Ainhoa Zabalo alkate berriak larunbatean hartu zuen kargua Bildu koalizioko bederatzi zinegotzien aldeko botoekin. EAJk Kepa Garbizu alkategaiari eman zizkion hauteskundeetan lortutako hiru botoak. PSEko ordezkari Mikel Antxon Arrizabalaga, berriz, ez zen egon Udalbatza eratzeko saioan.
Horrela osatuko da udalbatza:
Ainhoa Zabalo (Bildu)
Mikel Arruti (Bildu)
Ainhoa Intxaurrandieta (Bildu)
Iñaki Lartigue (Bildu)
Garazi Cuesta (Bildu)
Angel Portugal (Bildu)
Naroa Tubilla (Bildu)
Luis Garrido (Bildu)
Lucia Aramburu (Bildu)
Kepa Garbizu (EAJ)
Xubero Ubillos (EAJ)
Enrique Figueroa (EAJ)
Mikel Antxon Arrizabalaga (PSE)
Haritz Salaberria orain arteko alkateak ikur-gisa arrano beltzaren bandera eta aginte-uztaila eman zizkion Zabalori. “Ziur guk baino hobeto egingo duzuela” gaineratu zuen Salaberriak.
Ainhoa Zabalo alkate berriak hitza hartu zuenean “inoiz baino babes handiagoa jaso dugu ezkertiarrok eta abertzaleok” esan zuen eta “lezoar guztientzat” lan egingo dutela gaineratu zuen. Euskal Herriko egoera politiko berria ere aipatu zuen, eta “bortxakeria, mehatxuak, presioak, atxiloketak eta torturak” gaitzetsi zituen. Presoak eta iheslariak etxera itzultzeko nahia ere adierazi zuen.
1999tik 2003ra zinegotzi izandako Imanol Esnaolak ere hartu zuen hitza. Puerto III (Andaluzia) espetxean dagoen Xabier Alegria zinegotzi ohia izan zuen gogoan, eta Udalbiltzaren lana goraipatu. Nazio eraikuntzan lan egitera gonbidatu zuen Udalbatza berria.
Behin udalbatza eta alkatea izendatuta, datorren asteetan banatuko dituzte ardurak, eta beraz, aurrerago jakingo da nortzuk hartuko duten batzorde banaren ardura, eta udala beste erakundeetan ordezkatzeko ardura.