Biolentzia matxista, autolaguntza tailerra

Or, 2015-10-30 12:06

Azaroaren 4tik hasita, asteazkenero elkartuko dira Errenteriako Merkatuzarren

Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek elkarlanean, biolentzia matxista jasan duten emakumeentzat autolaguntza tailerra antolatu dute. Datorren astean hasiko da, azaroaren 4an, eta ekaina bitartean asteazkenero elkartuko dira Errenteriako Merkatuzar eraikinean, 17:30etatik 19:30etara.

Bertan parte hartu nahi duten emakumeek ez dute izena eman beharrik; bertaratu baino ez dute egin behar –taldeen konfidentzialtasuna bermatuko da–. Oarsoaldeko Udalek jakinarazi dutenez, haurtzaindegi zerbitzua jarriko dute. Zerbitzu hori behar duten emakumeek hiru egun lehenago eskatu behar dute telefono zenbaki hauetara deituz:

  • Errenterian, 943 449576
  • Lezon, 943 521094
  • Oiartzunen, 943 490552
  • Pasaian, 943 004320

“Biolentzia matxistei biziraun dieten emakumeei autolaguntza gunea” biolentzia jasaten duten emakumeekin lotura komunitarioak eta kolektiboak sortzeko egitasmoa da: 2011an Garaipen elkarteak abian jarri eta gero SORBURU Kooperatibak lantzen jarraitu duena. Egitasmo honen helburua biolentzia matxista jasan eta biziraun duten emakumeentzat antolaguntza gune bat irekitzea da eta horrela, biolentzia matxistarik gabeko gorputz eta lurralde libreak sortzen laguntzea.

Biolentzia kasuetan isiltasuna oso barneratua dago eta gune honetan emakumeek isiltasunetik ateratzeko gune seguru bat aurkitzen dute: segurua, erosoa, sartzen erraza eta doakoa. Taldea konfidentziala izango da eta bilerak bi ordukoak izango dira.

Egitasmo honek biolentzia matxistatzat hartuko ditu, besteak beste: maitasun eta afektibotasun harremanetako biolentzia, enpleguetan eragindako eta ezezagunek egindako biolentzia eta gizartean ematen diren lesfobia, transfobia, sexfobia eta sexu bereko bikoteetan ematen diren biolentziak. Autolaguntza gune honetan, egoera hau bizi duten emakumeek gako askatzaileak ezagutuko dituzte eta biolentziarekin dituzten arazoak konpontzera bultzatuko zaie. Baina talde gehienak egiten dutenaren kontrara, ez da terapeutikoa izango; ez da biolentzia ikuspegi patriarkal batera mugatuko. 

Informazio gehiago, diptikoan.
 

Arloa edo saila