Kultur lokala eraberritzeko lanak amaituta

Az, 2018-03-28 12:53

Aurreikusi baino lehen amaitu dituzte lan nagusiak eta soilik barandak jartzea eta zenbait binilo ezartzea falta da lanak erabat amaitutzat emateko eta kultur taldeak lokal berrira lekualdatzen hasteko. Honela, urteetan arte eszenikoekin lotura duten kultur taldeen eskariari erantzuna eman zaio.

Dagoeneko amaituta daude kultur lokala eraberritzeko lan nagusiak. Izugarrizko itxura aldaketa izan du eremuak eta laster, azken barandak, biniloak eta abar jartzearekin batera amaitutzat emango dira lanak eta taldeak bertara lekualdatu ahal izango dira. Gauzak horrela, obrak urtarrilean hasi ziren eta lanak gauzatzeko 15 asteko epea bazuten ere, aurreikusitakoa baino lehen amaitu dituzte obrak.

Kultur lokalaren eraberritzea Udal gobernuak herriko kultura sustatzearen aldeko apustuaren baitan kokatzen da. Prozesu guztian zehar kultur taldeekin elkarlanean aritu da Udala. Lehendabizi lokala eskuratu zen herriko kultur taldeek non elkartu eta entseiatu izan zezaten. Kultur taldeekin lokalera bisita ere egin zen eta ondoren proiektua beraiekin batera landu zen, honek taldeen behar eta iritziak jaso zitzan.

Beraz, Udalak kultur taldeen behar eta eskariei erantzuna emateko garatu zuen proiektua eta, horiek kontuan hartuta, amaitu berri diren obren bitartez espazio desberdinak sortu dira taldeek bertan entseiatu dezaten eta materialak gorde ditzaten. Horrela, erabileraren araberako zoru ezberdinak ezarri dira eta aldagelak ere sortu dira. Gainera, elektrizitate eta telekomunikazio instalazioa berritu da eta energia eraginkortasunaren alde LED argiak ezarri dira. Horrez gain, lokalaren argiztapena hobetze aldera leiho berriak jarri dira eta taldeen erosotasunerako bi sarrera egokitu dira.

Lanak guztiz amaitutzat emateko barandak jartzea, leihoetan zenbait binilo jartzea eta abar besterik ez da falta.
Eraberritu den eremu honen bitartez Udalak arte eszenikoekin lotura duten herriko taldeei lanerako eremu egokia eskaini nahi die, horien behar eta eskakizunei erantzunez. Halaber, Kale Nagusia berpiztu eta herriko kultur gune ere bilakatu nahi da. Gauzak horrela, Udal gobernuarentzat ezinbestekoak dira tokiko taldeek egiten duten lana eta eskaintzen dituzten jarduerak, eta kultur lokalaren eraberritzea horiek babestu eta sustatzeko ahalegina da, izan ere, herriko taldeek lan izugarria egiten dute herriaren eta herritarren alde.

Kultur lokal berria ez da, baina, kulturaren aldeko apustuan legealdi honetan udal gobernuak aurrera eramandako proiektu bakarra, izan ere, Gezala Auditoriumean aldagela berriak ere eraiki ziren joan den urtean bertan antzezten duten bertako zein kanpoko taldeen erosotasunerako. Halaber, azken urteotan kultur jarduerei bideratutako diru partidak ere handitu dira, beraz, nabarmentzekoa da gobernuaren kulturaren aldeko apustua.

Lanak guztiz amaitzean, kultur taldeak eremu berrira lekualdatuko dira eta haien parte hartzearekin, noski, kultur lokal berriaren inaugurazioa egingo da.

Arloa edo saila