Edukiontzi bat erre zutela salatu du Udalak

Udaletik era horretako ekintzak gaitzesten dira eta elkarbizitzarako errespetua eskatu da. Halaber, ekintza bandalikoak alde batera utzi eta aldarrikapenak zilegi diren bideetatik egiteko garaia dela adierazi dute

Atzo eguerdian edukiontzi bati su eman zioten Eugenio de Otxoa kalean, Lopene plazaren atzealdean. Suteak ez zuen kalte handiagorik eragin bizilagun bat etxetik su-itzalgailu batekin jaitsi zelako eta laster batean udaltzainak ere sua itzaltzera bertaratu zirelako.

Udalak horrelako ekintzak gaitzesten ditu eta, bide batez, errespetua eskatu du, izan ere, elkarbizitzarako ezinbesteko printzipioa da hori. Ekintza bandalikoak alde batera uzteko eta herritar guztion artean aurrera egiteko garaia da. Hori dela eta, horrelako jarrerek ez dute lekurik gure gizartean.

Era berean, egileei gauzak egiteko eta beren aurkakotasuna edo aldarrikapenak adierazteko beste bide batzuk daudela gogorarazi diete eta, mesedez, aurrerantzean zilegi diren bide horiek erabiltzeko eskatu diete. “Horrelako jarrera eta ekintzek ez dute lekurik gure gizartean, izan ere, lezoarren egunerokotasuna oztopatzen eta zailtzen dute. Ekintza bandalikoak atzean uzteko eta aurrera egiteko garaia da, elkarbizitzarako eta errespeturako garaia, alegia”, adierazi dute Udaletik.

Arloa edo saila