayuela eta Gurutze Sein Cordero.

    Bertan izan da eta egintzaren fede eman du Xabier Loiola Aristi udal idazkariak.

    Patxi Apalategi Mendizabal aritu da itzultzaile lanetan.

    Bilkura honen xedea Udalbatzaren eraketa da, ondorengo prozedura honen arabera:

    1.- Adineko Mahaia eratzea, Hautes-Erregimen Orokorraren Lege Organikoko 195.2 artikulua eta Toki Erakundeetako Organizazio eta Funtzionamendu Araudiko 37.2 artikulua.

    2.- Kredentzialak egiaztatzea.

    3.- Zinegotzien zina edo promesa, Hautes Lege Orokor Organikoko 108.8 artikulua.

    4.- Alkatearen hautaketa.

    5.- Alkatearen zina edo promesa eta, hala balitz, karguaren jabetza hartzea.

    1.- ADINEKO MAHAIA ERATZEA.

    Idazkariak biltzarrari hasiera emanik, Adineko Mahaia eratu da, ekainaren 19ko Hautes Erregimen Orokorraren 5/1985 Lege Organikoko 195.2 artikuluan eta, halaber, hau aldatzen duen martxoaren 13ko 8/1991 Lege Organikoan aurreikusten den bezala. Adineko mahai hori eraturik geratu da, batetik Jesus Mª Martiarena Jaka da mahaia presiditzen duena, adinez nagusiena izaki, eta bestetik Ainhoa Villanua Ayuela zinegotzia adinez gazteena.

    2.- KREDENTZIALAK EGIAZTATZEA.

    Mahaiburuak dei egin die zinegotzi hautatuei eta kredentzialak egiaztatzeko eskatu die, nortasun egiaztagiri bidez.

    Kredentzialak egiaztatu ondoren, zinegotziek udalbatzaren mahaian eserlekuak hartu dituzte.

    3.- ZINEGOTZIEN ZINA EDO PROMESA ETA KARGUAREN JABETZA HARTZEA.

    Aurreko egintza hori buruturik eta batzarraldi honetara zinegotzi hautatu guztiak etorri direla kontuan izanik, beraz, legezko gehiengo absolutua, Adineko Mahaiburuak zinegotziei karguaren jabetza eman die, aldez aurretik promesa jasorik legez ezarritako formulari jarraiki, hori berak irakurri duelarik, eta horri zinegotzi bakoitzak honela erantzun dio:

    Aitor Sarasola Salaberriak Imanol Esnaola Arbizari laga dio hitza eta, hark, Euskal Herritarroken izenean, ondorengo hau adierazi du:

    “Euskal Herriak ez du Konstituzio Espainola onartu, konsziente eta aktiboki uko egin ziolako.

    Udalbatzar honetan, Konstituzio hori egin edo onartzera behartuak izatea demokraziaren aurkako inposaketa da. Gure ustetan, inposaketa bat da, ez soilik geure etsipen pertsonalen kontra doalako, baizik eta gure herriaren gehiengoaren iritzia gaitzetsi eta bortxatzea inplikatzen duelako. Horregatik, Euskal Herriaren eskubide demokratikoak errespetatzen ez dituen konstituzioarekiko edozein aldekotasun eta adierazte errefusatzen dugu sendo eta tinko. Beraz aipatu formulismoa “legezko inposaketagatik” betetzera mugatzen gara.

    Udaletan, egunero buruturiko lanetik, mobilizazioetatik, masa borrokatik eta gure ordezkotasun politikotik eraldakuntza sozialerako proiektu abertzale bat indar eta ilusioz defendatuko dugula zin diogu gure herriari eta horrela diogu publikoki:

    • Zin egiten dugu gure Nazio Nortasuna berreskuratzeko ausarki borrokatuko dugula, euskara, zeinu esberdintzaile espezifikoa, gure herrian bizi garenon ondaretzat defendatuz.


    • Desberdinatasun, bazterketa eta bidegabekerian oinarritzen den gaurko gizartea, justizia sozialean, aberastasunen bidezko banaketan eta kudeaketa publikorako herri protagonismoan errotutako gizartea bilakatzera bideratuko proiektu politikoaren alde indarrak ez gordetzera konprometatzen gara.


    • Herriari hitza ematea edozein sistema demokratikoren ezinbesteko hastapena, Bakerako nahitaezko baldintza, onartzearen alde lan egiten jarraituko dugula zin egiten dugu.


    • Udal ireki eta demokratikoak bultzatzeko konpromezua eta lana hartzen dugu bertako konpromezu zuzenak sektore sozial ezberdinak eta, orohar hiritar guztiak izan daitezen saiatuz.


    • Euskal herritarrok –eko hautatuok, tinko eta etengabeki aipaturiko helburu hauen alde aritzera behartzen gaitu.”


    Adierazpen hau buruturik, Konstituzioari men egitearen deklarazioa hartzeko prozesuari jarraitu zaio. Mahaiburuak berriro promesa galdetu dio Aitor Sarasola Salaberriari, eta hark erantzun du bere egiten duela Euskal Herritarrokeko bozeramailearen adierazpenen edukia.

