Datorren urteari begira Lezoko irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko apustua berretsi du gobernu taldeak eta horretarako Ijurkoko igogailuaren eraikitzea eta Mugikortasun Planaren idazketa proposatu ditu hirigintza proiektu nagusi gisa. Era berean, gizarte beharrei erantzuna ematea, tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea edota euskara, kultura eta kirol osasuntsua bultzatzea lehenesten jarraituko du.
Lezoko gobernu taldeak aurkeztu du dagoeneko 2020ko aurrekontuen proposamena eta horren baitan datorren urterako lan ildo nagusiak jasotzeaz gain, aurreko legealdian ezarritako lehentasunak ere mantendu ditu: tokiko ekonomia eta enpleguaren sustapena, pertsonen ongizatearen hobetzea edota euskara, kultura eta kirol jardueren bultzatzea, hurrenez hurren.
Lan ildo nagusi gisa, halaber, Jesus Mari Martiarenak gidatutako gobernu taldeak Lezo irisgarriagoa eta atseginagoa eraikitzeari eman dio lehentasuna, herritar guztientzat pentsatutako herria eraikitzeari, alegia.
Guztira 8.840.000€ko aurrekontua izango du datorren urtean Lezok, baina edozein kasutan, eraginkortasunez eta era jasangarrian kudeatzea eta inbertitzea da gobernuaren helburua, herritarrek jasan beharreko presio fiskala baretzea eta Lezoko biztanleriaren bizi kalitatea hobetzea xede hartuta. Ildo horretan, pertsonak izanik gobernu taldearen lanaren jomuga, ekonomia eta enpleguak egungo gizartean duen eragina aintzat hartuta, hurrengo urtean ere, Enplegu Planak dagokion diru-partida izango du, 125.000€koa alegia, Garapen Agentziak enplegua eta ekintzailetasuna sustatzeko ekimenak aurrera eraman ditzan, langabezian dauden pertsonei aukera berriak eskaintzeko. Era berean, gizarte programa, zerbitzu, prestazio eta laguntzei bideratutako partida guztiak mantenduko dira.
Bestalde, kultural eta kirolak Lezoko nortasunaren ikur izaten jarraituko dute. Izan ere, beste urte batez, gobernu taldeak kirol zien kulturarekiko egindako apustua berretsi du. Kirol arloan, esaterako, ur-jolasen proiektua gauzatuko du - 2020ko udarako prest izatea aurreikusia – eta kiroldegiko mendebaldeko fatxada konponduko du, besteak beste. Kulturari dagokionean, halaber, kontu saila handitzea proposatu du, baita festei iaz baino %21eko aurrekontu handiagoa eskaintzea ere.
Era berean, udal aurrekontuaren %3.86a (340.890€) euskara sailera bideratuko du 2020an, gure hizkuntza ama Lezon eta lezoarren artean sustatzen jarraitzeko, euskarak gure egunerokotasuneko hizkuntza nagusi izaten jarrai dezan.
Irisgarritasunarekiko apustu irmoa
Hirigintza arloan, Ijurkoko igogailuaren eraikitzea edota Mugikortasun Planaren idazketa dira gobernu taldeak 2020rako proposatutako bi proiektu nagusiak. Azken hori gauzatzeko 30.000€ko kontu saila jaso du udal gobernuak.
Herriko bigarren igogailua izango dena eraikitzeko, halaber, 260.000€ko kontu-saila jaso du gobernu taldeak. Aipatu proiektua idazketa fasean dago une honetan eta eraikitze lanak datorren urteko otsailean hastea espero du udal gobernuak. Igogailuaren helburu nagusia da Ijurkoko irisgarritasuna eta bertako bizilagunen mugikortasuna erraztu eta hobetzea.
Era berean, 2020ko aurrekontu proposamenean hainbat proiektu gehiago jaso ditu gobernu taldeak. Asmoa da proiektu horiek 2019 urteko ekitaldia ixtean (apirilean) gauzatzea, udal soberakinarekin. Proiektu horien artean nagusi dira: Iturringo industria gunea berritzeko lehen fasearen jarraipena, landa bideen konponketa lanak, errepideen asfaltatzea…
Amaitzeko, 2019ko aurrekontuetan jasotako hainbat proiektu 2020an burutu edo amaituko direla ere adierazi du gobernu taldeak, horien artean: hainbat zebra-bideen altxatzea (70.500€) – herriko irisgarritasuna oztopatzen duten barrera arkitektonikoekin amaitzeko -, Antonio-Pildain kaleko espaloien berritzea (300.000€) o Altamira auzoko eserleku eta barandak aldatzea (24.000€), besteak beste.