Metrominutu Lezo: oinez hobe!

Ar, 2022-06-14 13:42

Herriko desplazamenduak oinez egitea gomendatzen duen ekimena aurkeztu du udalak.

Herriko gune ezberdinen arteko distantziak eta oinez iristeko behar den denbora jasotzen duen planoa aurkeztu du Lezoko Udalak, metroetan erabiltzen den estetika duena. Jesus Mari Martiarena (Lezoko alkatea) eta Irlentz Ortega (Kirol zinegotzia) egon dira aurkezpenean.

 Herri barruko desplazamenduak oinez egitearen balioa indarrean jartzen duen ekimena da eta herriko erreferentziazko guneak jasotzen ditu planoak. Oinezko desplazamenduek eragina dute norberaren ongizate eta bizipozan, ingurugiroarekiko zaintzan, ibilgailu motorizatuak sortzen duten kutsaduran eta komunitate baten gizarte erantzukizunean.

Herriko gune ezberdinen arteko desplazamenduak egiteko behar den batez-besteko denbora minututan neurtua dago eta denbora horri kolore bat lotu zaio, irakurketa errazte aldera. “Metro” hitzarekin jokatzen da (neurria eta lur azpiko trena) eta hiri handietako metroaren estetikarekin jolasten da, baina indarrean jarriaz eta herritarrak animatuz  “norberaren energia” erabiltzea herriko desplazamenduak egiterakoan; hau da, OINEZ HOBE!

Metrominutu panelak herriko bederatzi guneetan jarri dira dagoeneko herritarrak oinez mugitzea animatzeko (Bekoerrotan Kiroldegian, Altzate Igerilekuetan, Anbulategian, Musika Eskolan, Herri Eskolan, Pasaia Lezo Lizeoan, Gurutze Santuaren Plazan, Plazeta Futbol Zelaian eta Aiton Bordan).

Horrez gain, aste batzuk barru “Lezoko ibilbide osasuntsuen” aurkezpena dela eta herritarrek etxean jasoko duten eskuorrian “metrominutu planoa” ere eskura izango dute.

Ekimenak bat egiten du Europar Batasuneko Agenda 2030eko oinarriekin eta ekintza hauekin Lezoko Udala herri aktiboago baten sustapen lanetan jarraitzen du, Muittulezo estrategian sakontzen, komunitatea erdigunean izango duen herri zoriontsuago eta proaktiboago baten alde.

OINEZ HOBE! Muittu!

Arloa edo saila