Martxoaren 8a ate-joka

Al, 2021-03-01 11:22

                 Martxoaren 8a ate-joka

 

Urtero legez, ekintza egitarau berezi zein zabala antolatu da martxoaren 8rako, Gaxuxaren eskulanen erakusketa (8tik 13ra, kultura aretoa), Pronoia antzezlana Virginia Imazekin (martxoak 4, Gezala)   eta Agerikoak eta ezkutukoak: Bizitzak erdigunean covid-19 garaian” hitzaldia (Emagin elkartea), hain zuzen ere. Azken hori, hilaren 18an egitekoa zen, baina, azkenean, 17an egingo da hori, asteazkena. Sarrerak eskuragarri daude jada, online. Doan dira.

 

Udaletik herritar oro animatzen dute ekintza horietan parte hartu eta indarrak batuta, emakumeen eskubideen alde egin eta gizon zein emakumeen berdintasuna aldarrikatzeko

 

Beste urte batez, Lezoko Udalak, Pasaia-Lezo Lizeoak, Lezo Institutuak, Herri Eskolak, Kuadrillategik, Lezoko osasun zentroak eta Gaxuxak elkarlanean antolatu dituzte Emakumeen Nazioarteko Egunaren ekintzak. Egitarau zabala aurkeztu dute martxoak 8aren inguruan eta lezoarrak animatu nahi dituzte ekimen horietan parte hartzera, guztion indarrak batuta, emakumeen eskubideen alde egiten jarraitzeko eta gizon zein emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzeko.

Hona hemen antolatutako egitaraua:

Martxoak 4, osteguna: “Pronoia” antzezlana, 19:30ean Gezalan, Virginia Imaz pailazoaren eskutik. Antzezlan honetan Imazek, falozentrismoa, lenguaian dagoen sexismoa, bortizkeria fisikoa eta sinbolikoa, berdintasun erreala eta formala ditu hizpide. Proposamenak ezberdintasuna eta bortizkeria ditu oinarri, beti ere umore klabean

Martxoak 8tik 13ra: Urtero bezala, Gaxuxa emakumeen elkarteak urtean barrena ekoitzitako eskulanen erakusketa ikusgai egongo da kultur aretoan. Astelehenean 17.00etatik 19.00etara eta asteartetik ostiralera arte 11.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 19.00etara eta larunbatean 11.00etatik 13.30ak arte.

Martxoak 17, asteazkena:Agerikoak eta ezkutukoak: Bizitzak erdigunean covid-19 garaian” hitzaldia eskainiko du Emagin elkarteak, 19:30ean Gezalan. Miren Aranguren soziologo eta Bilgune Feministako kideak eskainiko du hitzaldia. Bertan, Covid-19ak emakumeengan eta zenbait talde zaurgarriengan eta berdintasunarekiko izandako eraginak izango dira hizpide eta nola ez, bizitza erdigunean jartzeko premiaz.

 

Amaitzeko, Udalak zein egitarau honen gainerako antolatzaileek herritar oro animatzen dute kolore morea soinean jantzi eta ekintzetan parte-hartzera, guztion batera emakumeen eskubideak aldarrikatzeko.

Egin dezagun guztiok bat Martxoaren 8arekin!

 

 

Arloa edo saila