Baratza Parkea

Baratze Parkearen ekimenak norberaren barazkiak era ekologikoan egiteko aukera eskaintzeaz gain, aisialdi aktiborako topagune bihurtzen du parkea, giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana duten gune berdeak bilakatuz. Bertan belaunaldi ezberdinen arteko trukea emateko aukera dago, txiki zein helduen artean, naturarekiko errespetua sustatuz.

Gipuzkoan, Baratza Parkea Sarea martxan jarri du Kutxa Ekoguneak, elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzeko asmoz. Hainbat herritan baratzak martxan jarri ahala, Gipuzkoako Baratze Parkeko Sarea gauzatzen ari da, eta Lezoko Baratza Parkea izan da horietan lehena. Sarearen bitartez, informazioa eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen da, erabiltzaileen zalantzei erantzuteko, informazioa trukatzeko edota ekitaldiak antolatzeko.

Herri-baratzeak Lezon

Lezoko herri-baratzeak Udalak sustatutako proiektua da, Ekogunearen laguntzarekin martxan jarri dena eta Gipuzkoako Baratza Parkeko Sarearen barne dagoena.

Non daude?

San Pedro auzoaren atzealdean dagoen lursailean kokatu dira baratzak, Olatzar errekaren ezkerreko aldean. Baratzeetara sarrera errekaren bestaldean dagoen parketik egokitu da, egurrezko zubi bat zeharkatuz.

Baratza eremuko ezaugarri nagusienak:

- 60 m2 inguruko 64 baratza

- Etxola bat (64m2-koa, lehendik zegoen 25 m2 inguruko etxola zaharra berrituz sortu da). Bertan lanabesentzako gela bat egokitu da eta aldagela misto bat erabiltzaile bakoitzarentzako takilarekin. Etxolaren inguruan oharren taula, zurkaitzentzako biltegia eta barazki zein lanabesak garbitzeko mangerak ditu atonduak.

- Lau uraska

- Hiru konpostatze-gune

Bestetik, baratza eremu bakoitzera iristeko 2m zabaleko hiru bide nagusi abiatzen dira etxola ingurutik eta tarteka 1.6m zabaleko bideak ditu. Eremuko Olatzar errekako berreskurapen lanetatik panpano (platanus x hispanica) zuhaitzak eraistearen ondorioz sorturiko egurra lur sailak mugatzeko zintarriak sortzeko erabili dira.

Nola funtzionatzen du baratza parkeak?

Udalak, dekretu bidez, esleitzen dio baratzezain bakoitzari zozketa bidez tokatu zaion partzela. Erabiltzaile bakoitzak urtero kuota bat ordaindu behar du, baita hasieran fidantza jarri ere. Esleipenak 2013ko urtarrilean egin ziren eta behin bost urte pasa ondoren, baratza guztiak esleituko dira berriro interesatuen artean, proiektuak aurrera jarraitzen badu.

Baratzezain guztiak elkarte batean daude antolatuak, eta elkarte horren esku gelditzen da, besteak beste, baratzean lan egiteko beharrezko lanabesen hornikuntza (Udalak hasieran jarritakoak ordezkatu) eta ur kontsumoaren ordainketa. Horretaz gain, elkartearen helburua da baratzezain taldea dinamizatzea, eta proiektua bizirik mantentzea.

Kontsultatu araudia Informazio interesgarria atalean.

Baratza parkearen araudia betetzen dela ziurtatzeko eta baratzezainek dituzten zalantzak argitzeko, Ekoguneak jarraipen eta ikuskaritza lanak egiten ditu, horretarako bisita egutegi bat finkatu delarik. Horretaz gain, Ekoguneak ikastaroak eta ekintzak antolatzen ditu.

Nola parte hartu?

2013ko urtarrilean esleitu ziren Lezoko herri baratzak, guztira 64 erabiltzaileei.

Hemendik aurrera, izena emateko aukera dago eta osatzen ari den itxaron zerrendan jasota geldituko da. Udaletxeko Erregistroan eman behar da izena, bertan dagoen eskaera orria betez.

Auzolana eta herritarren partehartzea

Baratza parkearen proiektuaren helburuetako bat herritarren elkarlana bultzatzea da, eta baratzeen eremua herritar guztien elkargune bilakatzea, baratzezain izan edo ez izan.

Horretarako, auzolan egunak, azokak edota beste hainbat ekitaldi antolatzen dira baratzeen inguruan.

Olatzar errekaren berreskurapena

Olatzar errekak Jaizkibeletik jasotzen ditu urak, eta baratza parkearen ertzetik igarotzen da. Baratzak egokitzeko lanak egin behar zirela aprobetxatuz, Olatzar erreka eta bere ingurua hobetzeko lanak egin dira. Horrela, makina bidez baierrekaren ubidean baita ertzetan pilatuta zeuden hainbat hondakin kendu dira.

Gainera, ibai-ertzetako landaretza berreskuratzeko bertako espezieak landatu dira, hala nola, haltzak, lizarrak, hurritzak, astigarragak eta elorriak. Landaketa hori herritarren laguntzarekin burutu zen, 2013ko otsailaren 2an egindako auzolan egunean.

Jolas parkea

Baratza parkearen sarreran dago kokatua jolas parkea. Bertan mahaiak eta eserlekuak daude, eta etorkizunean enborrekin gaztetxoentzako jolas parkea egokitzea aurreikusten da. Parkea eta baratzeen eremua lotu dira Olatzar erreka zeharkatzen duen egurrezko zubiaren bitartez, dena bat eginez. Helburua da eremu guztia herritarrentzako bilkura eta elkartrukatze eremu bat bihurtzea.

Informazio interesagarria:

- Baratzeen araudia

- Furgobaratza

- Partzelen planoa

        - Itxarote zerrenda

        - Argazkiak