Bertako basoa berreskuratzeko lanak, Jaizkibelen

Ar, 2011-12-20 10:28

18 hektareetan egin dira baso-lanak Jaizkibel Onura Publikoko mendi-eremuan, Lezoko udalerrian. Egin diren lanak, nagusiki, landaretzaren soilketa –batez ere, sastrakak eta iratzeak– eta pinudiaren bakanketa izan dira, baita zuhaitzen kimaketak eta oinen aukeraketa ere. Gainera, datozen asteetan 2.000 landare ametz sartzea aurreikusten da.

Lan horien guztien helburua ameztia berreskuratzea da, izan ere, haritz mota hori (Quercus pyrenaica) da garai batean Jaizkibelen azaleraren zatirik nagusiena estaltzen zuena. Amezti gehienak, ordea, gizakiaren jardunaren ondorioz desagertuak zeuden aspaldi, eta lursail zabalak oteaz estalita gelditu ziren, suteak gertatzeko arrisku handia sortuz. Egoera hori saihesteko, orain dela 8 bat urte oteak moztu eta pinuak landatu ziren, bertan zeuden ametzak errespetatuz. Pinuek otea menderatu dute, eta ametza eta beste zenbait zuhaitz-espezie garatzen hasi dira horien azpian.

Hemendik aurrera, pinudi horiek bakandu eta kimatuko dira, ametzak dauden inguruetan kendu egingo dira eta hainbat leku harritsu eta soilgune txikitan landare berriak edo ezkurrak sartuko dira. Moztu gabe mantentzen diren pinuen helburua da baso-ingurunea mantentzea eta lurra higaduratik babestea. Gainera, moztutako zuhaitzak bertan uzten dira, lurrarentzako ongarri baitira.

Urmalen berria dorrearen azpian

Baso-lan horietaz gain, Jaizkibelgo lehenengo dorrearen azpian eta Donejakue Bidean bertan, urmael bat sortu da. Euri ura jasotzen duen hezegune horrek anfibio, intsektu eta beste espezie batzuen bizileku bihurtzea du helburu.Jaizkibelgo urmaela

Aipatutako ekintza horiek guztiak Jaizkibel – Aiako Harria korridore ekologikoko biodibertsitatea eta tokiko loturak hobetzeko proiektuaren barne kokatzen dira. Lezoko Udalak bultzatutako proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren diru-laguntza jaso du, eta bere helburua udalerriko bioaniztasuna hobetzea da. Proiektua pasa den urrian aurkeztu zen, eta Jaizkibelen egindako lanez gain, Lezoko udalerriko beste hainbat eremuetan ere garatu da.

Jaizkibelen egindako baso-lanak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi eta Habitaten Hobekuntzarako Zerbitzuarekin batera egin dira. Lanen zuzendaritza eramateaz gain, Aldundiko partehartzeari esker, aurreikusitako ekintza-eremua handitu egin da.

Arloa edo saila