Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak segurtasun eta osasun neurriak betetzen jarraitzeko deia egin die Lezoarrei, bereziki ostalaritza establezimenduetan

Or, 2020-08-28 16:29

Tiñelu elkarteak gaur udalari jakinarazi dionez, bertako zerbitzari batek positibo eman du PCR frogan eta azken egunotan bertan izan diren guztiei PCR froga egiteko osasun zentroarekin harremanetan jartzeko eskatzen die alkateak. Lezoar gehienak erantzukizunez jokatzen ari direla nabarmendu du alkateak eta horrela jarraitzeko eta neurriak zorrotz betetzen jarraitzeko eskatu die lezoarrei “elkar zaintzen jarraitu behar dugu, guztion hobe beharrez”.

Azken asteetan COVID 19aren agerraldi berriak ikusten ari gara non nahi eta horrekin arduratuta, bereziki ostalaritza establezimenduetan segurtasun eta osasun neurriak betetzen jarraitzeko deia egin die Lezoarrei Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak. Udaletik, gainerako erakundeetatik bezalaxe, birusari aurre egiteko neurriak hartzen ari direla azaldu du alkateak, baina norbanako bakoitzaren erantzukizuna eta baita erantzukizun kolektiboa ere beharrezkoak izango direla egoera honetatik ahalik eta hobekien ateratzeko.

Lezoar gehienak erantzukizunez jokatzen ari direla nabarmendu du alkateak eta horrela, neurriak zorrotz betetzen, jarraitzeko eskatu die alkateak “elkar zaintzen jarraitu behar dugu, guztion hobe beharrez”. Guztiok dagoeneko ezagutzen ditugun neurriak azpimarratu ditu Martiarenak, maskara erabiltzea, eskuak maiz garbitzea, segurtasun distantziak gordetzea, bide publikoan ez erretzea 2 metroko distantzia mantendu ezin bada eta ahal den neurrian kontaktuak murriztea.

Bestalde, Tiñelu elkarteak gaur udalari jakinarazi dionez, bertako zerbitzari batek positibo eman du PCR frogan eta azken egunotan bertan izan diren guztiei PCR froga egiteko osasun zentroarekin harremanetan jartzeko eskatzen die alkateak, baita oro har sintomarik somatzen dutenei edo kutsatuta egon litezkeen susmoa dutenei. Kasu horietan bereziki ingurukoekin kontaktua ekiditeko eskaera ere egin die alkateak. “Guztiok elkarrekin egingo diogu aurre gaitzari, bakoitzak bere esku dagoena eginez guztion onuraren alde egingo dugu. Guztiok goaz ontzi berean, gizarte bezala dugun erronka itzela da hau eta gizarte izaera sendoa dugula erakutsi behar dugu elkar zainduz” amaitu du Martiarenak.