Zabor bilketa kontsulta, martxoan

Or, 2015-12-04 12:24

Emaitzak ezagutu ondoren erabakiko dira eman beharreko urratsak

Kepa Garbizu alkateak, prentsa-ohar bidez, berretsi du “EAJ-PNVk hartutako konpromisoa beteko duela, eta galdeketa egingo duela herritarrek hondakinak biltzeko zein sistema nahi duten erabaki dezaten. Kontsulta demokratiko bat, herritarren borondatea errespetatuko duena, Bilduk aurreko legealdian erakutsi zuen jarrera inposatzailetik aldenduko dena”.

Alkateak gaur egungo sistema luzatzeko erabakia azaldu du. “Erantzukizunez jokatu nahi izan dugu. Egun indarrean dagoen kontratua amaitzear zegoen, eta horrela egin izan ez bagenu, herritarrek zein sistema nahiago duten erabaki bitartean udalerria zabor bilketa sistema gabe geratuko zen. Arrisku hori ekidin nahi izan dugu, ezin dugu herria zabor bilketa gabe utzi”.

Galdeketa, martxoan
Kepa Garbizuk, udal gobernuaren izenean, galdeketa egiteko konpromisoa hartu du. “Martxoan egingo dugu, lehenengo hamabostaldian. Eta herritarrek kontsulta bidez sistema aldatu behar dela esaten badigute, beharrezko urratsak emango ditugu sistema berria ezartzeko. Baina erabaki horiek galdeketa egin ondoren hartuko ditugu. Hori bai, prozesua lideratzeko prest gaude”.

“Gauzak ongi egin nahi ditugu –azpimarratu du alkateak–. Zabor bilketa sistema eztabaida iturri izan da aurreko legealdian, eta martxoan herriak hartuko duen erabakia behin betikoa izatea nahi dugu”.

Arloa edo saila