Herri baratzen egitasmoan izena emateko epea ireki da

Otsailaren 15ean aurkeztu zen Lezon herri baratzeak egiteko egitasmoa. Gezalan egin zen bilerara 50 lagun inguru agertu ziren eta esan daiteke egitasmoak oso harrera ona izan duela. Baratze bat eduki nahi duten lezoarrek martxoaren 1etik 22ra arteko epea dute egitasmoan izena emateko.

Herri Baratzeen egitasmoaren bitartez, udalak lurrak egokituko ditu lezoarrek baratzea edukitzeko aukera izateko. Hain zuzen ere, San Pedro auzoan dagoen lur zati bat baliatuko da ekimen hori aurrera eramateko.

Bileran aurreratu zen bezala, egitasmoan interesa dutenek izena eman ahal izango dute martxoaren 1etik 22ra arte. Izen-emate orrian, interesatuen datuez gain, erabiltzaileek zein tamainatako baratzea nahi luketen ere zehaztu beharko dute. Hartara, proiektua lezoarren beharrei egokituko du udalak.

Izen-ematea

  • Epea: martxoaren 1etik 22ra arte
  • Non: Udaletxeko erregistroan (8:00 – 13:30). Ordutegi horretatik kanpo, izena emateko orria udaletxeko sarrerako postontzian edo hurrengo helbide elektronikora bidali daiteke: ingurugi.lezo@udal.gipuzkoa.net
  • Informazio gehigarria: baratzearen azalera aukeratu ahal izango da izen-emate orriaren bitartez. Gainera, langabetuen eta familia ugarien datuak jasoko dira, zozketan lehentasunak ezarri ahal izateko.

Altamirako baratzeen erabiltzaileekin kontaktuak

Egitasmoa aurkezteko egindako bileran herritar batek egindako proposamena aintzat hartuta, udala hasi da dagoeneko egun Altamirako eremuan baratzeak dituzten pertsonekin harremanetan jartzen. Ekimen horren lehenengo helburua da bertan dauden erabiltzaileen berri izatea, eta, bidez batez, Baratze Parkean parte hartzera animatzea.

Horretarako, zenbait ohar jarri dira Altamirako inguruan eta udalak, arren eskatzen du, bertako baratzeen erabiltzaileak berarekin harremanetan jartzeko.

Nola egingo da

Momentu honetan Baratze Parkearen funtzionamendua erregulatuko duen araudia prestatzen ari da udala. Hala eta guztiz ere, hainbat gai aurreratu ziren otsailaren 15ean egindako bileran. 

Udalak instalazioak egokitu eta hasierako lanabesak jarriko lituzke. Horretarako, Ekogunearen laguntza jasoko du, baina herritarren parte-hartzea ere ezinbestekoa izango da, izan ere, hainbat ekintza auzolanean egiteko asmoa dago.

Erabiltzaileek beraien aldetik, elkarte bat sortu beharko dute, eta elkarte horrek kudeatuko du baratzeen funtzionamendua, betiere horretarako onartutako araudia betez. Hilean kuota bat ordaindu beharko du erabiltzaile bakoitzak (7 euro inguru) eta, hasieran, fidantza jarri beharko du. Ura ere guztion artean ordaindu beharko dute. Baratzea erabiltzeko “baimena” urtero berritu beharko da eta, gehienez ere, 6 urte arte luzatzea aurreikusten da. Emate-epea bukatzerakoan, instalazioak hasieran eman ziren moduan itzuli beharko dira.

Horretaz gain:

  • Debekatua egongo da baratzetik ateratzen dena saltzea.
  • Animaliak ezingo dira eduki.
  • Baratzean bakarrik barazkiak landatu ahal izango dira. Landare aromatiko eta denboraldiko loreak landatzea onartuko da. Fruta-arbolak, aldiz debekatuta egongo dira.
  • Eman zaion pertsonak bakarrik erabili ahal izango du baratzea.
  • Debekatua egongo da txabola egitea.
Arloa edo saila