Lezoar guztiei, ESKERRIK ASKO

Kaixo lagun,

Hiru hilabete osasun alarma egoeran bizi ondoren, azkenean heldu gara “normaltasun berria” deiturikora. Izan ere, hiru hilabete baino gehiago pasa dira COVID-19a gurera heldu eta egungo gizartea hankaz gora jarri zuenetik eta orduz geroztik egoerari aurre egiteko aldaketa garrantzitsuak egin behar izan ditugu gure bizimodu zein ohituretan.

Badakigu horrek guztiak esfortzu handia suposatu duela zuontzat eta hartutako zenbait neurriek eragin gogorra izan dutela gizarte zein familia ekonomian. Baina egoera zail horren aurrean ere, badakigu lezoarrek arduraz jokatu eta ezin hobe erantzun duzuela eta horregatik ESKERRAK EMATEN DIZKIZUEGU.

  • Eskerrik asko beharrezkoa zenean etxean geratu zineten guztioi, arduratsuak izateagatik.
  • Eskerrik asko gure adineko pertsonei eta etxeko txikienei ere. Zuen jarrerak oraindik eredugarria izaten jarraitzen du guztiontzat.
  • Eskerrik asko Lezoko Herri Eskolako eta PasaiaLezo Lizeoko ikastetxeetako irakasleriari eta gurasoei egindako lan eta esfortzuagatik eta gure etxeak eskola txiki bilakatzeagatik. Eskerrik asko modu batean edo bestean ere gure haurrak hazten eta hezten jarraitzeko ekimenak sortu eta antolatu dituzuen guztioi.
  • Eskerrik asko merkatari, ostalari, okin eta industria guztiei, beharrezkoa dugun guztia uneoro gure eskura jartzeagatik. Eta gogoan izan nahi ditugu azken hilabeteotan euren negozioak itxi behar izan dituzten pertsona guztiak ere. Zuekin gaituzue orain, guztion artean tokian tokiko kontsumoa suspertzeko, bultzatzeko eta indartzeko
  • Eskerrik asko beharra zuten guztiei laguntza eskaini diezuen boluntarioei
  • Eskerrik beroenak Lezoko anbulatorioko langileei, mediku zein erizainei eta baita herriko farmazietako langileei ere guztiotaz ezin hobeto zaintzeagatik.
  • Eskerrik asko udal langileei, gizarte langileei eta bereziki goizero gure herriko kaleak garbitu eta desinfektatzen dabilen lan taldeari
  • Eta azkenik, gure dolumina eta babesa COVID19aren eraginez senitartekoren bat galdu duten pertsonei ere.

Egungoa guztiok batera hasi zein bukatuko dugun borroka da, elkarrekin eta elkartasunean, arduraz eta solidaritatez jokatuz eta osasun neurri, gomendio zein aginduak errespetatuz.

HORI GUZTIAGATIK, NORMALTASUN BERRIAN ERE, ORAIN ARTE BEZALA ARDURAZ JOKATZEN JARRAITZEKO DEIA LUZATZEN DIZUEGU UDALETIK, SEGURTASUN DISTANTZIAK ERRESPETATUZ ETA OSASUN SAILAK HELARAZITAKO GOMENDIOAK ERRESPETATUZ, ERLAXATU GABE EDOTA ADI EGOTEARI UTZI GABE.

Eskerrik asko lezoar hori, animo eta eutsi gogor! Guztiok elkarrekin lortuko dugu!

Arloa edo saila