    Pello Garbizu Azkuek promes egin du.

    Imanol Esnaola Arbizak berretsi egin ditu aurrez egindako adierazpenak.

    Xabier Alegria Loinazek, erantzun baino lehen, adierazpen bat egin du preso politikoen egoera salatuz. Adineko mahaiburuaren galderari erantzunez esan du, bere egiten duela Euskal Herritarrokeko bozeramailearen adierazpenen edukia.

    Mikel Antxon Arrizabalaga Brusinek promes egin du.

    Iñake Urrestarazu Azurmendik promes egin du.

    Inmaculada Muñoz Martinezek, bere egin du Euskal Herritarrokeko bozeramailearen adierazpenen edukia.

    Mikel Mitxelena Izak, bere egin du Euskal Herritarrokeko bozeramailearen adierazpenen edukia.

    Jesus Mª Martiarena Jakak promes egin du.

    Nekane Artola Labordetak bere egin du Euskal Herritarrokeko bozeramailearen adierazpenen edukia.

    Juli del Sol Bermejok bere egin du Euskal Herritarrokeko bozeramailearen adierazpenen edukia.

    Ainhoa Villanua Ayuelak promes egin du.

    Gurutze Sein Corderok promes egin du.

    4.- ALKATEAREN HAUTAKETA.

    Adineko mahaiburuak, Jesus Mª Martiarena Jakak, bildutakoei adierazi die ezen, Hautes Erregimen Orokorreko 5/85 Lege Organikoko 196. artikuluak xedatzen duen bezala, Udalbatzaren Erakuntzarako batzarraldi berean egin behar dela Alkatearen hautaketa.

    Pello Garbizu Azkuek, EAJ-EA koalizioko zerrendaburuak, eskatu du hitza eta esan du, bere taldeak erretiratu egiten duela alkatetzarako bere kandidatura. Era beretsuan mintzatu da Mikel Antxon Arrizabalaga Brusin. Ondorioz, batzarraldi honetan alkatetzarako hautagai bakarra Aitor Sarasola Salaberria da, Euskal Herritarrokeko zerrendaburu izaki.

    Hautesleei paper zuri bana banatu zaie eta seinalatu zaie, paper horretan idatzi behar direla alkatetarako bozkatu nahi den zinegotziaren izena eta abizenak eta paperak tolesturik entregatu.

    Paper guztiak jaso ondoren botoen zenbaketa egin da, mahaiburuak ozenki irakurriz paper bakoitzean alkatetarako proposatutako zinegotziaren izena eta abizenak, eta hau izan da emaitza:

    - Aitor Sarasola Salaberria 7 boto.

    - Zuriz bozkatuak 6 boto.

    Bozketa horren emaitza ikusirik, Aitor Sarasola Salaberria zinegotzi hautagaia gertatu da alkate aldarrikatua, legezko gehiengo absolutua lortu duelako.

    Jesus Mª Martiarenak, adineko mahaiburuak, alkate berriari laga dio lehendakaritza. Aurrez, zorionak eman dizkio hautatua gertatu delako eta betebehar berrietarako zoririk hoberena opa dio.

    5.- ALKATEAREN ZINA EDO PROMESA ETA, HALA BALITZ, KARGUAREN JABETZA HARTZEA.

    Alkate hautatua suertatu ondoren, Aitor Sarasola Salaberria mintzatu da, kargua onartu du eta Lezoko herriari eskerrak eman dizkio azaldu duen konfiantzarengatik.

    Hasten ari den legealdi hau, esperantzaren legealdia dela iruditzen zaio, berriki ekindako Lizarra-Garaziko prozesuak sortu duen ilusioagatik. Bere iritzirako, gehiengoak bide horren alde jokatu du, lurraldetasunaren alde, subiranotasunaren alde, irtenbide demokratikoaren alde.Bere iritzirako, Lezon apustu hori are nabarmenagoa da, Lizarra-Garazin bildutako indarrek botoen %78 eskuratu baitute, datu horrek nahitaezko erreferentzia izan behar duelarik udalbatza honen lanean.

    Bere iritziz, ekindako prozesu hori ez da esklusibista baizik eta integratzailea, diferentzien integratzailea.

    Une zoriontsu honetan, lezoar preso eta deportatu politikoak gogoratu ditu: Javi, Ramon, Tabikes, Mitxel, Fanekas ... eta besarkadarik beroena eskaini die haiei eta haien familiei.

    Guztiok bide horretan aurrera egitera animatuz, eta Gora Lezo eta Gora Euskal Herria Askatuta oihuen ondoren, bukatutzat eman du bere mintzaldia.

    Aktaren amaiera.

    Eta tratatzeko beste gairik ez dagoenez, 13:30 orduetan, lehendakaritzak bukatutzat eman du batzarraldia, bertan diren zinegotzi guztiek sinatzen duten akta hau jasorik eta nik, idazkari gisa, hau guztia ziurtatuz.



    Eguna