Lezoko Etxebizitza Plana aurkeztu du gaur Lezoko Udalak. Martxoko Osoko Bilkuran onartzen denean, bertan jasotzen diren politikak martxan jartzeko asmoa du. Etxebizitza politiken erdigunean herritarren eskubideak mantenduko dituen ekintza plana da. Gaur aurkeztu dute proposamena Mikel Arruti Lezoko alkateak eta Eneritz Arruti eta Iker Salaberria zinegotziek.
Etxebizitza eskubidea bermatzea ezinbestekoa da bizitza duina izan ahal izateko. Gaur egun, ordea eskubide hori bermatu ahal izatetik urrunegi gaude, eta hainbat lezoarren bizi proiektuak baldintzatzen dituen arazoa dugu hau.
Etxebizitzak merkatu legearen baitan salerosteak, neurrigabeko turismo erabilerak eta lurraren zein etxeen espekulaziorako erabilerak eragindako arazo orokortua da.
Beraz, herritarron bizitza duina eta etxebizitza eskubidea bermatu ahal izateko, beste behin ere ezinbestekoa da botere publikoak merkatuan esku-hartzea, eta berau erregulatzeko neurri zehatzak hartzea. Horretan eragiteko Udalen eskumenak nahiko mugatuak diren arren, Lezoko Udalak oinarrizkoa den herritarren behar horri erantzuteko esku-artean dituen aukerak baliatzeko apustu sendoa egin du.
Horretarako, ondorengo hiru urteetan Udaleko politika gidatuko duen etxebizitza-plana aurkeztu du gaur Lezoko Udalak. Etxebizitza plan honetan, jarraibideak jasotzeaz gain, Lezo Tentsio Handiko Bizitegi Eremu izendatzeko beste urrats bat egingo du, aukera emango baitio eskumen gehiago izateko, Lezoko etxebizitza politikak hobetzeko.
Jasotako datuen arabera, Etxebiden inskribatuta, Lezon etxea eskuratu nahiko luketen 534 eskaera aktibo daude. Horietatik erdia baino gehiago alokairu eskaerak dira (%56,6). Modu bertsuan, eskaeren erdia baino gehiago (%51,1) udalerritik kanpo erroldatutako pertsonenak. Beste modu batean esanda, lezoarren artean 273 pertsona daude Etxebiden inskribatuta, etxe bila. Beraz, behar horri erantzutea Udalarentzat lehentasunezko zeregina da.
Lezoko Udalaren etxebizitza planak norabide eta helburu argiak ditu:
- Lezoko herritarren etxebizitza premiak asebetetzeko udal etxebizitza-politikak garatzeko neurriak proposatu, adostu eta egikaritzea, biztanleek etxebizitza duin eta egoki bat arrazoizko prezioan eskuratu ahal izatea bermatzeko. Arrazoizko prezioa diogunean betiere bizikidetza unitatearen diru-sarreren %30etik beherako ahalegin ekonomikoaz ariko ginateke.
- Bide batez, herritarren bizi-baldintzak zaindu eta udalerriaren kohesio soziala hobetu nahi da interbentzio ezberdinen bitartez, askotariko etxebizitza moten ezarpen orekatua bideratuz.
Bost asmo edo ekintza nagusi proposatzen ditu:
1. Babes publikoko etxebizitza parkea handitzea
Etxebizitzen prezioan eragiteko beharrezkoa da etxebizitza eskaintzan eragitea. Horrela, babes publikoko bizitegi-erabilerako etxebizitzen parkea handitu nahi du Lezoko Udalak. Horretarako, ondorengo promozioak aurreikusi ditu:
- Olatzarren eremuan:
- 33 etxebizitza babes ofizialekoak jada eraikitzen ari direnak.
- 24 etxebizitza tasatu, jada eraikitzen ari direnak.
- 33 etxebizitzako promozio berri bat, baina Jaurlaritzarekin aztertzekotan dago horiek zein motatakoak (alokairuzkoak, babes ofizialekoak…) izan daitezkeen.
- Isasti eremuan 16 etxebizitza eraikitzeko xehetasun azterlanak egiten ari dira.
- 1. sektorean, Aralar kalean, gazteen alokairura bideratutako 52 etxebizitza eraikitzeko prozesua martxan dago Eusko Jaurlaritzaren ardurapean.
2. Hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea
Iaz onartu zituen horretara bideratutako zerga ordenantzak, jokabide egokiak saritu eta desegokiak ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin. Alegia, etxe hutsak alokairu merkatura prezio eskuragarrietan bideratzea sustatzea, eta inolako erabilerarik ematen ez zaien etxe hutsak izatea eragoztea.
Horretarako, Ondasun Higiezinen Zergaren kuota osoaren % 50eko hobaria aplikatuko zaie, Eusko Jaurlaritzaren Bizigune programaren barruan, erabilera-lagapena duten etxeei. Programa honen helburua hutsik dauden pisuak alokairu babestuaren arrazoizko prezioan merkatuan jartzera bideratzea da.
