Lezoko Udala, zabor bilketa sistemarekin lotura duten dokumentuak berrikusten eta egokitzen ari da 2017an 5. edukiontzia ezarri ahal izateko. Zehazki, ordenantza fiskaletako zaborren tasa eta zabor bilketari dagokion ordenantza aztertzen eta egokitzen ari da.
Udalerri osoan, 5. edukiontzia ezarri ahal izateko urratsak ematen ari da Udala. Dagoeneko herri askok aldatu dute beren sistema 5. edukiontziaren alde eginez. Aldaketak, baina, ez du eraginik izan bilketa emaitzetan. Datu eta emaitzek bistako egiten dute, beraz, 5. edukiontzia Atez Atekoa bezain eraginkorra edota eraginkorragoa dela eta herritarren ohitura eta beharrei modu egokiagoan erantzuten diela berretsi da.
Aldaketarako urratsa eman duten herrien artean ditugu Bergara, Pasaia, Tolosa, Legazpi edota Ordizia. Beste batzuk aldiz dagoeneko 5. edukiontzia ezarria zuten, hala nola, Errenteriak, Arrasatek, Elgetak edota Azpeitiak. Laster Astigarragan, Beasainen eta Andoainen ere 5. edukiontzia ezarriko dute.
Sistema aldaketa Lezon 2017an gauzatuko da eta Udala lanean ari da 5. edukiontzia ahalik eta azkarren jarri ahal izateko. Gai honi dagokionean, herritarren nahiari eta eskaerari erantzutea lehenetsi du Jesus Maria Martiarena alkateak. Era berean, gobernuak bilerak egin ditu oposizioko taldeekin adostasunetara heltzeko helburuarekin, sistema berriak alde guztien babesa eta oniritzia izan dezan.
Sistema berria osoko bilkuran onartu beharko da behin betikoz, baina aurretik gobernuak zenbait lan aurreratu ditu. Batetik, Mankomunitatearekin harremanetan jarri da eta bestetik, udal dokumentazioa egokitzeari ekin dio, sistema berria lehenbailehen martxan jarri ahal izateko. Dokumentazioari dagokionez, zehazki, ordenantza fiskalak eta zabor bilketari dagokion ordenantza berrikusten eta egokitzen ari da Udala, horiek sistema berriarekin bat etor daitezen. Lan honekin amaitzean osoko bilkurara eramango da 5. edukiontziaren ezarpenaren behin betiko onarpena.