1995.eko Abenduaren 13ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko abenduaren hamahirugarrena. Arratseko zazpiak eta bostean hasi du OSOKO BILKURAK, lehenengo deialdiari jarraiki, OHIKO SAIOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkatea, lehendakari dela eta beste zinegotzi hauek bertan direla: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Gemma Arrillaga Albisu, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Mª Carmen Viaña Balda, Jesus Mª Martiarena Jaka, Mirari Recalde González, Iñake Urrestarazu Azurmendi, Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris.

    Pello Garbizu Azkue ez da bilkuran izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza eta Pello Goikoetxea Agirrek interpretaritza.

    1.- 1995EKO AZAROAREN 8AN EGINDAKO OHIKO OSOKO BILKURAKO AKTA ONARTZEA.

    J.M. Botok zuzenketa bat egin nahi du: 8. orrialdean, Galderak eta eskaerak heldu diren tokian, 4. eskaeran, hain juxtu, Udaltzainei autobusak kontrola ditzaten eskatzeko dioen tokian, autobusak ez baina errebisioak egin dituzten kontrolatzeko eskatzea nahi zuela hark eta hori jarri behar duela esan du.

    Hala, zuzenketa hori egin eta ontzat hartu dute azaroaren 8ko akta.

    2.- LOPENE (30. POLIGONOA). HASIERAKO ONARPENA EMATEA XEHETASUN AZTERLANARI.

    Alkateak, Hirigintza Batzordeak abenduaren 4an egindako diktamena aurkeztu eta ontzat hartzea eskatu du. Esan du, orobat, Gabriel Salaberri Barañanok eraginda aurkeztu dutela 30. poligonoko Xehetasun Azterlana, eta azaroaren 8an egindako bilkuran onartutako itunearen ondorio dela azterlana.

    Hari horretatik, Juan Diaz Guardaminok, arkitektuak, egin duela esan du Xehetasun Azterlana, Rosario Marijuanen (arkitektua hura ere) laguntzarekin, eta 1995eko azaroaren 24an ikus-onetsita dagoela dagokion elkargoak.

    Hala, informeak aldekoak direla eta hasierako onarpena ematea eskatu dio osoko bilkurari.

    J.M. Botok, alabaina, zehaztu egin nahi izan ditu alkatearen esanak. Izan ere -esan du-, hura ez da behar bezala aurkeztutako diktamena, akta kaxkar bat besterik ez. Hala berean, batzordean ere alturak (Arau Ordezkatzaileetan heldu direnak) aldatzearen kontrako azaldu zela hura esan du, eta baita hegalen neurriak aldatzearen kontra ere. Egin asmo dituzten etxebizitzen konparazioan, aparkaleku gutxisko jo dituztela iruditzen zaiola; ez dakiela batzordean egin zituen zehaztapenak kontuan hartuko dituzten, eta diktamenik ere ageri ez dutenez, zehaztapenak kontuan izango dituzten ala ez ikusteko, ez dakiela garbi zer onartu behar duten eta zer ez.

    Arrunt astakeria handia dela Lopenen etxeak egitea esan du J.M. Botok, ez dagoela eta hura baino toki egokiagorik etxebizitzentzako aieka eta lantegientzako aieka bereizteko. Etxeak egitea HBk Jose Antonio Dozogarati zorra ordaintzeko da, hark esan duenez. Lopenen etxeak egitearen kontra egoteak ez duela esanahi babes ofizialeko etxeak egitearen kontra dagoenik esan du.

    Alkateak, alabina, berri esan du Xehetasun Azterlanak ondo betetzen dituela Arau Ordezkatzaileetan heldu diren lerrokadura eta sestrekikoak, hala ageri dela teknikariak egindako informearen argitan. Eta beraz, hasierako onarpena emateko eskatu du.

    Botazioa egin eta behean heldu den erabakia hartu dute. Alde izan direnak: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), H.B.ko zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Gemma Arrillaga Albisu, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda) eta EAJko zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka). Kontra: PSE/EEko bi zinegotziak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris). EAko zinegotziak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi), berriz, astenitu egin dira. Hauxe da ERABAKIA:

    BAT: Hasierako onarpena ematea 30. poligonoko Xehetasun Azterlanari, Gabriel Salaberri Barañanok Tecsa Empresa Constructora, S.A.ren eta Jaureguizahar, S.A.ren izenean eragindakoari. Arkitekutak: Juan Díaz Guardamino eta Rosario Marijuan. Ikus-onetsia: 1995eko azaroaren 24an, Arkitektuen Elkargo Ofizial Vasco-Navarroak.