Zerga berean, %100eko errekargua ezarriko da etxebizitza hutsen kasuetan, etxe hutsak eragotzi eta merkaturatzea bultzatzea ezinbestekoa baita Udalarentzat. Horretarako, identifikatutako 115 etxe hutsen jabeei errekarguaren jakinarazpena egin die.
Merkaturatzea oztopatu dezakeen arazoetako bat eraikinen eta etxebizitzen birgaitze beharra izan daiteke. Behin etxe hutsen kasuan egon litezkeen beharrak zehatzago ezagututa, birgaitze lan horiek sustatzeko balizko diru-laguntza lerro espezifikoak edota zerga neurriak aztertzea aurreikusi du.
3. Zailtasunak dituzten kolektiboei laguntzea
Herriko biztanle guztiek ez dituzte aukera berdinak etxebizitza duina izateko. Esaterako, gazteek edota bazterkeria-arriskuan dauden pertsonek zailtasun bereziak dituzte. Horiei begirako neurri espezifikoak hartzea beharrezkoa da.
Gazteen kasuan, Etxebideren erregistroan inskribatutako 36 urtetik beherako pertsonen 114 eskaera daude. Gainera, azken urteetan udalerria utzi duten pertsonen heren bat baino gehiago (%35,5) 20-34 urte bitarteko gazteak izan dira. Alegia, gazteak dira nagusiki udalerria utzi duten pertsonak. Horri erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak martxan ditu gazteen emantzipazioa diruz laguntzeko Gaztelagun eta Emantzipa programak, baina soilik 36 lezoarrek bideratu dituzte laguntza eskaerak programa horietara. Lehentasunezko zeregintzat dute horien berri herrian zabaltzea.
Bazterkeria-arriskuan daudenei begira, laguntza lerro desberdinak zabalik daude. Batetik, Udalak berak eskaintzen dituen gizarte larrialdietarako laguntzetan alokairura bideratutako laguntzak ditugu, gaur gaurkoz, 26 etxeetara heltzen dira laguntza hauek. Bestetik, Eusko Jaurlaritzatik bideratzen den etxebizitzarako prestazio ekonomikoa dago. Kasu honetan, horren onuradun lezoar dezente izan litezke (100dik gora), horren berri emateko, eta laguntza horiek eskuratzeko aholkularitza eskaintzeko aukera landuko da.
4. Erabilera turistikoko etxebizitzak arautzea eta kontrolatzea
Lezoko udalerrian oraindik gutxi badira ere, Donostiaren inguruan kokatzeak arrisku bizian jartzen du. Joera orokorrak ikusita, etorkizun hurbilean Lezorentzat ere arazo bilakatu daitezke. Horregatik, aurre hartzea, gaiaren inguruko hausnarketa egitea, eta datozen urteetarako hauek erregulatzeko eman beharreko pausuak zehaztea aurreikusi du Udalak.
5. Erakunde artean koordinatzea eta zerbitzu osagarriak eskaintzea
Aipatu moduan, etxebizitza eskubidea bermatzeko arazoari erantzuteko Lezoko Udalaren ahalmenak eta eskumenak nahiko mugatuak dira. Horregatik, Udalak egiten duenaz gain, ezinbestekoa da gainerako administrazioarekin ere behar bezala koordinatzea eta guztion baliabideak norabide berdinean eragiteko baliatzea.
Bide horretan, lehen koordinazio mailan, eskualdeko etxebizitza bulego integrala martxan jartzea landuko luke. Bulego hau datozen urteetako erronkei modu integralagoan erantzuteko tresna interesgarria izan daiteke: etxebizitzak birgaitzeko laguntzez gain, alokairurako programak sustatzea, etxebizitza hutsekiko aukerak lantzea, etxebizitza promozioak zein etxebizitza turistikoen inguruko zerbitzua eskaintzea…
Eusko Jaurlaritzari dagokionez, jada martxan dituen programen eta laguntzen berri herritarren artean ahalik eta modu eraginkorrenean zabaltzeko, eurekin lankidetza hitzarmena sinatzea aurreikusi dute.
Martxoko Osoko Bilkuran plan hau onartzea eta Eusko Jaurlaritzara Lezo Tentsio Handiko Bizitegi Eremu izendatzeko eskaera bideratzeko asmoa du Udalak. Izendapen hori onartzeak hainbat neurri hartu ahal izatea ahalbidetuko baitu, besteak beste, alokairuaren prezioaren igoera mugatzen duten neurriak aplikatzea.
Lezoko Udalak argi du etxebizitza duina izatea eskubidea dela, eta ezin dela utzi espekulazioaren esku. Arazo honi ezin zaio egun batetik bestera aurre egin, baina bide horretan jauzi berriak egiteko momentua dela uste du, eta horretarako dituen aukerak baliatu behar ditu politika ausartak eta eraginkorrak gauzatuz. Legegintzaldi markak dioen bezala, elkar zainduz Lezo justuago eta bizigarriagoa eraiki dezagun.