Osoko bilkurak onartu du, Udalak OHZ kalkulatzeko balio katastralari biderkatzen dion tipoa jaistea, Diputazioak egindako balio katastralaren berrikusketak eragindako igoera arintzeko. Horiek horrela, OHZk, bataz beste, %4,5eko igoera izango du, jaitsiera egin ezean izango lukeen %22ko igoeraren ordez.
Azaroaren 3.ko Osoko Bilkuran onartu zituzten aho batez datorren urterako ordenantza fiskalak, OHZri dagokiona salbu, azken zerga hau EAJ-PNVk osatzen duen gobernu taldearen aldeko botoekin eta oposizioaren aurkakoekin onartu baitzen.
Horiek horrela, Udalak OHZ kalkulatzeko balio katastralari biderkatzen dion tipoa jaistea onartu du, aipatutako zergaren igoerak herritarren sakelan izango duen eragina arintzeko. OHZren igoera hau Diputazioak egindako balio katastralaren berrikusketak eragiten du automatikoki. Berrikusketa hau 2001etik egiteke zegoen eta legez 8 urtez behin egin beharko litzateke.
Igoera hau arintze aldera, beraz, osoko bilkurak onartu du Udalak OHZ kalkulatzeko balio katastralari ezarritako tipoa jaistea. Horri esker, igoera hau, bataz beste, %4,5ekoa izango da, eta ez %22koa. Hala ere, igoera hau ez da kasu guztietan berdina izango, izan ere, katastroaren berrikusketak ez die berdin eragin higiezin guztiei, batzuen balioa gehiago igo baita. Edozein kasutan, atzoko osoko bilkuran onartutako tipoa 0,0021ekoa izan da, beraz, inondik inora OHZaren igoerak ez du %4,5a gaindituko.
Udalaren helburu nagusia, ahal den neurrian, igoera honek lezoarren ekonomian izango duen eragina arintzea izan da, nahiz eta neurri honekin udalak esfortzu bat egin beharko duen, honen eraginez hurrengo urtean 73.000 euro gutxiago bilduko baitu.
Gaur onartu diren beste aldaketa batzuk:
Plusbalioa %15etik %12ra jaistea eta beste hobari batzuk ezartzea ere erabaki da:
DSBE, GLL edo DSLB-a jasotzen duten familia ugarientzat:
• %75eko hobaria OHZn
• %35eko hobaria Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergan, 5 plaza baino gehiagoko eta 16 z.f.-tik beherako ibilgailua duten maila orokorreko familia ugarientzat.
• %50eko hobaria Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergan, 5 plaza baino gehiagoko eta 16 z.f.-tik beherako ibilgailua duten maila bereziko familia ugarientzat.
Orokorrean:
• %35eko hobaria Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergan, ibilgailu hibridoentzat.
• %50eko hobaria Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergan, ibilgailu elektrikoentzat.
Azkenik, gainontzeko tasa eta zergak, baita taxien tarifa ere, datorren urterako berdin mantenduko dira, herritarrek jasaten duten presio fiskala ez areagotze aldera.
Balio katastrala:
Balio katastralari buruzko argibideak behar izanez gero, Udalak, ohiko zalantzen inguruko informazioa jarri du herritarren eskura.