    BI: Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkia jarri 15 egunetan eta jendaurrera atearata edukitzea erabakia. Denbora horren barruan izango da, orobat, nornahiren esku espedientea, ikusi eta nahi diren alegazioak egiteko. Probintziako egunkarietan ere jarriko da erabakiaren iragarkia.

    J.M. Botok, berriz, mahaian ziren gehienek botoa zeri eman dioten jakin gabe eman dutela esan eta aktan jasotzeko eskatu du.

    3.- PROPOSAMENA, LEZOKO UDALAREN PLANEAMENDU OROKORRA IDAZTEA KONTRATATZEKO.

    Alkateak esan du Hirigintza Batzordeak aldeko diktamena eman ziola proposamen honi, baina, Diputazioaren 1996ko Aurrekontuetan ez dela ageri orain arte antolaketa-arauak idazteko eman izan duen dirulaguntzarik ematerik eta, zuhurtziak agintzen duenez, gaia mahai gainean uztea dela egokiena, harik eta lehen aipatutako alderdia zehaztu eta Udalaren Aurrekontuak pixka bat zermugatu artean behintzat, hau da, hilabete pare bat joan arte. Horiek horrela direla, gaia mahai gainean uztea proposatu die alkateak zinegotziei.

    Bilkuran diren zinegotzi guztiek baiezkoa eman diote proposamenari eta hala utzi dute gaia mahai gainean.

    4.- ONARTZEA HITZARMENA PROMOCIONES GOROSTA, S.A.K ZUBITXO KALEAN DITUEN ZENBAIT LOKALEN ERABILERA ALDATZEKO.

    Alkateak, lehenbizi, Promociones Gorosta, S.A.rekin irailaren hogeita bederatzian iritsi zuen akordioaren berri eman dio osoko bilkurari. Akordioa: Promociones Gorosta, S.A.k hirurogeita hamabi metro karratuko lokal bat utziko dio Lezoko Udalari Zubitxo kaleko 27.ean, behean, euskaltegitarako erabiltzeko AEK-k 1997ko irailaren 1.a arte. Udalak, horren ordainetan, hitz ematen dio Promociones Gorosta, S.A.ri onartu egingo duela bi merkataritza lokalen erabilera aldatu eta aparkalekutarako erabiltzea, baldin eta, nolanahi ere, aparkaleku jartzeko bete behar diren baldintza tekniko eta urbanistikoak betetzen baditu. Aipagai ditugun lokalok 1.490 m² dituzte, gutxi goiti-behiti, hiru laurdenak lur-azalaz azpitik dituzte eta bat handik gora, eta Arretxenea kaletik barrena daukate sarbidea.

    Akordioak badu Hirigintza Batzordearen aldeko diktamena, azaroaren 20an emana, EA eta PSE/EEko zinegotzien botoak kontra zirela. Hala, proposamena ontzat hartzea eskatu dio alkateak osoko bilkurari.

    J.M. Botok, ordea, espedientean ez datorrela batere diktamenik esan du, eta ez dakiela zeri eman behar dion botoa. Ez zaio egoki iruditzen alde bakoitzak zer aterako duen baloratu gabe akordio edo konpromezurik hartzea. Era berean, betikoa gertatuko dela esan du: gehiengoak alperra pasatuko du eta hala onartuko dute zer ekarriko duen ez dakigun konpromezua, edozein gauza pentsatzeko bidea ematen duen konpromezua.

    Botazioa egin eta behean heldu den erabakia hartu dute. Alde izan direnak: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), H.B.ko zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Gemma Arrillaga Albisu, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda) eta EAJko zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka). Kontra: PSE/EEko bi zinegotziak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris). Eta EAko zinegotziak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi) astenitu egin dira. Hauxe da ERABAKIA:

    BAT: Berrestea alkateak eta Promociones Gorosta, S.A.k 1995eko irailaren 29an izenpetu zuten akordioa: Zubitxo kaleko 27.eko lokal bat uztea Udalari Promociones Gorostak dituen lokal batzuen erabilera aparkeleku izateko aldatzekotan.

