Ekainaren 30ean zabalduko ditu berriro ateak Aiton Borda elkarteak

Or, 2020-06-26 14:11

Ohiko jarduerak, hala nola gimnasia edota bingoa, ez dira iraila arte hasiko baina bien bitartean, masajista eta podologo zerbitzuak eskainiko dira.

Edozein kasutan, Udalak bertan ezarritako segurtasun neurriak betetzearen garrantzia azpimarratu du eta jakinarazi du, erabiltzaileak arduratuko direla erabilitako material edo altzariak garbitzeaz.

Aiton Borda elkarteak datorren asteartean, ekainak 30, zabalduko ditu berriro ateak hiru hilabetez itxita egon ondoren.

Izan ere bertako taberna maiatzaren 25ean zabaldu bazen ere, orain arte itxita mantendu dira beheko solairuko aretoa edota goiko pisuko lokala. Asteartetik aurrera, ordea, berriro zabalik aurkituko dituzte erabiltzaileek.

Dena den, elkarteko ohiko jarduerak, hala nola gimnasia saioak edota bingoak ez dira iraila arte hasiko, horiek pertsonen arteko kontaktua, interakzioa edota topaketak eskatzen baitituzte. Horrenbestez, momentuko egoerari erreparatuz eta erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzearren, horrelako jarduerak ez dira momentuz egingo.

Bien bitartean, baina, Aiton Bordako masajista eta podologo zerbitzua martxan egongo dira, horiek banan-banakako arreta eskatzen baitute. Gauzak horrela, masajista uztailaren 2an izango da bertan eta podologo zerbitzua, aldiz, uztailaren 7an eskainiko da.

Osasun eta segurtasun neurriak:

Egoera berezi honi erreparatuz, egungo legediarekin betetze aldera, aforoan ere murrizketak egon dira. Horiei jarraiki, beheko aretoan gehienez 8 lagun egon ahal izango dira eta goiko lokalean, aldiz, 28.

Era berean, Udalak gogorarazi du ezinbestekoa dela elkartean bertan ezarritako osasun eta segurtasun arau zein neurriak betetzea, hau da, segurtasun distantzia mantentzea, musukoa janztea eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin maiz garbitzea.

Amaitzeko, beheko solairuko aretoko zein goiko pisuko lokaleko mahaiak edota aulkiak erabiltzen direnean, erabiltzaileak arduratu beharko du erabilitako altzari edo material hori garbitu eta desinfektatzeaz.