Lezoko ibilbideak: kirola eginez herri ondarea ezagutzeko aukera osasuntsua

Ar, 2020-09-01 09:15

Bi motako ibilbideak egin daitezke Lezon: landa ingurunekoak eta herri ingurunekoak. Landa inguruneko ibilbideak luzera eta zailtasun ezberdinen baitan bereizten dira eta herri ingurunekoak, aldiz, edonork egin baditzake ere, Udalak azpimarra berezia jartzen du adineko pertsonengan, zahartzaro aktiboa eta osasuntsua bultzatzeko xedez.

Uda sasoia amaierara heltzen ari bada ere, eguraldi onak nagusi izaten jarraituko du datozen asteotan eta hori aprobetxatuz, ibilaldi motz edota luzeak egiteko aukera dugu oraindik.

Ildo horretan, Lezoko ibilbideak egitasmoak herriko ingurunea zein ondarea kirola egiten dugun bitartean ezagutzeko aukera osasuntsua eskaintzen digu. Izan ere, aipatu egitasmoaren helburu nagusia da lezoarren bizi kalitatea hobetzea eta Lezon zein herritarren artean bizitza eta ohitura osasuntsuak sustatzea.

Gauzak horrela, Lezoko ibilbideak ekimena 2015ean jarri zuen Udalak martxan, kirol sailaren zuzendaritzapean eta gaur egun, bi ibilbide mota bereizi dira: landa ingurunekoak eta herri ingurunekoak.

Landa inguruneko ibilbideak: natura protagonista:

Landa inguruneko ibilbideak ingurune naturalean murgiltzen dira. Mota guztietako eta pertsona ezberdinei zuzendutako ibilbideak dira, familian edo lagun artean lasai paseatzeko, korri egiteko, bizikletan ibiltzeko… Edozein modutan, ibilbide horiek Lezoko ondare naturalaren aberastasuna hurbiletik ikusi eta udalerria garrantzitsua egin duten baliabide historiko eta kulturalak ezagutzeko aukera eskaintzen dute. Landa inguruneko ibilbideen baitan, luzera eta zailtasun ezberdineko hiru bide daude egokituta:

  1. Xoxolurra-Alarguntza (11km): Jaizkibeleko hegoaldeko magala zeharkatzen duen 11 km-ko mendiko ibilbidea. Oinez egiteko diseinatua, baina mendian ibiltzea ohituta daudenentzat gomendatua.
  2. Olazar-Lorbide (4.5km): Erdi mailako mendi-ibilbidea, edonork oinez egiteko pentsatua. Ibilbidea Jaizkibelen hegoaldetik doa eta baserri ederretako auzoak zeharkatzen ditu. Nabarmentzekoak, antzinako animalientzako bideen aztarnak eta Plataiturri iturria.
  3. Altamira-Bordatxo (3.4km): Asfaltatutako ibilbidea, bizikletaz zein oinez egiteko prestatua. Ibilbideak Altamira zeharkatzen du eta landa atlantikoko lursail tipikoetatik zehar murgiltzen da, Darietazarra eta Miura bezalako baserri garrantzitsuenak pilatzen diren lekuetan. 

Herri inguruneko ibilbideak: herri ondarea protagonista

Ibilbide hauek Irisgarriak eta zailtasun maila txikikoak dira. Herria alde batetik bestera gurutzatzeaz gain, Lezo, Errenteria eta Pasaia ere biltzen dituzte, herri ondarea balioan jarriaz. Guztira, lau dira herri inguruneko ibilbideak:

  1. Lezo-Kaxko bidea (2.3km): Lezoko hirigune historikoa zeharkatzen duen bidea da. Herrian dauden balio arkitektoniko handieneko eraikuntzak batzen ditu ibilbide honek, baita herria koroatzen duen Lezoandia zuhaiztia, “Markesane”.
  2. Lezo-Pasai Donibane bidea (2.4km): Lezoko Kale Nagusitik abiatuta Pasai Donibanerutz doan bidea da. Behin Lezoko herria atzean utzita, ibilbidea Pasai Donibaneko “Puntetara” iritsi arte luza daiteke. Bide guztia Pasaiako badia albo batean izanik egiten da; ibilbide oso laua eta eguzkitsua.
  3. Lezo-Zuhaizti bidea (3.1km): Lezo herriguneko ipar-ekialdea zeharkatzen duen bidea da. Herriguneko bi zuhaiztik bat egiten dute paseo honetan: baratze parkekoak eta Xoxolurrekoak, alegia. Ibilaldi honetan aurkituko dugu, baita ere, Zubitxoko labaderoa.
  4. Lezo-Errenteria bidea (1.8km): Lezoko Donibane kaletik abiatuta, Errenteriaruntz doan bidea da. Ibilbide hau urbanoagoa da Lezoko zatian (Renferen geltokia arte) eta ondoren, bidegorria jarraituz, Arditurriko bidegorriarekin bat egin eta ibilbide luze eta menditsuagoa egiteko aukera ematen du.

Kasu honetan, landa eremuko ibilbideekin bezala, ibilbide horiek guztiak edonork egin baditzake ere, Udalak azpimarra berezia jarri nahi izan du adineko pertsonengan, zahartzaro aktiboa eta osasuntsua bultzatze aldera. Horrela, ibilbide guztiak irisgarriak eta lasaiak dira, oztopo arkitektonikorik gabeak, alegia.

Arloa edo saila