    5.- ONARTZEA KONBENIOA ENPLEGURAKO ZERBITZU INTEGRATUAK AURRERA ATERATZEKO, INEN-EN, FORU ALDUNDIAREN ETA OARSOALDEKO UDALEN ARTEAN EGITEKOA DENA.

    Alkateak lankidetza itunak aurkeztea egin du lehenbizi. Itunak INEMen eta Oarsoaldeko Udalen artean eta Gipuzkoa Foru Aldundiaren eta eskuladea garatzeko agentziaren, Oarsoaldearen, artean izango dira, Enplegurako Zerbitzu Integratuak aurrera atera eta, hartara, ahal denik eta eraginkortasunik handiena lortzea lanik gabe daudenak lan-merkatuan txertatzeko programetan.

    J.M. Boto kexu da gaia ez dutelako batzorderen batean aztertu, eta esan du idatzi bat behintzat bidali behar zuela alkateak deialdiarekin batera itunak, onartzeko eskatu dituenak, pixka bat aurkezteko. Edozien eratara ere, proposatu duten akordioarekin konforme heldu dela esan du J.M. Botok.

    I. Urrestarazuk ere horretan J.M. Botorekin dagoela esan du.

    Alkateak esan du tramite kontua besterik ez dela eta ez zitzaiola iruditu batzordea jartzea horrentzat.

    Hala, botazioa egin eta, bileran diren hamabi zinegotziak alde direla, behean heldu den ERABAKIA hartu dute:

    BAT: Onartzea lankidetza itune batzuk egitea INEMen eta Oarsoaldeko Udalen eta Gipuzkoa Foru Aldundiaren eta Oarsoaldearen, eskualdea garatzeko agentziaren, artean Enplegurako Zerbitzu Integratuak aurrera ateratzeko.

    BI: Aginpidea ematea Errenteriako alkateari eta Oarsoaldeako, eskualdea garatzeko agentziako, lehendakariari itunak izenpetzeko.

    6.- HUTSIK JOTZEA 1995EKO LEHIAKETA OHIKOA, UDALEKO KONTUHARTZAILE POSTUA BETETZEKOA.

    1995eko otsailaren 1ean egindako osoko bilkuran, izaera nazionala izan eta hutsik dagoen kontuhartzaile lanpostua hornitzeko deialdi arruntean parte hartzea erabaki zen, 1994ko urtarrilaren 4an osoko bilkurak lanpostua hornitzeko onartutako oinarriak erabiliz.

    Deialdiaren berri Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ekainaren 8an eman ondoren, ez da jarritako epean inongo eskaerarik aurkeztu. Beraz, izendapenak egiteko gai den Foru Aldundiari lehiaketa hutsik deklaratzea proposatuko zaio.

    Horiek horrela, 1995eko deialdi arruntari buruz, aho batez ondorengo erabakiak hartu dira:

    BAT: Proposatzea Gipuzkoako Foru Aldundiko organu eskudunari, Kontuhartzailearen postua, habilitazio nazionala duten funtzionarioentzakoa, betetzeko 1995ean egindakoa hutsik deklaratzea, izangairik aurkeztu ez delako.

    BI: Erabaki hauen berri ematea Gipuzkoako Foru Aldundiari.

    I. Urrestarazuk esan du gai hau ere, lehengoa bezalaxe, batzordean aztertu behar zela.

    Alkateak erantzun dio tramite kontua dela eta ez zitzaiela batzordeko bilera egin beharrik iruditu.

    7.- OARSOALDEKO TELEBISTA PROIEKTUA ONARTZEKO PROPOSAMENA.

    1995eko urriaren 31n aurkeztu zioten Euskara Batzordeari, eta hark onartu, Oarsoaldea eskualderako telebista sortzeko proiektua eta hura garatzeko ordura arte egindako lanak.

    Jendearteko pertsona batzuek aurkeztu dute, "Oarso telebista sortzen"en izenean, proposamena. Esan dutenez, proiektuarekiko atxekimendua, aldeko jarrera eta lurra uztea eskatzen dute antena jarri beharrik izanez gero jartzeko.

