Larunbatean, Partaidetza Aurrekontuen proposamen lantegia

Ar, 2015-04-14 13:47

2015eko partaidetza aurrekontuak direla eta, apirilaren 18an tailerra izango da Lezoko Musika Eskolan

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen Partaidetza Aurrekontuaren ekimena lehen fasean dago. Lezoarren proposamenak jasotzeko helburuz, apirilaren 18an goizeko 11:00etan Musika Eskolan tailerra izango da eskualdea hobetzeko proposamenak adierazteko.

Lehendabiziko fasearen helburu nagusia, herritarren ekarpenak jasotzea da, eta horretarako, hiru modu proposatzen dira: batetik, herri bakoitzeko partaidetza tailerra herritarrengana  gerturatzea. Tailer honetan, proposamenak egin eta, bizilagunekin batera, eskualdea hobetzeko egitasmoak adostuko dira (apirilaren 18an). Bestetik, etxean jasotako esku-orriaren formularioa bete eta herrian jarriko diren postontzietan utzi beharko da. Bukatzeko,  www.aurrekontuahobetzen.eus webgunearen bide ere egin daiteke.

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontuaren zati bat herritarren esku uzten du eta herri partehartzaileek erabakiko dute dirua zertan erabili. Aurten, 2015ean, ia Gipuzkoa osora zabalduko dira Partaidetza Aurrekontuak: Bidasoaldea, Buruntzaldea, Debabarrena, Debagoiena, Goierri, Oarsoaldea, Tolosaldea, Urola Erdia, Urola Garaia eta Urola Kosta eskualdeetan egingo dira prozesu parte-hartzaileak.

Egitasmoaren faseak

1. Proposamenak egin
Lehenengo fasean, proposamenak egiten ari dira internet bidez, etxean jasotako esku-orrien bidez edo herrietan egingo diren partaidetza tailerretan parte hartuz. Proposamenak egiteko azken eguna, apirilaren 30a izango da.

2. Proposamenak lehenetsi
Bigarren fasean, eskualdeko batzarrak egingo dira. Bertan, hiru bideetatik jaso diren proposamenetatik aukeraketa bat egin eta herrietako tailerretan osatu diren talde sustatzaileek finkatutako irizpideak kontuan hartuko dira. Horrela, lehenetsitako ekarpenak zerrendan osatuko dira.

3. Teknikoen azterketa
Hirugarren fasean, ekainaren bigarren hamabostaldian, Foru Aldundiko teknikariek eskualdeko batzarretan lehenetsitako proposamenak aztertuko dituzte, ekonomikoki eta juridikoki bideragarriak diren ala ez jakiteko.

4. Gauzatuko diren egitasmoak
Irailaren erdialdean, eskualde bakoitzeko batzar irekietan, eztabaidatuko dira ekonomikoki bideragarriak diren egitasmoen zerrenda. Hortaz, batzar horietan parte hartzen duten herritarrek onartuko dute Foru Aldundiko 2016-2019ko aurrekontuetan txertatuko diren egitasmoen zerrenda.

5. Batzar Nagusian aurkeztu

Eskualde bakoitzeko herritarrek hobetsi dituzten proiektuak txertatuko dira Foru Aldundiaren Gobernuak prestatzen duen Aurrekontu Proiektuan.

Informazio gehiago www.aurrekontuakhobetzen.net 

Arloa edo saila