Asteburuan musika izango da protagonista Lezon. Larunbatean Kantujira itzuliko da herriko kaleetara eguerdiko 12:30ean, eta 18:00etan Ebanjelari Iztieta Abesbatzaren kontzertua izango da.
Ikasturtea hasi da eta Tomas Garbizu Lezoko Udal Musika Eskolako egitaraua martxan jarri dute. Iraila indarrarekin hasiko da eta ikasturteko lehenengo Kantujira egingo dute larunbat honetan. Arratsaldean, berriz, Ebanjelari Iztieta Abesbatzaren gospel kontzertua izango da Gurutze Santuaren plazan, 18:00etan.
Ohitura den moduan, hilabeteko hirugarren asteburuan egingo dute Kantujira. Musika herrikoia, Euskal Herriko txoko guztietan kantatzen diren abestiak eta doinuak zabalduko dituzte Lezoko kaleetan zehar. 12:30ean abiatuko dira Aiton-amona bordatik eta Kaialden zein Kale Nagusian geldialdia egin ondoren, Gurutze Santuaren plazan amaituko dute ibilbidea.
Tomas Garbizu Musika Eskolak eta Lezoko Udalak herritar oro gonbidatu du parte hartzera. Izan ere, egitasmo irekia da eta elkarrekin abestu eta kanta herrikoiez gozatzeko aukera moduan proposatzen da, abestien hitzak paperean banatzen dituzte denok batera abestu ahal izateko.
Bestalde, larunbatean bertan, arratsaldeko 18:00etan Ebanjelari Iztieta Abesbatzaren gospel kontzertua egongo da Gurutze Santuaren Plazan. (Euria eginez gero, Gezala Auditoriumean izango da).
Ebanjelari Iztieta Abesbatza Iruñeko auzo bateko parrokia bateko abesbatza txiki baten historiarekin hasi zen. Abesbatza hori kontzertu txikiak egiten hasi ziren herrietako plaza eta parrokietan, esperientzia musikalik gabe, baina kontzertu bakoitza esperientzia espiritual gospel batean bihurtuz. Pixkanaka musika mailan heziz joan ziren eta esperientzia espirituala maila profesionalaren sendotasunarekin osatu zuten, hiri garrantzitsu askotako auditorium nagusietan abestuz, hala nola Baluarten edota Nafarroa Arenan.
Denborarekin, gospel eskola ezberdinak sortu dira talde honen adibideari jarraituz, eta “Ebanjelari Iztieta Abesbatza” da horietako bat. Abesbatza honek 5 urte baino gehiago daramatza kontzertuak egiten, parte-hartzaileak benetako gospel esperientzia batera eramateko asmoz. Lezon abesbatzaren errepertorio zabal eta aberasgarriaz gozatzeko aukera izango da.