    I. Urrestarazuk esan du, lurrak uzteaz, ez duela zurian emandako txekerik izan dedin nahi, Udalak zaindu eta gorde beharreko kontua iruditzen zaiola eta.

    J.M. Botok, berriz, akordioaren izpirituarekin bat heldu dela esan du, baina ez duela nahi inori jaurtikitzeko arma bihurtzerik gero. Bestetik, ez dakiela beste herrietan zer erabaki duten honen gainean eta zenbateko adostasuna izango duen, eta beraz, ez dakiela gaiak aurrera ateratzeko biderik izango duen. Honek ez du esanahi proiektuaren kontra nagoenik -esan du J.M. Botok-, baina, astenitu egingo naiz harik eta beste erakunde batzuek bat heldu diren edo laguntzen duten ikusi arte.

    "Oarso telebista sortzen"goak arrazoi eman dio horretan J.M. Botori, erakunde batzuek ez dutela beren iritzirik azaldu orain arte, alegia, baina, esan dio hilaren bukaera aldera aztertu behar dutela gaia Oarsoaldea agentzian.

    Botazioa egin eta behean heldu den erabakia hartu dute. Hamar zinegotzi alde izan dira: alkatea (Mikel Arrizabalaga Pikabea), H.B.ko zinegotziak (Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Gemma Arrillaga Albisu, Juana Mª Salaberria Lizarazu, Mª Isabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia eta Mª Carmen Viaña Balda), EAJko zinegotzi bat (Jesus Mª Martiarena Jaka) eta EAko zinegotziak (Mirari Recalde González eta Iñake Urrestarazu Azurmendi). PSE/EEko bi zinegotziak (Jose Mª Boto Sancho eta Nicanor Barradas Piris), berriz, astenitu egin dira. Hauxe da ERABAKIA:

    BAT: Proiektuarekiko atxekimendua erakustea, bere planteamendu orokorrean.

    BI: Telebistak seinalea igortzekok behar lituzkeen antenen inguruan:

    - Lezoko Udal-barrutian Udalak dituen antenak Telebistak erabiltzeko baimena ematea.

    - Lezoko herriak Jaizkibelen dituen herri lurretan, behar izanez gero, antena berri bat jartzeko baimena ematea.

    - Gerora zehaztuko litzakete antena berria jartzeko toki egokia zein den, bai eta gainerako xehetasunak aztertu ere.

    8.- GALDERAK ETA ESKAERAK.

    1.- I. Urrestarazuk esan du oso ohitura ona dela alkateak hartuako erabaki eta egindako gestioen berri ematearena osoko bilkura ohikoetan.

    Alkateak erantzun dio hark ez daukala ezeren eragozpenik halaxe egiteko.

    2.- J.M. Botok ea alkateak zenbat irabazten duen galdetu du.

    Alkateak, berriz, obsesionatuta dagoela erantzun dio J.M. Botori, eta Kontuhartzailetzan eskatzeko datuak.

    J.M. Botok, ordea, hark ez daukala obsesiorik esan dio, eta izatekotan ere, alkateak ez esateko duen adinaxe, besterik ezetz.

    3.- Agustina Pontestak idatzi bat irakurri du, Joannes Etxeberri eskolak bidalitakoa, ateak ireki eta ixteko dituzten arauei buruzkoa; izan ere, galdera bat egin zuen J.M. Botok kontu horren gainean orain hurrengo osoko bilkuran.

    J.M. Botok oso ondo dagoela han dioena esan du, eskarrak eman dizkie bidali dioten informazioagatik, baina, hark badakiela garbi arauak betetzen ez direna, eta arriskua sortzen dela ateak itxi gabe edukita. Ateak ixteko eskatu du beste behin ere, eta bakoitzak bere erantzunkizuna hartu beharko duela deskuidoan zerbait gertatzen bada.

    Hala, beste gairik ez dagoenez aztertzeko, eta bilera bukatutzat eman aurretik, alkateak zinegotziei jakinarazi die bilkura ohiz kanporakoa heldu den asteazkenerako jarri duela, nahiz lehen ostegunerako jarrita egon, eta urtarrileko ohiko bilkura ere, egutegi gorabehera batzuk medio, bigarren asteazkenean izango dela.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak buru eman dio bilkurari, arratseko zortziak eta erdietan. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta sendespena ematen diot, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu dugun akta honi.

    Eguna