Euskara ikasi duten edo ikasten ari diren lezoarrei omenaldia egin die Lezoko herriak Euskaraldiko Batzordeak antolatutako eskertza-ekitaldian.
Lezoko Euskaraldiko Batzordeak euskara ikasleei omenaldia egiteko deialdia luzatu zuen egitarauan. Gaur dozenaka herritar eta eragile elkartu dira euskara ikasleei eskerrak emateko egiten duten lan eta esfortzuagatik.
Mikel Arruti alkateak ongietorria egin die bertaratutako guztiei eta herrigintzako eragile guztiek bat egitearen garrantzia goraipatu du. "Udalaz gain, herriko eragile guztiek eskaini nahi dizuegun omenalditxoa da. Euskaraldian bete-betean aritzen gara euskaraz baina garrantzitsuena 12. egunean ere euskara erabiltzen jarraitzea da garrantzitsuena. Hemen ez dago euskaldun zaharrik edo berririk, denok gara euskaldunak, eta denon artean Euskaraldia amaitzean ere Lezo euskalduna egingo dugu", azaldu du.
Ondoren, hainbat ordezkarik hartu dute hitza herriko eragile guztien izenean. Lehenak Aiton-Amona bordakoak izan dira: "Zuzendaritzan ez ezik, kideen artean ere euskaltegian euskaldundutako pertsonak daude, eta hori oso esanguratsua da. Horrek erakusten du euskara ez dela soilik hizkuntza bat, baizik eta topagune bat, elkarren artean harremanak ehuntzeko tresna eraginkorra. Bereziki helduagoak zaretenoi eskerrak eman nahi dizkizuet, ikasteko erakusten duzuen gogoa, prestutasuna eta eguneroko konpromisoa eredugarriak direlako".
Herriko gazteen izenean, Piztu Lezoko kideek herri euskaldun batean bizitzeko grina adierazi dute, oztopo eta errealitatearen alde txarraz kontziente izan arren, zortekoak direla adierazi dute: "Zortekoak gara, ohartzen garelako egiteko lan handia daukagula, baina Lezo gaurtik euskaldundu nahi dugula. Eta zorteko garen horretan, gure zorterik handiena eta altxorrik handiena, zalantzarik gabe, zuek zarete: euskara ikasleak. Zuek gabe ezinezkoa da eta ezinezkoa izango da Lezo berriz ere euskaldun izatea. Gure zorterik handiena helduek ere euskalduntzaren aldeko apustu bat egitea da. Helduak zaretelako Lezo euskaldun baterako giltzarria".
Azkenik, Errota eta Hezikuntza Guraso Elkarteetako kideek hartu dute hitza: "Erreferente zarete hezkuntza ez delako haur eta gazteena soilik, baloreak eta ohiturak ikastea ez baita txikientzat bakarrik. Kultura eta hizkuntza gehiago ezagutzeko ahalegina egin duzue eta horrek asko erakusten digu guri".
Oroitzene-AEK euskaltegiko irakasleek ere aitortza egin diete: "egunero ikusten dugu egiten duzuen ahalegina, jartzen diozuen gogoa eta aurrera egiteko ateratzen duzuen lana. Eskerrik asko, benetan". Eta horri erantzunez, ikasle batek irakasleek egiten duten lana goraipatu du.
Azken urteetan ateratako euskaltegiko argazkiekin osatutako bideoa erakutsi dute jendaurrean eta jarraian ikasleei oroigarria eman diete eragileen ordezkariek. Herriko eragile guztien partetik jaso dute oroigarria, ikasleek egin duten eta egiten duten lanari eskertza, bertso moduan. Habanera doinua jarrita, denek elkarrekin abestu dute ekitaldiari amaiera emateko.
Oroitzene dugu Lezon
euskararentzat atari
herritarron gotorleku,
eta euskaldunon kabi.
Bertan bazaudete asko
Lezo josten hariz hari
mingainak landuz, idatziz,
belarriak beti adi.
Esker hitzak besterik ez
egin duzuen lanari,
emandako indarrari
hizkuntzari ta_herriari.
Eman diezaiogun ba,
ospatuz eta kantari,
guztiok elkar mugituz,
bultzada bat euskarari!