Gobernuak 2017rako aurrekontu proiektua aurkeztu du

Or, 2016-11-18 14:27

Gobernuak udal baliabideak modu jasangarri eta eraginkorrean kudeatu eta inbertitu nahi ditu biztanleen zerbitzuak hobetzeko. Gizarte beharrei erantzutea eta tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea lehenetsiko ditu gobernuak eta inbertsioen atalari dagokionean, azpiegiturak eta irisgarritasuna, horizontal zein bertikala, hobetzea izango dira lehentasun nagusiak

Udal gobernuaren gizarte proposamen eta proposamen jasangarrien ildotik, eta familien ekonomia ez zigortzeko helburuarekin, Lezoko eta lezoarren egoera eta baldintzak hobetzea helburu duen aurrekontu proiektua aurkeztu du Udal Gobernuak 2017rako.
Datorren urtean 8.400.000€-ko aurrekontua izango du Lezok, joan den urtean baino %5 gehiago. Aitzitik, udal zorrak behera egin du aurreko urtearekin alderatuta eta horrek 34.000€-ko aurrezpena ekarriko du. Aurrekontu orokorretik, 785.000€ inbertsioetara bideratuko da. 

Gobernuak helburu du udal baliabideak modu jasangarri eta eraginkorrean kudeatu eta inbertitzea biztanleen zerbitzuak hobetzea lortzeko. Pertsonak izanik udal jardunaren jomuga nagusia, herritarren gizarte beharrei erantzutea eta ekonomia eta enplegua sustatzea lehenetsiko ditu gobernuak. Gauzak horrela, udal gobernuak gizarte zerbitzu, programa eta laguntzetara bideratutako kontu sailak mantendu ditu datorren urtera begira, beharrezkoa balitz horiek handitzeko konpromisoarekin. Tokiko ekonomia eta enplegua sustatzeko helburuarekin, merkataritza kanpainetara, enplegu planera edota enpresa-garapenera bideratutako kontu sailak handitzea proposatu du gobernuak.

Inbertsioen atalari dagokionez, udal gobernuak lehentasuna eman dio herriko irisgarritasuna, horizontala zein bertikala, eta azpiegiturak hobetzeari. Lezoko irisgarritasun horizontala hobetzeko, udal gobernuak arkitektura oztopoak kentzea eta oinezkoen bide eta ibilbideak egokitzea proposatu du, horiek atseginagoak eta irisgarriagoak izan daitezen herritar guztientzat. Kiroldegitik igerilekuetara joateko bidea erraztea ere proposatu da, horretarako oinezkoentzako pasabidea eraikiko da Altamirako tuneletik pasa behar ez izateko. Zebra-bideak erliebean nabarmendu eta Lezotik Donibanerako bidegorria ere egingo dira.

Irisgarritasun bertikala hobetzeko, aldiz, fase ezberdinetan igogailu publikoak ezartzea aurreikusten da. Lehenengoa, kiroldegiaren ondoan egingo litzateke eta igogailua Altamirara eta igerilekuetara joango den oinezkoentzako bide berriarekin lotzeko beste pasabide bat eraikiko litzateke. Bigarren igogailua, Altamiran kokatuko da, igerilekuetako aparkalekuko sarreratik Altamira goiko guneraino. Ijurkon ere beste igogailu bat ezarriko da bizilagunei etxebizitzetarako sarbidea errazteko. Horiez gain, beste bana eraikitzea proposatzen da, bata institutuan eta bestea, musika eskolan.

Azkenik, azpiegituren hobekuntzei lotuta, udal gobernu taldeak ondorengoa proposatu du: argiztapen publikoa hobetzea, energia eraginkortasuna eta energia aurrezpena lortzeko; ur eta saneamendua hobetzea; kiroldegiko fatxada eta barrualdea konpontzea; Musika Eskolako fatxadan eta sarbideetan egokitzapen lanak eta hobekuntzak egitea eta azkenik, Herri Eskolan ere hobekuntzak gauzatzea. Azken kasu honetan, fatxada eta sabai-leihoa zaharberritzeko lanak burutuko dira, batetik, eta jolastokian estalpea eraikiko da, bestetik, eguraldi txarra egiten duenean haurrek non jolastu izan dezaten. Esandakoaz gain, ikastetxearen eraikinak eta jolastokia isolatzeko ateak ezarriko dira, eskola orduez kanpo, herritarrek eta kultur zein kirol taldeek instalazio horiek erabiltzeko aukera izan dezaten.

Dagoeneko oposizioak udal gobernuaren aurrekontu proiektuaren berri izan du eta orain, gobernua, oposizioko taldeek egindako proposamenak aztertzen ari da horiek aurrekontu proiektuan txertatzeko, izan ere, oposizioko taldeen ekarpenekin aurrekontu proiektua osatu eta hobetzea du helburu gobernuak.


 

Arloa edo saila