Agustina Pontestari aipamen berezia

Lezoarrak euskararen alde egindako ibilbidea saritu dute

Oarsoaldeko Euskara Batzordeak “Oarsoarrak Euskararen saria” banatu zuen joan den azaroaren 27an. Sari banaketa ekitaldian Agustina Pontesta andereño, bake epaile ohi eta euskaltzale lezotarrari aipamen berezia egin zioten.

Euskararen alde lanean eginiko ibilbideagatik jaso zuen Agustina Pontestak aipamen berezia, “egindako jarduera guztiengatik eta ibilbide profesional guztian zehar euskara ezpainetan eramateagatik.

70eko hamarkadan Lezoko ikastolaren bultzagileetako bat izan zen Agustina, andereño izateaz gain. Hainbat libururen egile ere bada, beti ere euskaraz idatziak –Pinocho liburuaren lehenengo itzulpena euskaraz berak egina da-.

Herriko bake-epaile izan zen garaian tokiko justiziaren esparruan eta justizian, oro har, euskarari bidea zabaltzen lagundu eta eragin zuen suharki; jaiotza, heriotza, ezkontza eta bestelako agiriak euskaraz egin zitezen sustatzen, izen-abizenak euskaratzen eta abar.

Udalean euskara zinegotzi ere izan zen 1995-1999 legegintzaldian eta euskararen bidegile hainbat eta hainbat alorretan, EKBn, Pasaia-Lezo Lizeoan, Orratx! Kultur Elkartean eta abarretan.

“Oarsoarrak Euskararen saria”
Aurtengo saria Errenteria-Oreretako Mintzalaguna egitasmoarentzat izan da. Euskara ikasten ari diren eta erabiltzeko aukerak ez dituztenei ematen dien bultzada eta laguntzagatik. Saria Mintzalaguna egitasmoko Mertxe Arano eta Mari Mar García ordezkariek jaso zuten. 

Arloa edo saila